“Zero kilometroko” eskola

“Zero kilometroko” eskola – 

Cosgaya, Verdugo, Romero eta Cregorekin ez nuen ikastetxe bakarrik partekatu…

"Zero kilometroko" eskola
Argazkia: Annie Spratt

Beste arrazoi asko ere eman litezke gure seme-alabak eskola publikoaren esku uzteko, baina gaur erabaki hori defendatu nahi nuen, sarritan kontuan hartzen ez dugun beste argudio batean oinarrituz; hain zuzen ere, hurbiltasunarenean.

Eta ez, ez naiz hona iritsi hausnarketa sakon (egon badaude: Educación y proximidad: ¿Qué ganamos?, Joan Subirats) baten ondoren, esperientzia pertsonalagatik baizik; umetan bizi izan nuenagatik eta gaur egun ikastetxe publiko baten zuzendari moduan ikusten dudanagatik:

Cosgaya, Verdugo, Romero eta Cregorekin ez nuen ikastetxe bakarrik partekatu, baizik eta ikastetxe horraino doazen kaleak, Araceliko txutxe denda, sanjuan suak, Franco Belgako trenbide ertzak, uda bukaezinak eta Barakaldo hiri gisa amaitu eta lurralde berri bat zabaltzen zen zelai eta orube eremu majikoa. Gure eskola ez zen Bagaza Colegio Nacionalean bukatzen askoz haruntzago luzatzen zen.

Eskola, auzoko, komunitateko beste espazio hezitzaile bat gehiago baino ez da.

Izan eta sarritan sofritu genituen garai hartako maisuek ez zituzten jakin lotura emozionalak eta esperientziak aprobetxatzen, baina horiek izan ziren, zalantzarik gabe, konta daitezkeen prestakuntza-oinarririk onenak; horiexek dira behintzat noizean behin gure auzoan elkar topatzen dugunean Cosgayak, Verdugok, Romerok, Cregok eta seirok bereziki gogoratzen ditugunak.

Eta eskarmendu berbera bizi dute Trapagarango Burdinibarra BHIra goizero datozkigun neska-mutilok.

Aspalditik hitz egiten da hurbileko eskolaz. Nik gaur haratago joan nahi dut eta, elikaduran orain arte erabilitako esamolde bat kopiatuz, «0 kilometroko eskola bat» ere bultzatu, babestu beharko genukeela esan nahi izango nuke.

Eta ez bakarrik babesa ematea, baizik eta bere ingurunearekin, kokatzen den auzoarekin lan egitea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea.

Oso errespetagarria iruditzen zait, baina zailtasun handiz ulertzen ditut seme-alabak goizero autobus batera igotzea erabakitzen duten familiek, beren auzotik eta baita herritik urrun dagoen ikastetxe batera joan daitezen.

Oinarrizko kontraesan bat dago hor: eskola, auzoko, komunitateko beste espazio hezitzaile bat gehiago baino ez da.

Komunitate horretatik urrunduz gero…

 

BURDINIBARRA BHI
Zuzendaritza

Eskola…? Publikoa!!

“Zero kilometroko” eskola

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

4 pentsamendu ““Zero kilometroko” eskola”-ri buruz

  • Pello Santxez 2021-03-27 14:07

    Eta “zero” kilometroko ikastetxe horretan bizi zareneko herriaren kultura eta izaera bera bazterrera uzten badute?
    Hau da, zure haurrak kolonizatzaileek erabakitako edukietan hazten dituen ikastetxea, “zero kilometro” ikastetxea da?
    Euskal Herria ezkutatu eta Espainiaz mintzo zaizun eskola publikoa, nongo eskola publikoa da?

  • Nik, ordea, Barakaldoko auzo aski marginal eta espainol batekoa izanda, suerte handia izan nuen gurasoek, auzoko beste edozein bezain langileak eta beren umeengatik sakrifizio handiak egin zituztenak, ez nindutelako eraman 0 kilometroko eskolara. Hala izan balitz, egun, ziur nago, ez nintzateke euskaraz biziko, munduaren askoz ikuspegi hertsiagoa izango nuke, eta agian ez nintzateke bizirik ere egongo, ikusita nire adineko adiskide askok, alkohola eta drogak lagun, inora ez doan bidea hartu zutela. Esan gabe doa, jada ezin naiz haiekin elkartu umetako pasadizoak gogoratzeko.

  • Gabon, Pello:
    Lerro hauek auzoko eskolara doan mutil koadrila bat eta hurbiltasun horren abantailak besterik ez dute erakutsi nahi.
    Zure galderak kameraren objektiboa askoz gehiago irekitzen dute; nola erantzun ez dakidan galdera interesgarriak planteatzen dituzu.
    Elkarrekin haztearen alderdi pedagogiko, didaktiko hutsa aztertzen dut.
    Esker anitz zure iruzkinagatik.
    Agur bero bat.

  • Gabon, Gilen:
    Bai, zenbait auzotan eta garaitan, familia askok beste aukera batzuk bilatu behar izan zituzten, arrazoi osoz. Egoera hura, gainera, atzeraelikatu egiten zen ikaragarrizko segregazio sortzen. Gurpil-zoroa
    Zorionez eskola publikoak bilakaera handia izan du; 2021eko zero kilometroko eskola batez ari naiz, eta bertan aurkitzen ditudan bertuteez.
    Esker anitz zure iruzkinagatik.
    Agur bero bat.