[Zine kritika] El Árbol de la Sangre

Zine kritika El Árbol de la Sangre –

 Hasi baino lehen esan behar dizut film honekin ezin naizela inpartziala izan. Medem-en (ia) filmografia osoa maite dut eta bere filmen lehenengo fotogramatik bere unibertso berezian buru-belarri sartzen naiz, eta hor geratzen naiz, hipnotizatuta bezala. Beraz,  iritzi objektiboago baten bila bazabiltza, beste nonbait begiratu.

[Zine kritika] El Árbol de la Sangre - Ikusten dugun lehenengo gauza euskal paisai tipiko bat da, baserri bat lokalizazio bukoliko batean, mendiz eta berdez inguratuta, Anbotoren magalean. Eta baserriaren atarian sekulako zuhaitz hostotsu eder bat. Zuhaitza besarkatzera bikote gazte bat etortzen da.

Azken Medemkeria pieza txiki mordo batez osatuta dagoen puzzle zinematografiko bat da eta guk, publikoak, protagonistekin batera osatu beharko dugu.

El Árbol de la Sangre-k zuzendari donostiarraren hasierako zinemaren osagaia berak ditu: errealismo magikoa, sinbolismoa, sexua… eta abiadura bizian pasatzen den istorioak hasieratik harrapatzen gaitu eta  txundituta mantentzen gaitu 130 minutuz.

[Zine kritika] El Árbol de la Sangre -

[Zine kritika] El Árbol de la Sangre -

Hasieran zuhaitzera besarkatuta ikusi ditugun Rebeca (Úrsula Corberó ) eta Marc (Álvaro Cervantes) Euskal Herrira etortzen dira ahaide baten baserrira, elkarrekin partekatzen duten 25 urteko istorioa idaztera. Kronologikoki eta txandaka, bakoitzaren familiari jazotakoa deskribatzen dute, askotan besteak ez dakizkien datuak desestaliz eta sekretu ugari agerian jarriz. Gertaerak eta pertsonai amankomunak nahastu egiten dira, batzuetan jarraitzea zaila egiten den zuhaitz genealogiko korapilatsu honetan.

[Zine kritika] El Árbol de la Sangre -

Oso eraginkorra den muntaiaren bidez, kontakizunak iraganera eta orainera salto egiten du, gerra zibiletik hasita, 80. Hamarkadatik pasata gaur egunera. Eta denbora honetan bi familia hauek osatzen duten 10 pertsonaiak, maitasuna, traizioa, errusiar mafia, erailketa  eta buruko gaitzen artean mugitzen dira.

Zuzendari donostiarrak Euskal Herrian filmatu zuen azken fikziozko lanetik (La Ardilla Roja gogoangarria) 25 urte pasatxo badira. Medemek lehenengo aldiz amari eskaintzen dio filma da El Árbol de la Sangre, amaren aldetik jasotzen baitu bere euskal “adarra” eta filmak baditu Euskal Herriari eta euskal kulturari egindako keinu ugari. Eta errua, hain gurea den sentimendu hori, erabiltzen du filmaren pertsonai guztiak lotzeko, denak sentitzen baitira errudun iraganean egindako zerbaitegatik.

Zintzotasun ariketa bat da Rebeca eta Marc idazten ari diren liburua, eta “egi handiena” kontatzeagatik zenbat galdu dezakegun frogatzen da bikainki konpondutako amaieran.

Ni bezala Medem-en unibertso magikoan erraz murgiltzen zarenetakoa bazara asko gustatuko zaizu filma. Eta oso Medemzalea ez bazara ere, aktoreen lan bikaina (Najwa Nimrirena batez ere) ikusteko bakarrik bada ere, merezi du zinema aretora bisita.

IZARRAK: 4

TRAILERRA:

[Zine kritika] El Árbol de la Sangre

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus