[Zine kritika] Oreina

[Zine kritika] Oreina –

Berrikitan parada ukan dut Oreina filma begiztatzeko Kanbon. Egia erran, Atalante-ko papera irakurri eta, ez nuen sobera gogorik filma ikusteko. Koldo Almandoz-ek -filmaren egileak- idatzi du: «Oreina ibaia filma da. Egiten ginuen bitartean  eraldatzen joan den pelikula» eta bukatzen du: «Itxaropena dut ikusleak L’atalante-n Oreina ikusiko duenean pantaila aurrean azaltzen dena ez zaiola ezezaguna egingo… Oreinan bizitzan bezala, guztia ez kontatzea, guztia ez jakiteko beharra bezain garrantzitsua da». Erranaldi horiek ez didate sobera gogorik eman, baina filma euskaraz zelako jakingurak ene baitan gaina hartu du.

[Zine kritika] Oreina

Labur bilduz filmaren mamia: Joxe eta Martin anaien ezin-ulertze eta elkar ezin aditzeengatik haien arteko harremanak jasangaitz bilakatu dira. Haien artean amildegi bat bezala bada. Ondoan, ikusten da Khalil, Saharako semea, haurra zelarik familiarekin Euskal Herrirat etorria bizitzerat. Ahal duena egiten du bizitzeko baina begi-bistakoa da gizartean ez dela integratua. Debekatua den arrantzan Joxe laguntzen du. Ez du ama ahanzten eta posible zaiolarik laguntzen du. Onartua duen bizi dorpe batean isilik bizi da, baina harro.

Lantegiek ibaia eta oihana inguratzen dute eta haien harrabotsa itogarri iruditu zait.  Hiritartasuna beti bortitza agertu zait.

Beraz, ez diot zinezko interesik atzeman. Egileak zer nahi zuen adierazi filma horretan? Jende baztertuen bizitza? Bakartasunan gertatu direnen bizia? Haien miseria sexuala? Jendartetik kanpo bizi direnen ezin aldatuzko eguneroko bizimolde hitsa? Euskal Herriaz duen  ikuspena?

Pertsonaien patuak iduri luke aspalditik iragarriak izan direla. Filman, solasaldi motz eta bortitzak, ingurumena etsai, sentimenduak eta harremanak gogorrak… Eta zergatik filmari eman dio «Oreina» izena? Orein baten burua trofeo bat bezala gela batean ikusten da. Filma bukatzen denean, Xinatar batzuk Joxeri oreina trofeoa erosten diote.

Filma esperantzarik gabekoa! Berekin dakar depresioa. … Edo zerbait huts egin ote dut?

Bestalde, harritu nauena da filma horrek Donostiako zinemaldian lehen saria irabazi duela. Erran nahi ote du beste filmek maila apalagoak zutela?

[Zine kritika] Oreina

2 pentsamendu “[Zine kritika] Oreina”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2019-04-23 19:20

    Egia erraiteko ez nintzan entseiatu filma analisatzen zuk bezainbat bainan orai nahikoa ados naiz zurekin.
    Zirrara deseroso bat utzi zidan. Iluna edo ” glauque” frantsesez erranen ginuen bezala.
    Gure auto estimua ez du batere haunditua ateratzen. .
    Hau zen egilearen xedea? baginuen beste beharrik.
    Ala nik ere zerbait huts egin dut zuk bezala?

  • Beñat Castorene 2019-04-23 19:23

    “Gure auto estimua ez da batere haunditua ateratzen”
    Zure anaiaren hurbiltasuna ezagutuz geroz, absolutuki zuzendu behar nuen.