Yayo Herrero (“Los Quinquis”-en zuzendaria): “Gaur egungo filma egin nahi dut, baina iraganari keinu eginez, gauzak aldatu egin baitira, baina ez hainbeste”

Yayo Herrero (“Los Quinquis”-en zuzendaria): “Gaur egungo filma egin nahi dut, baina iraganari keinu eginez, gauzak aldatu egin baitira, baina ez hainbeste” –

Yayo Herrero, zinegilea, eta Mintxo Díaz, Dynamite Films-eko ekoizlea, La Incubadora (The Screen) programan jasotzen ari diren laguntzari buruz mintzatu zaizkigu. Bertan “Los Quinquis” proiektua garatzen ari dira, Espainiako hiri-inguruetako hainbat gaizkileren istorio errealak jasoko dituen filma, zuzendariaren ikuspegi pertsonal eta hurbiletik abiatuz. Egiazko egoerak premisa gisa hartuta, egungo film bat egin nahi du, “baina iraganari keinu eginez, gauzak aldatu egin direlako, baina ez hainbeste ere”.

Yayo Herrero ("Los Quinquis"-en zuzendaria): "Gaur egungo filma egin nahi dut, baina iraganari keinu eginez, gauzak aldatu egin baitira, baina ez hainbeste"

Nola sortu zen ideia?

Yayo Herrero: Ideia bururatu zitzaidanetik denbora asko pasa da. 2017an egin nuen lehen filma, eta, ondoren, zer proiektu landu pentsatzen hasi nintzen. Bidegurutze batean ikusi nuen nire burua; izan ere, egin ditudan film labur eta luzeek urruneko gaiak islatu dituzte. Nire film laburretako bat institutu amerikar batean girotuta zegoen, eta beste bat Balkanetan. Hain zuzen ere, nire lehen filma Balkanetan gertatzen zen, eta proiektua bukatzean, ziklo bat itxi nuela sentitu nuen. Hurbilago nituen gaiak jorratzeko gogoa sentitu nuen, bizi izan ditudan esperientziei lotuxeagoak. Kinki-en munduari buruzko istorio bat egitea bururatu zitzaidan. Ni ez naiz bizi izan auzo kinki batean, baina nire aitak fiskal gisa lan egin zuen Oviedoko kartzela batean 80. eta 90. hamarkadetan, eta kinki-ekin harremana zuen. Izan ere, haien familiak maiz etorri ohi ziren gure etxera aitari laguntza eske, senideen zigorrak murrizteko.

Egoera nahiko bereziak bizi izan ditugu; batzuek lortzen zuten zigorrak berrikustea, baina beste batzuek ez, eta haserretu egiten ziren. Anaia bikia eta biok egoera haien lekuko izan ginen txikitan. Gainera, 11 edo 12 urte inguru genituenean, 80ko eta 90eko hamarkadetako heroinaren azken astinduak bizi genituen… Nerabezaroan errespetu handia nion mundu horri; bertatik urrundu nahi nuen. Azken urteotan, batez ere aita hil zenetik, gai horretara itzultzeko gogoa piztu zait; gaiarekin adiskidetu naiz. Inoiz ez naiz “kinki zinema”-ren jarraitzaile izan, baina azken hamar urteotan arreta erakarri dit, asko.

Proiektuaren lehen fase honetan, urte haietako filmeren bat ikusi al duzu?

Y.H: Bai, bada film oso mitiko bat, Carlos Sauraren ‘Deprisa, deprisa’, eta, urteak igaro ahala berrikusi dudanean, nire etxera gerturatzen zirenak gogoratu ditut. Bisitan etortzen zitzaigun mutil baten antz handia du protagonistak, gainera. Film oso ona iruditzen zait; musika-planteamendu izugarria du, eta, nolabait, nire pelikulak asko zor dio Sauraren lanari. Nik egungo testuingurura eramango dut nire istorioa, 80ko hamarkadara itzultzea ez zaidalako interesatzen. Gaur egungo filma egin nahi dut, baina iraganari keinu eginez, gauzak aldatu egin baitira, baina ez hainbeste.

Zer ekarpen egingo du film luze honek?

Y.H: Irakurritako istorioak bildu ditut, eta aitak espetxeetan zegoen jendeaz kontatzen zizkidan anekdotekin nahastu ditut batzuk. Nire ekarpena filmari emango diodan ikuspegi pertsonalean dago, kinki-en istorioak bi bikiren begiradaren bitartez azaltzen baititut. Ikuspuntu subjektibotik lantzen dut gaia, ez hiperrealismotik.

Yayo Herrero ("Los Quinquis"-en zuzendaria): "Gaur egungo filma egin nahi dut, baina iraganari keinu eginez, gauzak aldatu egin baitira, baina ez hainbeste"

Zergatik erabaki zenuten Dynamite Films ekoiztetxean ‘Los Quinquis’ filmaren aldeko apustu egitea?

Mintxo Díaz:Yayok buruan zituen proiektuen artean, honen alde apustu egiteko une egokia zela ikusi genuen. Garai batean boom-a izan zen gaia berpizten ari dela dirudi, eta filmak funtzionatuko duela uste dugu. Hainbat proiektu ildo horretatik doazela entzuten ari gara, eta badirudi generoa indarra hartzen ari dela berriro ere. Beraz, lanari heltzeko momentua dela uste dugu. Egiten ari garen ibilbidea da gure bermea. Joan den urtean Torino Film Lab-en egon ginen, orain La Incubadoran sartu gara… Pixkanaka, proiektua sendotzen ari da.

Y.H: Proiektua Dynamite Filmsekin egitearen gauzarik politena zera da: ekoiztetxea familiakoa dela. Nire bazkideak anaia bikia eta lehengusua dira, horrelako istorio bat kontatzeko izan ditzakedan bazkide onenak. Hala ere, prest gaude aurrerago jende gehiagorekin elkartzeko, baina niretzat oso garrantzitsua zen abiapuntua intimoa izatea. Bai arlo artistikoan, baita produkzioan ere.

M.D: Beti saiatzen gara nolabaiteko sormen-askatasunarekin lan egiten, eta, horregatik, proiektua guk garatzen hastea da onena. Gero, pixkanaka, non kokatzen dugun ikusiko dugu. Baina Yayok dioenez, proiektua handitzen bada, ahalik eta gehien hazten lagunduko digun hori bilatuko dugu, posible dugun film onena osatzeko.

Horrelako ekoizpen batean, zein izan daiteke zailtasun handiena?

Y.H: Artistikoki casting-a dago. Funtsezkoa da, ahalik eta autentikoena izan behar duelako. Autentikotasunaz hitz egiten dudanean, ez naiz film hiperrealista batez ari; izan ere, istorioa oso ikuspegi pertsonaletik kontatzen saiatuko naiz, baina sinesgarria behar du izan. Gure erronka euren burua antzeztuko duten pertsonaiak aurkitzea da. Gidoiaren seigarren bertsioa daukat jada. Oso landua dago, baina ziur naiz kaleko aktoreak aurkitzen ditugunean berridazten jarraitu beharko dugula. Kaleko jendearekin lan egin nahi dut, aktore profesionalak ez diren pertsonekin.

Nola garatzen ari da filma? Zer oztopo edo zailtasun dituzue?

M.D: Horrelako proiektuetan beti sortzen dira arazoak. Gaur egun, lehen hesiarekin egin dugu topo: bi hilabete egon gara etxean, gauza asko aurreratu gabe. Baina, bestalde, pozik gaude La Incubadoran egiten ari garenarekin. Yayo Nacho Vigalondorekin ari da lanean, eta proiektua hazteko laguntza handia ematen ari zaigu. Hain zuzen, gidoia asko osatu da aurreko bertsiotik azken honetara. Eta, ekoizpen-mailan, Mediaproko Marisa Fernández Armenteros dugu mentore. Arazoak? Betikoak. Filma nola finantzatu ikusi behar dugu, eta casting-arekin uda honetan hasi nahiko genuke. Protokolo horiei guztiei aurre egin beharko diegu, eta filmatzen hasten garenean, hemendik urtebetera, zer gertatzen den ikusi.

Y.H: Nik uste dut dirua lortzea dela erronka handienetako bat, edo proiektua ulertzen duten bazkideak topatzea.

M.D: Ekoizpenean dugun erronketako bat bilatzen dugun autentikotasun hori kontakizun erakargarri eta entretenigarriarekin uztartzea da, ikusleen arreta geureganatzeko.

Zertan izan zaizue bereziki lagungarria La Incubadora proiektua? Zer harreman duzue mentoreekin?

M.D: Duela gutxi, adibidez, Europa Creativa-ren deialdi batzuetara aurkeztu gara, eta Marisak laburbiltzen lagundu digu, kontuan hartu beharreko zenbait gauza ikusten, baita behar bezala hausnartzen ere. Filma nola komertzializatu dugun pentsarazi digu eta gure ikusleen profila zehaztera ere bultzatu gaitu. Lan-prozesu horri esker, ekoizpenaren arloan kudeatu beharko ditugun gauza askori aurrea hartu ahal izango diegu. Proiektuari denbora asko eskaintzen ari gara, eta, gainera, babesa ematen digun taldea dugu atzetik. Oso atsegina da Marisa, baina gauzak zuzen-zuzen esaten ditu. Niretzat eskertzekoa da hori, ondo baitago tarteka zartada bat jasotzea, merezi baduzu.

Y.H: Nacho apartekoa da! Izan ere, tailer askotan gidoia berrikusi eta beren iritziak transmititzen dizkizute, edo zure proiektuaren inguruko zalantzak adierazi, baina ez dizute irtenbiderik ematen; zuk bilatu behar duzu. Nacho bezalako sortzaile batekin lan egiteak, berriz, abantaila asko ditu, behar duzun laguntza eskaintzen baitizu. Kritikak ekarpenak dira beti, errespetuz eginak, berak badaki-eta zer den gidoi bat idaztea. Oso garrantzitsua da erabiltzen dituzun hitzak kontrolatzea sortzaile batekin hitz egiten duzunean, harengandik onena atera ahal izateko. Ni, kritikarako oso irekia naiz, ez dit axola, baina koma bat aldatzen zaienean haserretzen diren pertsonekin lan egin dut. Horregatik, kontu handiz ibili behar zara. Gidoiaren hirugarren bertsioarekin hasi nintzen eta seigarrenarekin nago, eta ez naiz kexatu. Proposatu dizkidaten ideia guztiak hartu ditut, ez bakarrik Nachorenak, baita Marisa eta Mintxorenak ere.

Nola eragin dio koronabirusak proiektuaren aberaste prozesuari?

Y.H: Pertsona askok esan didate: “zu ezin zara kexatu; etxean idazten jarrai dezakezu”.  Alde batetik egia da, baina esan beharra dago idazketa ez dela paper edo ordenagailu baten aurrean eseri eta idazten hastea; ez zaizu dena jarraian ateratzen. Idazten hasi, gero beste gauza batekin jarri, eta, ostera, egindakoa berrikustera bueltatzen zara… Niretzat idazlea eskultore batekin aldera daiteke; denbora asko eman behar duzu lana leuntzen, eta testua mila aldiz berrirakurri behar duzu. Egia esan, denbora behar izan nuen pandemiak ekarritako testuinguru berrian lanean jarraitzera ohitzeko.

Monty Pythoneko John Cleese-ek esaten zuen gidoi bati edo sormenezko zerbaiti ezinezkoa zaiola bi ordu baino gehiagoz fruitua atera. Horrek ez du esan nahi egunean soilik bi ordu lan egingo duzunik. Nik, normalean, hiru txanda egiten ditut. Pandemiaren arazoa izan da itxialdian egon garela, eta ordenagailuaren aurrean ordu gehiago egoteagatik ez duzu lan gehiago aurreratuko.

M.D:  Bestalde, hainbat laguntza-deialdiren administrazio prozesuak bertan behera gelditu ziren, eta hartu behar ditugun neurri guztiek aurrekontuan nola eragingo duten ere ikusi beharko dugu. Gauza asko aldatuko dira, eta oraindik ez dakigu ez nola ezta zertan eragingo duten ere.

La Incubadorak ate berriak ireki dizkizuela uste duzue?

Y.H: Nik uste dut baietz, ekoiztetxearen presentzia indartzeko baliogarria zaigula. Gure ideia da filma egiteko behar dugun dirua lortzea edota beste ekoiztetxe batekin elkartzea; beti ere, gure proiektua ulertu eta Dynamite Filmsen ikuspegia errespetatuko duen batekin, noski.

M.D: La Incubadorak ematen duen ikusgarritasuna ere oso garrantzitsua da. Oso zaila da hura bezalako programa batean sartzea, 200 proiektu inguru aurkeztu eta soilik bost aukeratu baitzituzten. Hortaz, hautatua izateak interesa duten ekoizleen jomugan kokatzen zaitu.

Y.H: La Incubadorari esker, gure proiektua gizartean existitzen da, eta hori ez da gutxi. Gaur egun dena saski-naski bat da: pelikula asko egiten dira, baina oso zaila da horiek gizartean ezagutaraztea, komunikabideetan agertzea. Nire lehenengo filma Netflix-en partaidetzarekin egin nuen, eta oso pozik nengoen, baina egia da gero lortzen duzun oihartzuna ez dela zinema-aretoetan aurkezten duzunean bezalakoa. Ez da ez hobea ez txarragoa; ezberdina da.  Alde batetik, filma egitea ziurtatzen duzu, baina, beste alde batetik, zinemetara ailegatzen diren filmak dira gizartearentzat ezagunenak.

Zeintzuk dira proiektuak eman behar dituen hurrengo urratsak?

M.D: Egutegi logikoa jarraituz, hurrengo udaran hasi nahiko genuke errodajea. Gidoiaren azken bertsioa prestatzen ari gara, baita finantzazio-estrategia garatzen ere. Hurrengo hilabeteetan casting-ean murgilduko gara, baita kokapenak bilatzen ere. Horrez gain, uda bukaerarako teaser-a prestatzeko asmoa dugu, aukera izanez gero, baina gauzak nola doazen ikusi beharko dugu. Udazkenean, berriz, telebistei aurkezten eta koproduktoreak bilatzen hasiko gara.

Beste proiekturik ba al duzue esku artean?

Y.H: Nik bi gehiago ditut. Zinemagile batek ezin du proiektu bakar batean lan egin; alternatibak eduki behar ditu eskuragarri. Garapenean daude lan biak, eta, beraz, ezin dut xehetasun handirik eman.

M.D: Orain dokumental baten postprodukzioa egiten ari gara, eta udan zehar bukatzea espero dugu. Mirza Delibasic Bosniako basket jokalari ohiari buruzkoa da. Era guztietako arrakastak eta porrotak bizitzea egokitu zitzaion; dena irabaztetik karrera uztera behartua ikusi zuen bere burua, 29 urterekin garuneko isuria izan baitzuen. Eta, gero, gerra bizitzea ere tokatu zitzaion… Uda bukaerarako egongo dela uste dugu. Bestalde, animaziozko film labur bat garatzeko asmoa dugu.

Yayo Herrero Yayo Herrero Yayo Herrero

Zineuskadi

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude