XXVIII. LIZARDI SARIA, CASTILLO SUAREZENTZAT

Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXVIII. edizioa. Idazle nafarrak Ebelina Mandarina lanarekin lortu du saria. Haurrentzat idazten duen aurrenekoa da, hain justu. Bederatzi lan aurkeztu dira 2009ko sariketara, eta Suarezena aukeratu du Jesus Mª Olaizola Txilikuk, Miren Agur Meabek, Xabier Mendigurenek eta Ruben Ruizek osatutako epaimahaiak. 3.700 jasoko ditu sari gisa, eta ohi bezala, lanaren 2.400 ale argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak, herriko ikastola eta ikastetxeetan banatzeko. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2010eko apirilean. Zorionik beroenak eman nizkion atzo gauean, epaia jakin bezain laister, irabazleari. Idazle gazteentzat erakusleiho bikaina izan da Lizardi Saria historikoki. Castillo Suarez, gaztea izateaz gain, emakumea ere bada, eta aipatu beharreko kontua dela uste dut, irabazle gehienak gizonak izan baitira. Era berean, sariak euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa azpimarratu nahi dut. Azken hiru urte hauetan aurkeztutako lanen maila orokorra oso altua izan da. Frogetako bat duela gutxi izan dugu, 2007an irabazle izan zen Ruben Ruizi literaturako Euskadi Saria eman baitzioten, Zarautzen aurkeztutako Anekdotak lanarekin. Espero dugu Suarezen lanak ere ibilbide oparoa edukitzea eta irakurzaletasuna pizteko balio izatea.Lizardi Saria haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan izen eta garrantzi handienetakoa duen saria da. Lehiaketa honek duen ospea azpimarratzeko, ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda, besteak beste: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal, Xabier Mendiguren Elizegi…

Castillo Suarez (Altsatu, 1976) Euskal Filologian lizentziatua. Administrazioko langilea da ogibidez, euskara teknikaria, hain zuzen ere. Bere literatur lanari etorrita, batik bat poesia idatzi orain arte. Zenbait poema-sorta saritu eta argitaratu dizkiote Iruñeko Udalak Amodio galduak (1999), Bitaminak (2000) eta Arabako Foru Aldundiak Iragarki merkeak (2000), Madarikazioa (2003); horiez gain, orain arteko bere bildumarik osatuenak Mugarri estaliak (Susa 2000), Spam poemak (Elkar 2004), Bala hutsak (Elkar 2006) eta Souvenir (Elkar 2008) izan dira (azkena Elkar fundazioaren Joseba Jaka VI. literatur bekari esker burutua). Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da, besteak beste, Argia eta Berria. Ebelina Mandarina da haurrei zuzendua idatzi duen lehendabiziko lana. Zorionak !!!!

Castillo Suarez idazlea.

Irudia | Castillo Suarez idazlea. | Imanol Lasa | Creative Commons By SA
castillo suarez, euskara, lizardi saria, Zarautz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude