Zenbat da 8 bider 7?

 images.jpg

Txikiak ginela, buruz jakiten genuen dozena bat telefono: izebarena, bizpahiru lagunena… Kilkerra poltsikoan dugunetik, ostera, jada ez dugu zenbakirik gordetzen buruan. Gutako askok eta askok ez dakigu geure telefono zenbakia zein den ere, eta begiratu behar izaten dugu kilkerraren memorian.

Kalkulagailuak irten zirenetik, kamustu egin zaigu eragiketa matematikoak egiteko gaitasuna. Lehen buruz egiten genituen denak. Orain zatiketa txoro bat egiteko ere ez gara gauza. Zenbat da 113 zati 9? Gauza bera lehenago buruz ikasten genuen hainbat eta hainbat jakintzarekin. Zertarako ezer ikasi dena baldin badago gugelen? Zertarako geografia jakin hor baldin badira gugelmaps eta enparauak? Non dago Kamerun? Zenbat neurtzen du Everestek? Nor zen Katalina, Errusiakoa? Egizu klik eta kito.

Artikulu arras interesgarria irakurri berri dut  Internetek gure neuronetan duen eraginari buruz. Ematen du luze eta sakon irakurtzeko gaitasuna ari garela galtzen, azalekoaren mesedetan. Ikusteko dago horrek guztiak hobea ala zakilagoa egingo duen gizakia, hipotesi desberdinak baitaude bazterretan. Izanak izan, ordea, jada dena da zatikako irakurketa, fragmentarioa deitzen den hori, eta egundoko konfidantza daukagu biologikoak ez diren tresnetan: internet, telefonoa, kalkulagailuak, agenda elektronikoak… Kolpe bakarreko begiratuak irabazi dio irakurketa eutsiari, motzak luzeari, irudizkoak letrari…

Lasai, beraz, idazle jator hori, inortxok ere ez irakurtzearena ez da zeure errua. Ez zara hain txarra izatez. Garaiak dira, zure egitekoa zilipurdikatzen dutenak. Apurtxo bat egokitu beharko duzu, dena xehetuta eman, coitus interruptus etengabeko batean, edo, nahiago bada, starlux pastillaz osatutako mazedonia koloretsu baten moduan, baina zure egitekoa ez da oraindik finitu. Segi, bada, lasai lotan. Potxolo.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)