Zinema ez zen sekula mutua izan 

Zinema ez zen sekula mutua izan –

Bihar, martxoaren 2an Xabier Erkizia soinu artista izango da Zumalakarregi Museoan “Pour Don Carlos” proiektuaren baitan. 

Berlingo Zinema jaialdian saritu berria izan da laburmetraia baten soinu diseinuagatik. 

Zumalakarregi Museoan, “Pour Don Carlos” proiektuaren inguruan antolatu dituen ekimen osagarrien barruan, bihar asteazkena, martxoak 2an 18:30etan, Xabier Erkizia artistarekin solasaldia izango da. “Zinema ez zen sekula mutua izan” izenburua jarri dio ekitaldiari.

Zinema ez zen sekula mutua izan “Pour Don Carlos” filma mutua zen. Hari honetatik tiraka otu zitzaion Zumalakarregi Museoko lan taldeari zinema eta soinuaren inguruan hausnarketa bat egitea interesgarria litzatekeela filma honen alboko proiektuari bukaera emateko. Museoko kolaboratzaileen artean, zalantzarik gabe, ildo honetan sakontzeko aproposena Xabier Erkizia soinu artista da. Museoarekin aspaldiko harremana du eta Berlingo zinema jaialdian sari bat jaso berri, Ormaiztegin berarekin solasteko parada izango da.

Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) ikerlaria, soinu artista eta ekoizlea da. Entzumenaren kulturaren arloan egiten du lan, ikerlari independente gisara nahiz erakunde, kolektibo edo artista ezberdin askorekin elkarlanean. Musika konposizioak, soinu paisaiari buruzko ikerketak, soinu instalazioak, irrati lanak eta filmetarako soinu diseinu lanak egin ohi ditu. ERTZ ekitaldiaren arduradunetako bat da (1999-2018), Arteleku zentroko soinu departamentua zuzendu zuen (2002-2014) eta hainbat erakusketa nahiz egitaraurentzako kuradore lanak egin ditu. Bere lanak Europa, Asia, Afrika eta Europako hainbat herrialdetan aurkeztu izan dira. Audiolab elkarteko kide da. 

Xabier Erkiziaren hitzetan: “Zinemaren Historia, hizki larriz, begizkoa da nagusiki. Nolabait, zinemari, hainbat mendetan zehar margolaritzak bizkar gainean izan zuen irudiarekiko ardura oinordetzan hartu zuela onartzen diogunean, ikusentzunezko medio bati buruz ari garela ahanzteko joera izan ohi dugu. Baina nahi izanik ere, ikusentzunezkoan hezi garenok nekez uler dezakegu mutua den zinemarik. Gehienez ere, isilak diren filmak beha ditzakegu eta ondorioz, zinema soilik begiradaren afera dela ulertzearekin nahikoa eta aski izan ohi dugu. Egia ordea, bertzelakoa da, ze, egiazki sekula ez da zinema muturik izan. Proiekzio orok egiten du soinu eta ikusle orok entzuten du, filmak soinu banda izan edo ez. Beharbada, zinema gorraren historia berrikusteko garaia iritsi da”.

Bestalde, Xabierrek aurkeztu berri du Madrilen bere lehenengo filma “O Gemer”, garai bateko gurdien karrankaren inguruan garatzen ari den proiektu artistikoari lotua eta honen berri jasotzeko aukera izatea ere espero da.

Tertulian aurrez izen ematea gomendatzen dugu, parte hartzaile kopuru mugatua. Izen ematea posta elektronikoz eta telefonora deituz egin daiteke: 943 88 99 00 / 659 43 45 66.

Zinema ez zen sekula mutua izan 

XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzia zentroa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude