Veleia, Elexpuru eta profanook

 Veleia, Elexpuru eta profanook

Veleia, Elexpuru eta profanook

Euskararen jatorriaz zuen izenburu  Juan Martin Elexpururi entzun diogun hitzaldiak. Elgoibarren Gotzon Garateren omenetan antolatutako ekitaldiaren barnean izan da eta uste dut inoiz ez dela hainbeste jende bildu hitzaldi batera areto horretan: mukuru zegoen eta aulkiak ekarri behar izan dira nonbaitetik.

Kontua da han mundu guztiak zekiela ez dagoela euskararen jatorriari buruzko ezer berririk, baina gustura entzuten dira Elexpuruk esaten dituenak. Duela 20.000 urte edo, seguru asko, bertan sortua dela euskara, Garona ibaiaren euskal izena izan daitekeela, Gares eta abar bezala. Eta hitzak ez duela zertan etorririk latineko et kopulatibatik. Arbola hitza ez dagoela argi latinak guri ala geuk latinari emandakoa den, etc. Kontu polit askoak denak.

Nolabait esateko, hizkuntzalaritzaren ikuspegi abertzalea da —edo euretako bat—, Elexpuruk eskaintzen duena, hastapenetik jo baitu abisua: ez pentsa zientzia ere ez denik politika, edo antzeko zerbait. Ikusten da Elexpuru pozik dela euskaldun izateaz eta, zer demonio, ez du lotsarik linguistek esandakoa, beste linguista batzuek esandakoarekin eta berak uste duenarekin jendaurrean alderatzeko.

Veleia, Elexpuru eta profanook
Jendez lepo, hitzaldia. cc-by-sa: hec

Hitzaldian zehar gainpasa egin dio Veleiaren kontuari, baina adi geundenok, gai horixe nahi genuen, batez ere. Eztabaidaren unean, Veleiakoa izan da errege. Eta Elexpururi entzun dizkiogun batzuk laburbiltze aldera, zera:

1- Ostrakak faltsuak direla esan duten filologoek, (EHUko Gorrotxategi, Lakarra, Blanca Urgell…) fonologian oinarrituta bakarrik egin dute hori. Ez linguistikaren gainerako jakinbideak erabilita.

2- Hector Iglesiasek gaiari buruz idatzi eta argitaratu duenetik, ostrakak benetakoak direla eta filologoenak goitik behera botaz, isildu egin dira hizkuntzalarien ahotsak interneteko foro eta abarretan.

3- Veleiakoan beste mota batzuetako espezialistak ere behar dira: arkeologoak, historiagileak eta linguistikaren beste esparru batzuetatik ere begiratzen dutenak (ez fonologiatik soilik).

4- Karbonoaren froga egin behar litzaieke hezurrezko inskripzioei, harrizkoei ezin baitzaiei halakorik egin. Ez litzateke hain garestia eta forentsikako frogak egitea ere ez, giza arrastoak ba ote dauden ikusteko.

5- Arabako Diputazioa, alde bateko kereilantea izaki, ez da egokiena ostrakak gordetzearen arduraduna izateko (Elexpuruk ez omen daki non/nola dauden ostrakak gordeta). Epailearen ardura behar litzateke izan.

6- Ez da normala Eliseo Gil eta bere taldea tratatu ziren bezala tratatzea, arkeologo eredugarri izatetik, bandido izatera. Alderdi eta politikari guztiak futitu egiten dira horretaz. Gasteizen plataforma bat sortu da.

7- Epaile jaunak behartu egin beharko luke zientzialari independenteek azter ditzaten ostrakak.

8- Nolanahi izanda ere, faltsuak edo egiazkoak, indusketarekin jarraitu egin beharko litzateke: faltsutasuna frogatzeko edo balioa areagotzeko.

Badu meritua Elexpuruk. Galant askoa, gainera. Filologoen txostenak irakurrita eta haien hitzak entzunda, (nahi izatera ikusi Lakarraren hitzak Euskaltzaindiarako sarrera hitzaldian edo bestela, dokumentu askotara iristeko bide honetan sartu), ematen zuen dena zegoela argi, Endrike Knörren amets haiek bertan beheratu zirela betiko.

Batez ere Eliseo Gil eta bere taldea nola izan zen tratatua ikusitakoan, eta Arabako Kultura Diputatu izandako Lorena López Delacalle eta EuskoTren (pagatzaileak) hain irmo agertuta. Orain, ordea, ezkutuko zerbait dabilenaren zantzua hedatzen da bazterretan. Batez ere egin beharreko frogak ez dituztelako egiten behingoz. Erraza dirudi katramilaren irtenbideak: egin ditzatela egin beharrekoak, kanpotik etorritako adituek.

Eta amaitzeko: profano hau guztiz galdurik irten da Elexpururen hitzalditik, sinetsita joan baita ostrakak zeharo faltsuak zirela. Orain, ostera, ez daki zer pentsatu, ez baitauka asmorik gaiaren inguruan dauden dokumentu guztiak irakurtzeko. Baina, nolanahi den, galdera nagusi bat dabil bere buruan dantzan, ostraken hainbeste argazki eta diapositiba ikusi ostean: Veleiakoa faltsua baldin bada, nork demoniok dauka halako faltsukeria ederra egiteko gaitasunik gurean?

Ezen halako gaiztakeria egiteko, gurea behar du izan. Izatekotan.

Veleia, Elexpuru eta profanook

Elexpuru, hizkuntza
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

14 pentsamendu “Veleia, Elexpuru eta profanook”-ri buruz

  • Iban Zaldua 2009-10-29 00:53

    Uste dut Rikardo Arregik idatzitakoak baliozkoa eta arrazoitsua izaten jarraitzen duela:

    http://www.deia.com/2009/10/14/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begira/iruna-veleia-gehiago

  • Veleiako idazkunak «zalantza izpirik gabe» benetakoak zirela erakusten zuen froga ez omen da existitzen:
    http://paperekoa.berria.info/plaza/2009-10-29/042/006/Veleiako_fisikariak_ez_du_froga_erabakigarriak_argitzerik_lortu.htm

  • Ricardo Gómez 2009-10-29 11:37

    “Ostrakak faltsuak direla esan duten filologoek, (EHUko Gorrotxategi, Lakarra, Blanca Urgell…) fonologian oinarrituta bakarrik egin dute hori. Ez linguistikaren gainerako jakinbideak erabilita.”

    Elexpuruk halakorik esan bazuen (hitzaldia grabatu zuten?), edo gezurretan ari zen (ez dut uste), edo “fonologia” zer den ez daki (eta, orduan, ez dakit zer den larriagoa).

    Gainerako puntuei buruz ere zeresan asko egon daiteke, baina nahiago nuke lehenago hitzaldiaren grabazioa bera entzun, Elexpururen hitzak eta Hasier Etxeberriaren kronika beharbada gehiago ez nahastearren. Oso zaila egiten zait kronikan azaltzen diren gauza batzuk Elexpururen ahotik atera zirela sinestea.

  • Errespetu osoz esanda, oinarrian bertan dago Elexpuru eta enparauen akatsa, ikuspegi linguistiko abertzale horretan. Hori astakeria da, eta “zientzia ere politika dela” esanda bere burua zuritu nahi izatea , aitzakia merkea.

    Eurek ondorioa jadanik badaukate: euskara Europako superhizkuntza izan zen, zibilizazio itzel baten berbeta, hain handia ze latinari eragin itzela egin baitzion, hain handia ze latinak ez baitzion ezer eman, kontrakoa baizik. Eta ondorio horretara iristeko argudioak eta probak bilatzen dituzte, eta ez badituzte aurkitzen asmatu egiten dituzte. Hau da, kontrako bidea egiten dute, ondorioetatik probetara. Hori ez da serioa, eta sinesgarritsuna galduarazten die, zeharo.

  • Juan Martin Elexpuru 2009-10-29 18:41

    Eskerrik asko Hasier atzoko hitzaldiaren hain laburpen konpletoa egiteagatik eta emandako trataera adeitsugatik. Pare bat kontu bakarrik zuzendu edo matizatu nahi nituzke.
    1) Zure ustez nirea “hizkuntzalaritzaren ikuspegi abertzalea –edo euretariko bat-” da. Ni ezetzean nago, ihesi egin nahi izaten diot apropos jokabide horri hizkuntzalaritzaz edo beste edozein giza-zientziaz jarduterakoan. Beste gauza bat da bihotzak zenbateraino baldintzatzen duen burua. Esan nahi nuen historialari askok (eta beste diziplenetakoak ere bai neurri batean) beren aurreiritzi ideologikoen arabera interpretatu ohi dutela historia. Nik esan dezaket ahalegintzen naizela hori ez egiten, ez dakit lortzen dudan. Ez nuke “hizkuntzalari abertzalea” etiketarekin geratu nahi, lehendik ere baditugu nahikoa.
    2) Gero diozu nik adierazi nuela: “Ostrakak faltsuak direla esan duten filologoek, (EHUko Gorrotxategi, Lakarra, Blanca Urgell…) fonologian oinarrituta bakarrik egin dute hori. Ez linguistikaren gainerako jakinbideak erabilita.” Ez nuen hori esan. Oso labur aritu nintzen honetaz eta -a (artikulua), hatxea eta grafia kontu bat (t=tz) bakarrik aipatu nituen, fonologiaz ezer ez. Fonetika (fonemen ustekoz distribuzioa protoeuskaran: kontsonantea+bokala+kontsonantea edo antzeko zerbait) aipatu nuen egungo filologoen joeraz aritzerakoan, ez I-Vko ostrakez aritzerakoan.
    Eta mezua aprobetxatuz, zerbait esan nahi nioke Ricardo Arregiren artikulua berrirakurtzeko gomendatzen digun Iban Zalduari:
    Iban, honek ez du zer ikusirik batzuek omen dugun gogoarekin ostrakak onak izan daitezen. Eta ados Arabak ez duela Veleiaren beharrik beren euskalduntasunean edo dena delakoan sinesteko. Hau ez da fede kontu bat edo gogo kontu bat edo kaskoz ari samar dabilen jendearen kontu bat. Gauza askoz ere sinpleagoa da: OSTRAKAK BENETAKOAK DIRA ALA FALTSUAK DIRA? That is the question. Eta faltsuak direla uste duenak (batzuek uste bakarrik ez, erabaki dute) demostratu egin beharko du, eta zentzu apur bat duenak badaki aztarna filologikoak ez direla aski. Faltsuak direla esaten duzuenok izan beharko zenukete interesatuenak gauzak behingoz argitu daitezen eta eskatu beharko zenituzke era guztietako froga fisiko-kimikoak. Zergatik ez duzue nahi?

  • Hasier Etxeberria

    Eskerrak titulu beretik hartu nuen neure burua profanotzat. Egiazko arrotz ezjakinaren zentzuan, gainera. Gai honetan aditu asko zabiltzate edo, bederen, nik baino gehiago dakizuenak zarete denak. Hala ere, entzundakoaren kronika bat besterik ez nuen egin nahi izan, ikaragarria izan baitzen JATORRIAri buruzko hitzaldira joan eta VELEIAri buruzkotik irtetea. Barkamena eskatzen dut, bada, baten bati kaltea edo zorabioa sortu badiot. Ez nuen horretarako asmorik, batere. Are gutxiago Ricardo Gomez eta Juan Martin Elexpururen neurriko pertsona eta jakintsuei. Nahikoa kakanahaste bada lehendik eta bistakoa da ez dela gehiago behar.
    Hala ere, baten bati nire posizioa interesatzen bazaio, esan dezadan, erabat galduta dagoenarena dela, alde batetik iruditzen baitzait hizkuntzalariena zentzuzkoa dela, baina bestetik oso zaila egiten zait inor halako faltsutze lan bikainetan irudikatzea. Horretan Elexpururekin nago: egin behar diren frogak behingoz egin eta bakea.

  • Antton Lesaka. 2009-10-29 21:35

    Puntualizazioa:
    2.- Hector Iglesiasek gaiari buruz idatzi eta argitaratu duenetik, ostrakak benetakoak direla eta filologoenak goitik behera botaz…

    Hector Iglesias jaunaren txostena irakurri dut pare bat alditan, eta ez du esaten OSTRAKAK BENETAKOAK DIRENIK…Nola esanen du bada hori, berak ikusi ere ezin izan baditu ikusi bertatik?.

    Ez; gainera, ez zegokion berari.

    H.Iglesias jaunak adituen argumentuak eztabaidan ezartzen ditu, harritu egiten da “inoiz, sekula…” eta horrelako hitz potoloez, eta batez ere, zera galdetzen du H.Iglesias jaunak: “Hau dio halako jaunak edo andereak…eta hori hala izanik ere, arrazoin aski bada ostraka faltsutzat emateko?”.

    Hori da galdera klabea.

  • Iban Zaldua 2009-10-30 07:48

    Agur, Juan Martin: badaezpada, ni ere analisiak, indusketak eta behar diren gauza guztiak egiten jarraitzearen aldekoa naiz. Baina, halaber, azpimarratu nahi dut orain arte berme zientifiko handiena eskaintzen diguten adituek esan dutela idazkunak, edo horietako asko behintzat, faltsuak direla. Eta irudipena daukat, Rikardo Arregik bezala, ikerketen jarraipenaren eskaria erabiltzen ari dela, besterik gabe eta zuzenean, idazkunen benetakotasuna aldarrikatzeko.

  • Luis Mendizabal 2009-10-30 12:48

    eta Zuzeu ez bagenuke, nola enteratuko ginan debate honetaz? mila esker guztioi.

  • ZuZeu

    Gaur bertan 13 txosten aurkeztu dituzte Gil, Fillon eta Elexpuruk Iruña-Veleiakoak ez duela zertan faltsua izan esateko: http://ttiki.com/7591

  • Norbaiti interesatzen bazaio, hemen dago hitzaldi osoa: http://www.elgoibarren.net/content/view/2019/39/

  • Hasier Etxeberria

    […] adituek diote ostrakak faltsuak direla. Zentzu honetan xehetasun bikaina da Iban Zalduak iruzkin hauen arteko zortzigarrenean […]

  • Ostrakak benetakoak balira, Lakarra eta Gorrotxategiren informeak lurrera botatzeko txosten bakarra nahikoa litzateke, eta ez 13.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude