[Zine Kritika] Varados

[Zine Kritika] Varados –

Aste aproposa aukeratu dut zineari buruzko ataltxo honetara bueltatzeko. Hiriburu gipuzkoarra glamurrez, aktore famatuez eta hauekin selfiak egin nahi dituzten fans histerikoez, eta batez ere filmez blai egiten den aste honetan zerikusi interesgarri ugari dago.

Aurtengo Donostiako Zinemaldiak mundu osoko zinegintza ekarri digu: Kanada, Txina, EEBB, Brasil, Mexiko, Errusia, Alemania, Frantzia, Txile, Hego Korea eta munduko beste hainbat  bazterretako kulturak ezagutzeko parada ematen digu 67. Edizioak.

[Zine Kritika] VaradosEuskal Herriko filmak ere ikusgai dira noski eta euskal zinea besarkatzen duen Zinemira atala ostiralean ireki zuen Varados filma dugu hizpide gaurkoan. [Zine Kritika] VaradosHelena Taberna zinegile Altsasuarrak iaz Zaporeak-en proposamena jaso eta Grezian dauden errefuxiatuekin elkarteak egiten duen lanaren inguruko film bat egiteko erronka onartu zuen. Helenak berak bezala, lantalde osoak musu-truk lan egin du 3 hilabete luzez Lesbos eta Atenasen filmatu zuten dokumental eder honetan. Baina Tabernak ez zuen publi-erreportai bat egin nahi eta elkarteak sortze askatasun osoa eman zionez, errefuxiatu talde baten egunerokotasuna bikainki erretratatzen duen gaurkotasun eta urgentzia handiko beharrezko lan hau entregatu digu.

Ia-ia behaketa dokumental bat izan zitekeen lan honetan Tabernak Grezian linbo burokratiko-politikoan bizi diren iraupen luzeko errefuxiatuak aurkezten dizkigu: Siriatik bere ilobarekin etorri zen elbarria, Kamerunen bere 3 seme-alabak utzita etorri zen bikotea, edo desesperazioak jota pentsamendu suizidak maiz izan dituen emakume afrikarra dira protagonistatako batzuk. Jamal Alkaed, Mohammad Ali Madanieh, Ahmad Miken, Aram Aziz, Leonie Amang, Rosalie Djemba. Izen-abizendun gizon-emakumeak. Garrantzitsua baita pertsona hauei izenak jartzea, egunero gure kaleetan edo telebistan ikusten ditugun etorkinei bezalaxe.

[Zine Kritika] Varados[Zine Kritika] VaradosDesesperazioa da hain zuzen pertsonai hauen ezaugarri komunetako bat, egoera injustu batek sortarazten duen desesperazioa. Errefuxiatu kanpamenduan 3 hilabete edo 3 urte pasako dituzun ez dakizunean eta zure seme-alabak hazten ikusi ezin dituzunean, eta pairatzen ari zaren egoera hobetzeko zuk ezer egin ezin duzunean. Guzti honek sortzen dizun desesperazioa.

Filmak begiak irekiarazten dizkigu, eta askotan ikusezinak bihurtzen ditugun errefuxiatu horiei eta bide batez, guk geure buruei so egitea behartzen digu. Eta ikusten duguna ez da gozoa.

Zuzendariak dokumental hunkigarria egin duen arren ez du sekula milikeriaren bide erraza hartzen, gobernu desberdinen migrazio  politika lazgarri eta gizartearen immobilismoaren gainetik etorkizun hobe bat lortzeko borrokan jarraitzen duten eta duintasuna gainezka duten errefuxiatuak aurkeztuz. Eta bere gogortasunean, Varados esperantzaz betetako filma dugu.

Donostiako Zinemaldian ikusteko aukerarik ez baduzu egon lasai, egutegian gorriz markatu urriak 4, egun horretan estreinatzen baita filma zine aretoetan.

IZARRAK: 4

TRAILERRA:

[Zine Kritika] Varados

Izaskun Arandia

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude