Zer dakigu trap musikaz?

Zer dakigu trap musikaz? –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean, C. Tangana traperoak Bilboko Aste Nagusian etzi damu zuen emanaldia Udalak bertan behera utzi duela-eta.

Zalaparta handia sortu du astean zehar gaiak: Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren eskaerak kontzertua bertan behera uzteko, plataforma digital batean milaka sinadura ordu gutxitan…

Egia da giroa ez dela samurra Bilbo aldean, duela astebete inguru neska batek salatu baitu sei gizonezkok bortxatu zutela.

Irakurri ditut hainbat iritzi (laburrak gehienak, luzeak gutxi batzuk), hainbat lagunekin egin dut berba, zerbait hausnartu eta zuentzat beste munduko ezer izango ez diren lerro hauek idatzi ditut, baina niri ideiak ordenatzeko balio izan didatenak.

Ez zaizkit zerrenda beltzak batere gustatzen eta uste dut bide arriskutsua zabaltzen dela hortik. Zuriak ere, zer nahi duzue esatea? Nork eginak, ze irizpiderekin eta abar.

Kulturaren eremu instituzionalean aritzen naiz lanean eta askotan aipatu izan dugu apenas eskaintzen zaiela ezer eremu horretan gazteei. Kultur programazio orokorraz ari naiz: antzerkia, dantza, zinema, musika. Horrela jarraitzen badugu, presta gaitezen.

Zer dakigu trap musikaz?
Gorpuzkingz.

Iritsi da beraz gure buruari galdetzeko zer dakigu trap musikaz? Nik ezer ere ez. Eta nire kintako, baita ni baino dezente gazteagoa den jendea entzunez, esango nuke orokorra dela ezjakintasuna. Gure garaikoa bai ona marmita nostalgikotik atera ezinik, makina bati entzun diot (eta ni ere erori naiz gaitz horretan hainbat aldiz) reggaetoia eta trap-a ez direla ez musika eta ez ezer. Gure gurasoak bezala: kanpotik begira, behiak trena nola, trapa eta reggaetoia.

Gustatuko litzaidake une batez 15-16 urte izatea eta jakitea zer pentsatzen duten adin horietako gazteek piztu den polemika honen inguruan.

Bi musika mota daude: ona eta txarra. Eta hor ez da estilo konturik. Hots, estilo guztietan daudela musika txarrak eta onak.

Musika ona zer den guk erakutsiko diegu gazteei? Guk badakigulako? Eseri eta atera palomitak gure porrotaren tamaina ikusteko.

Podiotik jaitsiko bagina, agian inguruan ditugun gazteek erakutsiko ligukete badaudela kontuan hartzeko artistak eta musikak.

Euskal trap musikaz gauza gutxi topatu ditut sarean: 2017an agertu zen Gorpuzkingz (duela gutxi elkarrizketa bat irakurri nuen, Argian bertan, oker ez banago, baina bilatzaileak ez du topatzen) eta 2018ko urrian Sad Nigiri ezizena erabiltzen zuen norbait.

Estatura (chez Borboia) salto eginez gero, bi neska trapera hemen: lehena Bad Gyal, bigarrena La Zowi.

Entzun dituzue neskak? Ados. Goazen orain C. Tanganarekin. Kontatu didatenaren arabera Habanan eginiko bideo hau Havana Club konpainiak pagatu du. Hau da, Kubako gobernuak. Omara Portuondo eta Eliades Ochoa (Cuarteto Patria) musikari beteranoak agertzen dira bertan. Hainbat aldiz ikusi dut bideoa eta trapa zein doinu kubatarrak nahasten dituen kanta ederra iruditzen zait.

Jarraitu beharko dugu gehiago entzuten, gazteei hau kaka dela esanez ez baitugu ezer lortuko.

Egun hauetako txio eta artikulu esanguratsu batzuk.

Zer dakigu trap musikaz?
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude