Zerocalcare euskaraz, astro gurutzaketa bati esker

Zerocalcare euskaraz, astro gurutzaketa bati esker –

Farmazia Beltzak Zerocalcareren azken lana, “Macerie prime”, argitaratu du euskaraz. Lehen aldia da italiar marrazkilariaren lan bat euskarara ekartzen dela, kasu honetan kasik frantsesezko bertsioaren parean eta gaztelerazkoa baino lehen.

Gure gizartearen bibisekzioa egiten du Zerocalcarek komikian, gordin.

Zerocalcare euskaraz, astro gurutzaketa bati esker
Zapirain, Ubeda eta Izagirre, argazkilariari so.

«Ze astro gurutzaketa gertatu behar da gu besteen pare jartzeko eta gure hizkuntzan, gure unibertso txiki eta trakets honetan, halako deskubrimentuak egin ahal izateko?» galdetu zuen, hain zuzen ere, Zerocalcare frantsesez ezagutu zuen Garbiñe Ubedak, komikia aurkeztera emateko ekitaldian, astro gurutzaketa gertatu izanagatik pozik eta erantzuleak, David Zapirain eta Koldo Izagirre, ondoan zituela. Lehena, Farmazia Beltza argitaletxeko kidea, «gure kultur sistemaz futitzen den morroi bat» bezala aurkeztu zuen Idazleen Elkarteko lehendakariak, bigarrena, komikia itzultzeaz arduratu den idazlea, «joera estandar guztien gainetik dagoen idazle independente eta deserosoa».

Zerocalcare, Michele Rech (Arezzo, 1983) marrazkilari italiarraren izengoitia dugu. “La profezia dell´armadillo” (2011) -zinemara eramana- eta “Kobane Calling” (2015) dira fanzine eta punk-hardcore kontzertuetarako afixak egiten eskarmentua lortutako komikigilearen lan ezagunenetako batzuk. “Macerie prime”, azken lana, 2017ko azaroaren 14an argitaratu zen italieraz, eta urte bat geroago euskaraz dugu irakurgai: “Hondamuinean”.

Komikiak, David Zapirain argitaratzailearen esanetan, «gure gizartearen bibisekzioa egiten du; liburu bortitza da». Zerocalcare ezagutzen dutenek jakingo duten moduan, «moldean oso gordina da, errukirik gabea eta aldi berean umoretsua. Eta gordintasun hori kultura popularreko aipamenekin leuntzen du, ez baitu konplexurik bere iturriak aitortzeko; hor du xarma».

Bi dira “Hondamuinean” lanean ageri diren gai nagusiak. Batetik, narratzaileak (Zerocalcarek berak) «bere izateari uko egin gabe arrakastak eman dion bidea nola bizi duen kontatzen du, eta hori lotzen du, bestetik, bere lagunen egoerarekin, erabat prekarioa dena; esplizituki erakusten du horrek nola gaiztotzen duen giroa».

Zerocalcareren lana euskaraz argitaratu izana bezain azpimarragarria da, Farmazia Beltzako kidearen aburuz, «hizkuntza moldatzea zein latza izan den, eta horrek zer esan nahi duen euskal ekoizpen kulturalari dagokionez». Izan ere, ohartarazia zigun Garbiñe Ubedak: «komiki honek behar zuen [hizkuntza] estandarra gainditu eta kutsu undergrounda lortu, kale hizkera hori. Itzuli baino sortu beharra zegoen, justu euskaraz ez dauzkagun klabeak emanez, eta Koldo Izagirrek oso modu naturalean egin du».

Komikian hiru erregistro ezberdin agertzen dira, hizkuntzari dagokionez, eta hauek euskalkiarekin ezberdintzea errazegia litzateke, Koldo Izagirreren arabera. Lan hori fonetismora jeitsi gabe, kontrakzioen bitartez, hasierako bokalak janez… egiten saiatu da. «Ahalik eta leialena izan behar nuen, eta forma eta erregistro eskatalogiko, sexual eta matxista mantendu, politikoki inkorrektotik duena erakutsi. Froga bezala interesgarria izan da».

Komikia jatorrizko bertsioan plazaratu duen argitaletxe italiarraren eskuzabaltasuna ere eskertu nahi izan zuen David Zapirainek, euskarazko edizioa oso edizio duina dela gogorarazita, itailerazkoaren kopia kalitate eta formari dagokionean.

Zerocalcare berarekin zeharkako harremana baino ez du izan Farmazia Beltzakek -mezu trukaketaren bat-, marrazkilaria topera dabilela-eta. «Baina komiki honek bigarren parte bat ere badu, baliabideak edukiz gero argitaratu nahiko genukeena. Beharbada orduan izango da Zerocalcare gurera gonbidatzeko momentua». 

Zerocalcare euskaraz, astro gurutzaketa bati esker Zerocalcare euskaraz, astro gurutzaketa bati esker

ZUZEUko erredakzio kide