Walter Benjamin, Paul Klee, auzoko txakurra eta laurok

Walter Benjamin, Paul Klee eta hirurok

Walter Benjamin, Paul Klee, auzoko txakurra eta laurok

Poz handia hartu nuen, itzultzaile talde batek Walter Benjaminen zenbait lan euskaratzeko lana hartu zuenean, musutruk, gainera. Beti ihesi ibilitako autore bat izan da niretzat Benjamin, baina haren liburuek noizbait nire eskuetara erori behar zutela ere beti jakin izan dut, hainbeste aldiz agertua baita beste autore askoren aipamenetan.

Gainera banekien pentsamentu garaikidearen aztertzaile finenetakoa ageri dela oraindik ere bere idatzietan eta, batez ere, artea eta artegintzaren inguruko pentsamendu interesgarri ugari egindakoa ere badela. Halakoen zalea naiz nerabezarotik, gainera. Gure artekoa argi zegoen, beraz.

Paul Klee: Angelus Novus, 1920
Angelus Novus

Hala bada, Olentzero partikularrak ekarri dizkit euskaratutako bi liburuok eta irakurtzeari ere ekin diot opor egun hauetan. Zinez gauza ederrak aurkitu ditut bertako lerroetan, literaturaz, historiaz, denboraren iragaiteaz eta, esan bezala, artearen inguruko hainbat eta hainbat aipamenez.

Hala ere, aitortzen dut, gogortxoa egin zaidala hainbat testuren irakurketa, bai kontzeptuen sakoneragatik eta baita terminologia zail eta idazkera beragatik ere. Zenbaitetan krisian ere jarri nau irakurketak, mendi gailurrera iritsi ezindako mendizalea bainintzan, ezindu bat, alegia.

Hara, nik Paul Kleeren lana aspalditik ezagutzen eta maite dut. Haren erakusketa zenbait ikusitakoa naiz hemen eta han, eta munduko museo handienetan urrutitik antzematen ditut haren lanak hormetan zintzilikaturik. Garai batean neronek egiten nituen artelan usteko haietako bat, Paul Kleeren meloia deitzen da haren omenez… Esan nahi dudana da, Klee ez zaidala arrotz, ez eta ere haren Angelus Novus izeneko margoa ere.

Nik koadro horretan zer ikusten dudan kondatzea ez da oso interesagarria, ez baitoa haur aurpegia duen aingerutxo baten ikuskizunaz baino askoz harago. Niretzat ez da hau Kleeren lanik maiteenetakoa, baina harritu nauena, Walter Benjaminek koadro honetan ikusten duen guztia da. Horregatik erabili dut lehenago ezindua hitza neure burua definitzeko orduan, ailegatu ezina aitortzeko unean. Eta jakin nahi dut neu ote naizen bakarra ala zeuri ere antzeko zerbait gertatzen zaizun, zeu ere ezindua ote zaren Benjaminen alboan.

Filosofoak haluzinatzekoa den  zerbait edan edo erre ote zuen ere pentsatzen jarri naiz, Mikel Babianok itzulitako haren lerroak irakurri ditudanean. Nola liteke koadro bakar batean Benjaminek hainbeste gauza ikusi edo asmatzea, neu itsu nagoen bitartean?

 

(Oharra: jakingo duzu, baina irakurketa errazte aldera, aurri= ruina, ruine)

walter-benjamin
Walter Benjamin idazlea

“Bada Kleeren koadro bat, Angelus Novus izenekoa. Bertan aingeru bat ageri da, aurrez aurre ikusten duen zerbaitetik urruntzear dagoela dirudiena. Adi-adi ditu begiak, irekita ahoa, zabalik hegoak. Itxura hori izan behar du historiaren aingeruak. Iraganaren alderdiari eskaintzen dio aurpegia. Guk gertakari katea ikusten dugun lekuan, katastrofe bakarra besterik ez dago harentzat, etengabeko aurriak aurrien gainean pilatu eta bere oinetara botatzen dituena. Aingeruak geratu egin nahi luke; hildakoak esnatu eta suntsitutakoa konpondu. Baina paradisuan piztu den ekaitza bere hegoekin ere nahaspilatu da. Hain da ekaitza bortitza, ezen aingeruak ezin baititu hegoak itxi. Ekaitz horrek bizkarretara duen etorkizunerantz bultzatzen du ezinbestean, haren aurrean aurriz osaturiko mendiak zeruraino hazten jarraitzen duen bitartean. Garapen izendatu ohi duguna da ekaitz hori“.

Nola liteke ezer ez dagoen tokian beste batek hainbeste ikustea?

content_foto-paul-klee-key-visual_content
Paul Klee artista

Esaten dute bai, inuitek hamaika zuri-klase ikusten dutela guk bakarra dakusagun lekuan. Halakoren bat izango da: Benjamin da istorio honetako inuita eta ni turista akzidentala baizik ez.

Aztoraturik eman ditut egunak eta, agian horregatixe, amets egin dut bart. Edo amesgaizto, ez dakit zer esan, Paul Klee agertu baitzait koloretako laino karratuen artean.

Badakit luze jardun garela, baina ezin dut xuxen esan zertaz. Cezanneren obsesioez mintzatu gara eta, baita ere, Kandisnkyrekin Hendaian egon zenekoaz eta zurrunbiloan joan zaizkigun beste hamaika konturi buruz ere bai…

Kafe bat egin eta eskaini diot. Estimatu du, urrutitik zetorrela esanda, eta bere omenez egin nuen koadroa erakutsi diot segidan, poztuko zelakoan. Irri oker bat egin du eta ez dudala deus ulertu esan dit, arteak badituela bere menpekotzak eta horiek gabe jai dagoela. Ez naizela horretarakoa. Ez dut asmatu zer erantzun. Mutu geratu naiz, segur bainintzen koadro hura berarentzako modukoa zela, baina ez, antza.

Halako batean galdetu diot ea irakurri ote duen Walter Benjaminek bere koadroari buruz idatzi zuena eta ea horiek guztiak zituen berak buruan Angelus Novus margotzerakoan.

Begira-begira geratu zait erantzun sakon bat emateko prest balego bezala, baina nola diren gauzak, kamarada, auzokoaren oilagor txakurrak egin du zaunka istant horretan eta nolaz eta klarion bat erditik apurtzen den, halaxe apurtu da nire ametsa, krak.

Walter Benjamin, Paul Klee eta hirurok
Paul Klee, Walter Benjamin
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Walter Benjamin, Paul Klee, auzoko txakurra eta laurok”-ri buruz

  • Pello Eizagirre 2016-01-03 20:53

    Wikipediako Walter Benjamini buruzko orrian badaude Aingeru Novoz azalpen argigarriak.
    Paul kleeren akuarela Benjaninek erosi zuen. Zenbat gogoeta, barru-hizketaldi, aburu, bere gogotik zeharkatu ziren, margolanaren aurrean!.Historiaren kontzeptuaz (1940) idatzian agertzen dena ez da bakarra, dirudienez.
    “Testu horretan historiaren filosofia garatzen du Benjaminek. Bertan ageri da Angelus Novus edo historiaren aingeru famatua. Angelus Novus Paul Kleeren akuarela bat da, Benjaminek erosi zuena eta bere obran hainbatetan aipatu zuena.”

    https://eu.wikipedia.org/wiki/Walter_Benjamin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude