ZAZPI proiektua, nire historia kontatzeko bidaia bat

ZAZPI proiektua, nire historia kontatzeko bidaia bat –

ZAZPI proiektua, nire historia kontatzeko bidaia bat

Kaixo!

Mikel Lizarralde naiz eta 2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zidaten.

Akaso telebistan entzun dituzun 2 hitz dira “esklerosi anizkoitza”. Sentsibilizazio kanpainan omen gaude.

Baina, ez pentsa, gaitza izatea ez da telebistan dirudien bezain cool-a.

Gaitz sendaezin, neurologiko, degeneratibo eta kronikoa da. 20-40 urteko gazteen artean desgaitasuna sortzen duen arrazoietatik bigarrena da, trafiko-istripuen ostean.

Medikuak esklerosi anizkoitza neukala esan zidanean zaplada bat jaso nuen. Latza.

Pentsatu nuen berehala etorriko zela nire gainbehera. Azkar amaituko nuela gurpildun aulkian.

Baina, oraingoz, ez da horrela izaten ari.

Ospitaletik etxera etorri berritan ikaragarri lagundu zidan prentsan irakurri nuen elkarrizketa batek. Gaitza izan arren saskibaloian jokatzen duen Asier de la Iglesia zumarragarrari eginiko elkarrizketa zen.

Ate bat ireki eta esperantza eman zidan.

Horregatik partekatzen dut nire historia.

Diagnostikoa jasotzen duen hurrengo gazteak ez dezala nik eduki nuen beldurrik izan.

Izan ere, nire ingurukoen eta kirolaren laguntzaz hasierako beheraldiari buelta ematen hasi nintzaion. Gurpildun aulkian amaituko nuela pentsatzetik Zegama-Aizkorri mendi maratoia egitera pasa nintzen urtebetean.

Heroismorik gabe, diot. Eta ZAZPI proiektuarekin nire historia kontatzen nabilen honetan ere heroismotik ihes egin nahi dut.

2021ean “Nire erreferenteak” elkarrizketa-sortarekin bizitzan kolperen bat jaso duten beste pertsona batzuen esperientziak ezagutu eta partekatu nituen. Orain nire txanda da.

Kamera aurrean geldi-geldi nire historia kontatu beharrean, mugimenduan eginiko kontakizuna izaten ari da. Lehen kapituluetan diagnostikoa eta gaitza izan nuen hizketagai.

Orain bidaia bat egiten dihardut, Euskal Herrian zehar.

Web, bideo eta podcast bidez ari naiz kontakizuna eraikitzen, eta dena Zazpi.eus webgunean aurkitu dezakezu.

Bidaiaren lehen lau etapen kontakizunak partekatu ditut jada aipaturiko webgunean. Hemen, adibide gisa laugarren etapako laburpen-bideoa.

Zatoz nirekin eta gozatu dezagun egindako bideaz.