Zaldi urdina(k) ikusten

Zaldi urdina(k) ikusten –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Ostiralean Egiako Gazteszenan egon nintzen «Zaldi urdina» ikusten. Eta aulkitik hotz altxatu banintzen ere, gaur astelehena da eta oraindik bueltaka ari dira hainbat kontu nire buruan. Beraz, nire kasuan behintzat, unean bertan eztanda egin beharrean handik ordu batzuetara lehertzen diren artefaktu horiek bezalakoa izan da antzezlanaren efektua.

Zaldi urdina antzezlanaren bost emanaldi eskaini dituzte urriaren 23tik 27ra Egian Artedrama, Axut! eta Dejabuk. Horretaz gain, beste bi saio egin dituzte goizez ikasleentzat hilaren 24 eta 25ean. Egunero bete egin dute aretoa (lau aldiz agortu zituzten sarrerak) eta guztira 1600-1700 ikusle pasa gara Egiatik.

Nik dakidala, ez dago Euskal Herrian hauek bezala lan egiten duen konpainiarik (hiru taldeak batu egingo ditut zentzu honetan): sortze-prozesua kolektiboa da, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak kontatu bezala.

Eta niri hauek Egian ikustea gustatzen zait, emanaldiaren ondoren Gazteszenako barrak aukera ematen duelako tragoxka bat hartzen duzun bitartean aktoreekin eta zuzendariarekin solasean aritzeko. Beraiek daude barra atzean, txandaka, eta modu erraz eta xume honekin lortzen dute jendearengana (gehiago) iristea. Hori eta beraiek zein aretoak urte hauetan guztietan egindako lana.

Gaur egungo istorio bat kontatzen da: mutil gazte bat koma egoeran geratu da zaldi urdina izeneko droga hartu ondoren eta 17 urteko Aingeruk hanka egin beharko du poliziak hura harrapatu aurretik, beraien ustez Aingeru baita trapitxeroa. Bost kiloko pakete baten atzetik doa polizia (ustela gehitu beharko diogu) eta familia (amona, gurasoak, alaba, Aingeruren lagun bat zein herriko aguazil zurruteroa) saiatuko da Aingeru haiek baino lehen atzematen.

Aipatutako elkarrizketan egileek hiru obra aipatzen dituzte antzezlanaren garapenean: Justo Arriolaren A los pies del caballo, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta The Corner telesaila. Ez ditut lehen biak irakurri, ezta hirugarrena ikusi ere.

Antzezlanean ez da argi eta garbi adierazten, ahots asko baitaude, baina Justo Arriolaren tesia da Euskal Herriko kaleetan heroina sartzea estatuaren operazio bat izan zela gazte errebelde eta politizatuak desmobilizatzeko. Tesi horrek, halere, aurkari sendoak ditu artikulu honetan ikus daitekeenez: Heroína y Transición: ¿narcóticos de Estado o síntoma de una sociedad rota?

Era berean, Pablo Varela historiagilea doktore-tesia ari omen da egiten eta berak dioenez ez omen dago froga bakar bat ere demostratzen duenik Euskal Herrian Espainiako estatuaren planik egon zenik droga gurean sartu eta gazte borrokalariak desmobilizatzeko.

Hori alde batera utziz, antzezlanak balio du drogen kontua berriro mahai-gaineratzeko (garai bateko istorio zaharrak etxeko sukaldeetatik ateratzeko eta gizarteratzeko).

Antzezte kontuetan aditua ez banaiz ere, bi elementu eszeniko aipatu nahiko nituzke hemen: ispiluen erabilera eta aktore bakoitzak haragizko txotxongilo gisa egiten dituen mugimenduak.

Antzezlanaren bira hasi besterik ez da eta makina bat bolo izango ditu Euskal Herriko bazter askotan. Emanaldien berri Zaldi urdina webgunean.

Segi, ikusi eta ea zer iruditzen zaizuen.

Zaldi urdina(k) ikustenZaldi urdina(k) ikusten

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude