“Xenda bi ez duk lizentzi”, aspaldiko euskal nobelarik nobelena?

Xenda bi ez duk lizentzi, aspaldiko euskal nobelarik nobelena?Juan Luis Zabalaren bidez izan nuen Ibai Mendinueta Mintegi, donostiar, giputx, “euskara orotako”aren nobelaren berri (apirilaren 21ean Berrian argitaraturiko Mila orrialdeko abentura artikuluan). Bi kapitulu baino ez ditut irakurri oraindik, baina inpresioa dut euskal literaturaren monumentu baten aurrean egon ote naitekeen, eta abisu eman nahi nizuen, baezpare, oraingoan, eta halakorik bada, niretzako bakarrik gorde nahi gabe altxorra eta bitxiak (22 kapitulu dira denera). 1.051 orrialde. Euskarazko inoizko nobelarik luzeena ere bai?

Liluratuta utzi nau lehen bi kapituluetako hizkerak, narratzeko moduak, aberastasunak, hurbiltasunak, freskotasunak, egiatasunak, literaturtasunak, sinesgarritasunak, …

Tasun gehiegi seguru asko 1.050 orrialdetan zehar bere horretan gordetzeko (agian ez, hala ere), irakurtzen jarraitzera deitzen dutenak, eta banoa laster horretara.

 

Argitaletxerik gabe

Liburua ez omen diote argitaratu nahi izan argitaletxeek, euskara batuan ez dagoelako.

Ez bide dituzte gogoratzen (ezagutzen ere ez seguru asko, eta onartzen ere ez?) Mitxelenak berak esaten zituenak EGANen jada 1962an ere “euskara batua” eta nobelagintza edo “fizkzioaren” arteko harreman elkorrez (maiz antzuez?):

“Eleberria baita hain zuzen ere, edo “fiction” delakoa orobat, izan daitekeen lurrik elkorrena nolanahiko batasun saioendako. […] [Irakurleari] [b]erea ez duen euskalkia, beraz, astun eta nekagarri bazaio ere, ez zaio gogaikarri, pozkarri baizik, eta are liluragarri. Zer gertatzen zaio, berriz, ez arrai ez haragi, ez berea ez besterena, ez duen hizkerarekin? Zenbait nahasteren beharrean gara noski euskal literatura, eta bide honetatik gabiltza, batera edo bestera, aspaldi honetan.”(Idazlan guztiak, Liburuak 2, 94 or.

Mitxelena orduan “bere euskara batuan-edo” idatzitako Oskillasoren “Kurloiaz” ari da, eta aurretik eta ondotik, Erkiagaren bizkaierazko lanez, Aita Zabalaren “Auspoa”ko euskalkietako lanez, Larzabalen lapurterazko antzerkiez, Labaienen gipuzkerazkoez, … Mitxelenak hala ere zinez gomendatzen du Oskillasoren nobelaren nobelatasuna eta bere hitzak ekarriko ditut gure Ibai Mendinuetaren lan berri hau (ere) (gor)aipatzeko:

“Ez du inon aurkituko (irakurleak) bixigarri hoberik jateko gogoa gehitzeko. (…) haize berririk ekarri du eta haize berririk ekar dezake aurrerantzean (…) gure eleberrira.”
Nola lortu
Liburua argitaletxeek argitaratu gabe, ez da internetez baino lortzen ahal, zuzenean autoreari eskatuta (ilbeltz@hotmail.com), edota bestela Donostian, HONTZA liburudendan (Okendo, 4; tfnoa: 943428289; tati@hontza.net.).

Xenda bi ez duk lizentzi, aspaldiko euskal nobelarik nobelena?