[Zine Kritika] BlacKkKlansman

[Zinea] BlacKkKlansman –

Zinema aretoetara iritsi zaigu Cannes-eko Grand Prix saria irabazi ondoren Donostiako Zinemaldian Perlak atalean izan genuen Spike Lee (Do The Right Thing, Malcolm X) zuzendariaren azken filma.

Benetako istorio batean oinarritutako eleberri baten egokitzapena, 70. Hamarkadako eskubide zibilen mugimendu erdian kokatzen gaitu filmak. Ron Stallworth (John David Washington) gaztearen istorioa kontatzen du, Colorado Springs-eko Polizian sartzen den lehenengo afroamerikarra. Lanpostu berrirako balio duela frogatzeko, misio arriskutsu bat jartzen du martxan: Ku Klux Klan-ean infiltratu eta erakundea antolatzen ari den ekintza bat desestaltzea.

Gizon zuri baten azentua imitatuz, telefonoz egiten du lehenengo kontaktua Klan-eko  Walter Breachway (Ryan Eggold) ordezkariarekin eta honek Stallworth-en interesa ikusita KKK-en bilera batera gonbidatzen du.

[Zinea] BlacKkKlansman

Noski, Stallworth beltza izanda ezin izango da bilerara azaldu baina bere lankide bat bidaltzen du hitzordura, Flip Zimmerman (Adam Driver).

Hortik aurrera umorez eta momentu deserosoz zipriztindutako akziozko film bat ikusiko dugu non KKK mugimenduaren filosofia atzerakoi eta arrazista azaleratzen den sotilki baina nabarmenki. Ezagunak ditugun “America First” eta “God Bless White America” bezalako lelo ezagunak behin eta berriz entzuten ditugu filmean zehar. Erreferentzia hauek eta KKK-ren bilera batean D.W. Griffith-en  “The Birth of a Nation” filmaren proiekzioa dira zalantzarik gabe, Spike Lee-k gaur egungo EEBB-en egoera sozio-politikoari egiten dizkion keinu nabarmenenak. Eta paralelismoa ez bada argi geratu, amaiera bikain eta ausart bat oparitzen digu: 2017an Charlottesville herrian Unite the Right erakunde supremazista zuriak antolatutako manifestazioa eta ondoren gertatu ziren istiluen benetako artxibozko irudiak. Edozeini ileak zutik jartzeko moduko irudiak. Amaiera honekin, bi ordutan ikusi duguna fikzioa izaki, errealitatetik gertuago dagoen kontakizun bat dela konturatzen gara.

AIPAGARRIA:

Aktore lana bikaina baina batez ere Adam Driver (The Man Who Killed Don Quixote, Girls). Musika gogoangarria, batez ere dantza sekuentzia zoragarrian entzuten den Too Late To Turn Back Now eta Prince-n argitaratu gabeko Mary Don’t You Weep. 

IZARRAK:  4

TRAILERRA:

[Zinea] BlacKkKlansman  [Zinea] BlacKkKlansman

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus