Zer ulertzen duzu zeuk?

Zer ulertzen duzu zeuk?

Hendaiako etxe zahar batean, beheko su itzelezko baten buruan aurkitu dugu idazkun hau zizelkaturik. Baina ez dugu oso ondo ulertzen zer esan nahi duen. Lagunduko diguzu interpretatzen? Transkripzioa ere jarri dizugu.


“HORTZ ZORROTZ MACHINEKOENTZAT

MIHI GOCHO ELGARRENTZAT”

 

Zer ulertzen duzu zeuk?

Zer da “machinekoentzat” hori?

Aterako al duzu zeure baitako filologotxoa  plazara?

Airetik bizi naiz. Ia.

20 pentsamendu “Zer ulertzen duzu zeuk?”-ri buruz

  • Oier Aranzabal

    matxinatuentzat? errebeldeentzat?

  • Horrela, lehen begiratuan behintzat, ez du ematen protoeuskara denik, baina, gauzak dauden bezala egonda, nork jakin!

  • Ez da ba izango familien arteko tirabira bat? Matxinekoak eta Elgarrak?

  • Hondarribian “maxina” hitza edozein gailuri erreferentzi egiteko erabili ohi da eta noski frantseseko “machine”n du jatorria. Atxamarta edo maxina erabili izan dira bereizketarik gabe edozerri erreferentzi egiteko. Baita ere poliziak esku artean daraman armari erreferentzi egiteko.

    Nire ustez, edo behintzat inpresio hori eman dit lehen irakurketan, “machine” arma adierazi nahi du. Hau da, armatuei, indarra erabili asmoz datozenei, bakea apurtzera datozenei hortz zorrotz!!

  • ba iruditu zait, suaz mintzo dala, suaz ari dala hizketan (beheko sua izaki, zentzua leukake). eta esan nahi dula, suak hortz zorrotza daukala maxinekoentzat (etsaientzat, kanpokoentzat, deabruentzat… edo auskalo norentzat), eta aldiz, suak berak, mihi goxoa daukala etrxekoentzat, lagunentzat eta abar.

  • Peru Dulantz 2012-01-24 15:59

    Axier, “elgar” hori, gure “elkar” edo “alkar” dela esango nuke. Eta machine, ba, hori, makina izan liteke, edo etxe horretan eta (inguruetan?) hitz horri ematen dioten (zioten?) esanahia.

  • Matxinenearik existitzen da. Matxinena esan nahiko duela uste dut, Matxin pertsonarena alegia. Antzekoa litzateke Mattinenea. Beraz Matxinenean biziko zirenentzat opako zitzaizkien hortz zorrotzak nire ustez ere, Axierrek dioen moduan.
    “Elgarrentzat” aldiz, “elkarrentzat” izanen da. Hendaiako etxea izanik gainera, uste dut hori nahiko ziurra dela.

  • Eh… ea: Matxinenea, Matxin izendun pertsonarena nahiz matxina (makina) dagoen etxea ere izan daiteke.
    Hori bai, Axier eta nire teoria egia balitz, zeinen beltza bezain interesgarria! Bi etxeren arteko haserreagatik batak bere sutondoko habean bestea aipatu hortz zorrotzak opa izateko!

  • Lenago jarri detena zeatik jarri deten esplikatzearren:
    Matxinoa “ola langilea” ere bada, baina “matxingorri” deabruari esaten omen zaio. Matxinsalto hitzak ere, jakin nahiko nuke zeatik daukan “matxin” hori.

  • Amonamantangorri 2012-01-24 18:23

    Matxina, Orotariko Euskal Hiztegian:

    1. Ferrón, obrero de una ferrería. Cf. Lar: “Machín, así se llama en Bascuence a Martín entre los rústicos y olaguizones”. Cf. Or Eus 211: “Matxin” itzetik dator / zuzen “matxinada”. Kintaleko maillua / matxin batek dantza. Or Eus 210.

    2. “(V-m, Gc), nombre que se usa para llamar al carnero” A. Matxin akerra makerrakoren aker adar okerra baño. Mg PAb 176.

    3. Rebelde, sublevado. Etorri zinan 1936garrenean Matxin bat. Or QA 77.

    4. “Matxíña, el mazo grande de hierro de las ferrerías antiguas” Iz ArOñ.

    Alegia, su-garrak hortz zorrotzak bezala direla olako lanetan, eta etxeko sukaldea berotzen dutela mihi goxoen antzera.

    “elgar”-en horrelako erabilerarik ez dut ikusi Orotarikoan.

  • “elgarrentzat” “geuretzat” balitz bezela erabiltzea posible da?

  • Martin Bereau 2012-01-24 23:08

    Baigorriko geure amatxi zenak zera erraiten zuen: “Kaiserrari hagin zorrotz. Mariskalarekin beharri tente eta mihi gozo”. Aita zenaren azalpena: “Alemanari haginka, frantsesarekin kasu emazu”. Eta Pello Senpereko lehengusuak euskaldunak nola aritu behar duen azaltzeko, zera erraiten du aldiro: “Bortitz eta On”.

    Atzendutakoa: Amatxi zena “Maginot” delakoa aipatzen zuen auniztan. Norbaiten harropuzkeria salatu nahi zuelarik holako zerbait botatzen zuen: “Hi ere apalduko haiz, Maxinokoa gisan”.

  • Martin Bereau 2012-01-24 23:14

    Atx! Amatxi zena(k).

  • Sugarrak ote dira? Alegia, hortz zorrotza dute Maxinekoak direlako horientzat, zernahi direlarik ere (bertan dago asmakizunaren koxka), eta mihi goxo elkar laztantzeko edo… Bestalde, “elgar” ekialdeko euskalkien ohiko aldaera da: “gosez ez baina elgar maitez” hil behar ziren Imanolek eta Erramun Martikorenak zabaldutako “Maitiak galdegin zautan” kantuaren protagonistak, ezta?

  • TroelsLundsVej 2012-01-25 00:17

    Beste aukera bat: Garikoitzek hartutako haritik, “maxina” beheko sua bera izan daiteke (bertan idatzia dagoenez), eta hipotesi horretan, “machina” beheko sua bada, “machinakoak” janaria izan daiteke (esan beharrik da egongo ez garai batean beheko suaren funtzio nagusietako bat janaria prestatzea zela). Beraz, hortz zorrotz…

  • idazkuna Martinek dioenaren bidetik doalakoan nago ni. “Maginot/maxinoko”, berriz, Lehenengo Mundu Gerran Frantsesek Alemaniarren aurka, uste dut arrakastaz, antolatu zuten defentsa lerroaren izena dela.

  • Xehetasun ñimiñoa bada ere, Iparraldeko idazkera zaharrean “ch” erabilzen zen ez gaurko “tx”a irudikatzeko (horretarako “tch” erabiltzen zen, handik Etcheberry bezalako grafiak), baizik eta ixa edo ese bustia: idazkun honetan bertan “gocho” ( = goxo) dugu, eta Hendaiatik atera gabe Aiche Egina ( = Aixe egina) kale izen “chelebrea” topatuko dugu… Donostiako Loiola auzoan Maxinene izeneko etxea bat izan zen behiala, kasu. Bide batez, ba al dago jakiterik nola izena duen Hendaiako etxe horrek? Baina, bestalde, Pierre Landheren “Dictionnaire Basque-Français” delakoan “matxin-sukaldea” ironiatsua aurkitu dut: “Homme qui ne quitte pas la cuisine”, “sukaldetik aldentzen ez den gizona” alegia, hau da, gaztelaniaz “cocinillas” esan ohi zaien horietako bat (eta “cocinillas” itzulzeko, “martin-sukalde” ematen digu Sarasolak Zehazki hiztegian!)… Martinen goiko iruzkinak ikusirik, argi dago esaera zaharra dugula hemen, agian “sugarrak” aipatzeko: haiek hagin zorrotza dute -erre egiten dute- jendearentzat -izan Maxine(ne) etxekoak, izan gizon sukalde zaleak-, eta mihi goxoa elkarrentzat, goxo-goxo elkar laztantzen baitute. Se non è vero…

  • Politak zure esplikazioak Martin!

  • Matxinoak burdinolako jabeak dira, bertan lan eta bizi direnak, Pio Barojaren Urtubiko Damaren istorioan.

  • Amonamantangorri 2012-01-25 18:00

    Martinen bidea erakargarria da arruntean: Hendaiako idazkunaren antzeko esaerak badirela erakusten digu.

    Hala ere, “Maxinokoa” (Maginot-koa) eta “maxinekoa” gauza bera izan al daitezke?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude