Xirimiri taldeak irabazi du Kameratoia

Larunbat honetan, maiatzaren 26an, bukatu da KAMERATOIA, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, 100 lagunetik gora bildu ziren parte hartzaileen lanak ikusi eta irabazleen izenak jakiteko.

Sari banaketa

Lehenengo saria (1.500€), Xirimiri taldeak jaso du, “Ondoezik” lanarengatik. Bigarren saria (1.200€), M-taldearentzat izan da, “Goitik behera” ikus-entzunezkoarekin. Eta hirugarren saria (900€), “Koproskilos eta Unai” taldeak lortu du, “Zuhaitzaren Eguna” film laburrarekin. Oier Plaza (bideogilea), Hibai Castro (dokumentalgilea) eta Rosa Martin Sabaris (EHUko irakaslea) izan dira aurtengo epaileak.

Xirimiri taldea, 1. sariaLehiaketaren zortzigarren edizioa Gernika-Lumon izan da, eta 40 gazte inguruk hartu dute parte. Bost egunetan, 3 eta 8 minutu bitarteko ikus-entzunezkoak ekoiztu dituzte gazteek. “Goitik behera” izan da aurtengo gaia, eta herriko ezaugarri batzuekin osatu behar izan dituzte lanak.

Emanaldian, Benito Ansola Sarien berri izan zuten bertaratuek. Ikus-entzunezkoak ekoizteko 4.000€-ko bi sari banatuko dira, eta proiektuak irailaren 28ra arte aurkeztu daitezke.

Hemen daukazue Xirimiri taldearen lana:

Gainontzeko parte hartzaileen lanak kameratoiaren webgunean dituzue. Ikusi!