Zentsura. Pitilinak eta Jesukristoak

Zentsuratutako irudiakGiza-ergelkeria munduan barrena geroz eta azkarrago hedatzen ari dela argi dago. Edozein aitzakia zilegi da artelan bati “kontuz! Iraingarria da” etiketa jartzeko eta berehala baztertzeko. Alde batetik, Facebookek Nirvana taldearen Nevermind diskoaren azalaren irudia kendu du sare sozialeteik “Facebooken klausulen kontrakoa delako”. Eta bestetik, katolikoek Meridako Jaialdiko erakusketako argazki bat kentzea eskatu dute “kristautasuna erasotzen duelako”. Urrutiegi ez al dira joan?

Nirvanaren Nevermind disko ezagunaren azalean, haurtxo bat agertzen da urpean biluzik, dolar bateko billete baten atzetik igerian. Diskoaren 20. urteurrenean,  Zuckerberg eta konpainiak diskoaren irudia musika taldearen fanpageatik kentzea erabaki dute “Facebookek ez duelako onartzen gizabanakoa edo taldeak erasotzen dituen argazkiak, ezta biluziak, drogen kontsumoa eta indarkeria erakusten dituzten argaziak edo bestelako erabilera baldintza urratzen dituzten irudiak”.

Bestalde, Meridako Jaialdiko Camerinos argazki-erakusketako argazki batek hara joandako kristauak  eskandalizatu ditu. Jaialdiko zuzendaritzak herritarrek sinatutako hainbat mezu elektroniko jaso ditu “irudiak kristauak erasotzen dituela” salatuz. Hori dela eta, argazkia kentzera behartu dituzte.

Sergio Parraren argazkian Asier Etxeandia aktore bilbotarra ageri da Jesukristo bezala karakterizatuta taula gainera atera baino minutu batzuk lehenago, makillatzaile batek azen ukituak ematen dizkion bitartean. Etxeandia biluzik dago eta pubisa Jesukristo gurutzean erakusten duen irudi batekin estaltzen du.

Camerinos erakusketa antzerkiari egindako omenaldia da, non mundu horretan lan egiten dutenen bat-bateko argazkiak biltzen dituen. “Argazkiak momentu jakin batean gertatzen ari zena besterik ez du jasotzen, aktoreak paratuta ere ez daude. Nire begiekin ikusitakoari bakarrik atera diot argazkia”, dio Parrak.

Bidegabea? Gehiegizkoa? Iraingarria? Norberak atera ditzala ondorioak.

Zer duzu buruan “Zentsura. Pitilinak eta Jesukristoak”-ri buruz