[Kafe Aleak] Xabier Gantzarainek Family

[Kafe Aleak] Xabier Gantzarainek Family –

[Kafe Aleak] Xabier Gantzarainek Family

.

Family

“Un soplo en el corazón(Elefant Records, 1993)

.

Bihozkirria

Umetako ipuinak bezala hasten da hau ere: lehengo batean, duela hamasei bat urte edo, mendira joan ginen Sutsu, Pui, Jota eta ni, pare bat gau pasatzera.

[Kafe Aleak] Xabier Gantzarainek FamilyIzarraitz atzean bada Ixkiturri izeneko iturri bat, eta haren azpian, zuloan bezala, borda bat, garai batean ardiak gordetzeko erabilitakoa, gaur mendizaleen aterpe bilakatua, haurrek marrazten dituztenak bezalako teilatu batekin, beheko sua beste erosotasunik gabe, porlanezko zorua, leiho ñimiño batzuk, eserleku eta etzaleku izan daitekeen aulki luze bat hormari atxikia. Parajea bera ere ez da beste mundukoa, baina badu zerbait bere arruntean, gurutzez betetako gainak baino erakargarriagoa egiten duena. Borda luzea eta zapala da, alboan zuhaitz sendo eta luze bat nabarmentzen da, harrizko bordaren ondoan plastidecor marroiz eta berdez margotua ematen duena, porlanezko mahaia eta aulkiak ere baditu kanpoan, mendizaleak atseden hartu eta mokadu bat egitera esertzeko, meta putzu bat, gizakirik ageri ez denean basabereek ura edateko baliatzen dutena. Borda zokoan dago, zuloan bezala, iturrian behera hartu eta, zaldi gorrien putzurako joan-etorriek egindako bideari jarraituz, hamar minutu behar dira, garo artean barrena, bertara iristeko. Ez nuke esango paisaia ederra denik handik ikusten dena, baina gu ez ginen joan paisaiari so egotera. Zertara joan ginen? Egon lasai, oraintxe kontatuko dizut.

Gure ikasle pisuko sofa urdina zen. Lehen urtea nuen etxetik kanpo. Bost mutil ginen. Presio-eltzean prestatzen zuten pasta bikiek, eltzea jiratu eta pieza bakarra erortzen zen azpilera, bost zati egin, tomate potea hustu gainera, eta kito, horra afaria. Ez geneukan denborarik sukaldean galtzeko. Beste edozertan bai, ordea. Sutsuren bitartez ezagututako Rockdelux aldizkaria erosten nuen nik hilero, eta diskoen kritikak irakurtzen nituen, musikariei egindako elkarrizketak, zernahi, baina batzuetan, txori kantuak entzun beharrean ornitologia liburuak irakurtzen ari nintzela iruditzen zitzaidan, eta haserretu egiten nintzen neure buruarekin, baita aldizkariarekin ere, eta azkenean, neure buruari agindu nion ezetz, ez nuela gehiago erosiko, baina ezin izan nion tentazioari eutsi, eta aurreko urteko diskorik onenen zerrendak zetozen alea erosi nuen, han, Leioako kiosko galdu batean, euripean, haize hotza hezurretaraino sartzen zitzaidala.

Buruz ari naiz, baina oker ez banago, Portishead taldearen Dummy izan zen nazioarteko (munduko) diskorik onena, eta estatuko (Espainiako) disko onenaren saria, ex-aequo, Cancer Moon taldearen Moor Room lanarentzat eta Family taldearen Un soplo en el corazón diskoarentzat. Hirurak erosi nituen.
Harrezkero, nire disko kuttunen artean daude. Batzuetan ondo etortzen dira ornitologia liburuak.

Txori kantuei asko erreparatu gabe egin genuen gorako bidea; Sutsu eta Pui gehiago, baina Jota eta ni ez ginen batere mendizaleak, amorrua ematen zigun euskaltasunaren eredu horrek, ez genuen ulertzen kristautasunaren gailurra nola maite zuen hainbeste jendek (tartean ezker abertzaleko asko eta askok):
aldapan gora izerdia eta gibela bota ondoren dator gailurra, arnasa, bakea: sufritu gabe ez dago gozatzerik. Bidea da helburua eta gisako lerdokeriei barre egiten genien. Helikopteroan bertaraino eramango bagintuzte, gu pozak zoratzen. Baina ez gintuzten eraman, eta bide osoan “asko falta al da?” eginez lagunak aspertu ostean, azkenerako eurak gehiago nekatu ziren gu baino. Iritsi ginen halako batean, eta hotelik dotoreena bezain ederra iruditu zitzaigun harrizko borda. Hasia zen iluntzen.

Txotxak bildu genituen, adar lodiren bat edo beste bilatu, aurrekoek utzitako enbor zati bat zegoen beheko suaren ondoan. Udara gainean zen, baina ez zuen batere berorik egiten, hoztu egingo zuen gauean, goizean ihintza. Sua piztu genuen. Isilik zegoen mundua. Lau pila handi behar zituen irrati-kasetea zorrotik atera, Familyren diskoa eta La Buena Vidaren kantu batzuk (tartean En bicicleta) zeuzkan zinta hartu, eta suaren inguruan eseri ginen. Gaua gainera noiz eroriko geunden. Bertan geneuzkan izarrak eta limoiak.

Zilarrezko paperean bilduta eraman genuen, kartoi zati txiki bat zen, bizikleta baten irudia zeukan, lehen aldia zen, beldurtuta geunden, eta irrikak jota, elkarri begiratu genion hitzik egin gabe, laurdenaren erdia jan genuen bakoitzak. Jotak ez zuen jan, aingeru bat behar genuen, badaezpada. Begira-begira geneukan: kezka, maitasuna eta jakin mina erakusten zuten bere begi urdinek. Isilik geunden; ahosabaiaren kontra eduki behar zela esan ziguten. Bidaia hastera zihoan. Jotak play botoiari sakatu zion.

Gaua begietan lehertu zitzaigun, puztu egin ginen, izarrak sartu zitzaizkigun barrura, kabitu ezinda geunden, maitasuna ginen, dantzan egin genuen, barre etengabea ginen, baso ilunen gainetik egin genuen hegan, zaldi gorrien gainean ibili ginen, Portugaleko bihotzera egin genuen joan-etorria, musker bilakatu ginen, Familyren zinta jira eta bira ibili zen bitartean. Sutondoan hartu gintuen loak. Gau hura oroitzen dudan bakoitzean, bihozkirria egiten zait.

.

Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Xabier Gantzarainek Family Xabier Gantzarainek Family Xabier Gantzarainek Family Xabier Gantzarainek Family
diskoak, Family, Kafe Aleak, musika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude