Asteko zinema estreinaldiak!

Asteko zinema estreinaldiak!

Estreinaldiak: Maiatzak 12

Asteko zinema estreinaldiak!

Egilea: Maialen Goñi

.

Rai (Paraíso)

Andrei Konchalovsky zinegile errusiar ezagunaren zuri-beltzezko film berriak II. Mundu Gerra osteko Alemaniara eramango gaitu. Hala, Olga ezagutuko dugu, Frantziar Erresistentziako kide den aristokrata errusiarra. Atxilotu eta espetxera eramango dute bi haur judu etxean ezkutatzeagatik, eta kartzelan Jules eta Helmutekin egingo du topo. Jules bere kasua aztertu behar duen funtzionario frantziarra da, eta Helmut duela urte asko Olgaren maitalea izan zen SSetako ofiziala. Filmak zuzendari onenaren garaikurra eman zion Konchalovskyri iaz Venezian, eta nazioarteko beste hainbat jaialditan ere saritu dute.

.

Zvizdan (Bajo el sol)

Kroaziatik, ostera, Jugoslaviako Gerren garaian girotutako maitasun drama helduko zaigu. Tihana Lazovic eta Goran Markovic aktoreek hiruna pertsonaia gorpuztuko dituzte filmean zehar, 1991n (gerraren hasieran), 2001ean (gerra amaitutakoan) eta 2011n (herrialdean festa eta lasaitasuna arnasten zirenean) maitemindu ziren hiru bikoteren istorioak kontatzeko. Kasu guztiek ezaugarri komun bat dute: bikotekideetako bat kroaziarra da, eta bestea serbiarra. Cannesko Un Certain Regard sailean epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuen Dalibor Matanic zinegileak berak idatzi eta zuzendu duen film interesgarriak.

.

Alien: Covenant

Ridley Scottek hirugarren atal bat gehitu nahi izan dio ospetsu egin zuen Alien filmaren sagari (berak zuzentzen duen hirugarrena da, bi berrienak 1979ko lehen atalaren aurrekariak, baina frankiziak kapitulu gehiago ditu). Katherine Waterston, Michael Fassbender, Demián Bichir, Danny McBride eta Noomi Rapace aktoreek hartu dute parte, besteak beste, ekoizpenean. Covenant izeneko espazio-ontziko tripulazioko kideak izango dira. Galaxiaren beste muturrean dagoen planeta bat kolonizatzeko eginkizuna dute, baina bidean baldintza hobeagoak (ura, airea…) dituen beste planeta baten berri izango dute; itxuraz, paradisua dirudi, eta bertan geratzea erabakiko dute. Baina planeta ezagutu ahala ohartuko dira, ez direla bertara heltzen diren lehen izaki bizidunak. Filmak 1979ko klasikoarekin antzekotasunak dituela aurreratu dute nazioarteko kritikariek.

.

Richard zikoina

Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, Richard zikoina animaziozko lana euskaraz estreinatuko dute Errenteria, Iruñea, Barakaldo, Durango, Bilbo, Donostia, Usurbil eta Gasteizko zinema aretoetan. Filmeko protagonista Richard da, zikoina familia batek hezi duen txolarrea. Bera ere zikoina bat delakoan dago, eta horregatik, Afrikarako migrazioa hasiko denean, senideekin joan nahiko du. Horretarako, baina, autobusak, trenak eta itsasontziak hartu beharko ditu Europa osoan zehar. Toby Genkel eta Reza Memarik zuzendu dute filma.

.

Shepherds and Butchers (Guardián y verdugo)

Heriotza zigorra zalantzan jarri zuen kasuan oinarritutako filma da, ordea, Oliver Schmitzek dakarkiguna. 1987an 164 preso exekutatu zituzten Pretoriako espetxean (Hegoafrika). Jon Weber abokatuak gertaera haiekin traumatizatuta geratu zen Leon espetxeko guardia defendatu zuen epaitegietan. Steve Coogan, Garion Dowds eta Andrea Riseborough aktoreek hartu dute parte proiektuan.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Asteko zinema estreinaldiak!

Euskal pantailaren gunea