Estreinaldiak: Uztailak 18

.

Apollo 11

Apollo 11 misioa izan zen lehenengo aldiz gizakia ilargira iristea ahalbidetu zuena eta, orain, NASAk inoiz erakutsi gabeko materiala baliatu du Todd Miller zinemagileak dokumentala osatzeko. Cañaveral Lurmuturrean kokatutako kamerek espazio-ontzia aireratzen ari zeneko une garrantzitsuenak bildu zituzten; horiek eta ontziaren barrualdean grabatutako irudiek misio hartan astronautek bizi izandako sentsazioetara hurbilduko dute ikus-entzulea. 2019ko Sundance Film Festival jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso duen dokumentala uztailaren 20ra arte egongo da soilik ikusgai zinema-aretoetan.

.

The Lion King

Aitaren erailketaren ondoren, Simba lehoi gazteak erreinutik ihes egingo du ardura eta ausardia bere kabuz aurkitzeko. Jon Favreau zinemagileak The Jungle Book filma egin zuen 2016. urtean eta formatu bera erabilita ekoitzi eta zuzendu du animaziozko remake-a oraingoan ere.

.

The Hole in the Ground

Sarah (Seána Kerslake) eta bere seme gazteena etxalde batean bizi dira. Mutikoa sastraka artean desagertu egingo da gau batean eta, etxera itzultzen denean pertsona bera dela badirudi ere, bere jokabidea gero eta nahasgarriagoa izaten hasiko da. Itzuli den haurra bere semea ez dela jabetuko da Sarah pixkanaka.

.

Utøya 22. Juli

Istorio erreal batean oinarritutako thrillerrak nazioarteko ibilbidea izan du, hainbat jaialditan hartu baitu parte: Berlingo Sail Ofizialean, Europako Zinema Sarietan (Argazkigintza Onenari saria) eta Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean.  2011ko uztailaren 22an Norvegiako Utøya uhartean izandako sarraskiari buruzko filma da, Anders Breivik terroristak bertan udako kanpaleku batean zeuden gazte asko erail zituela kontatzen duena.

.

Les crevettes pailletées

Adierazpen homofoboak egin ondoren, Mathias Le Goff igeriketako munduko txapelduna waterpoloko talde homosexual bateko entrenatzaile izango da komedia frantses honetan. Taldea Kroaziara joango da munduko homosexualen kirol bilgunerik handienean parte hartzera, eta bidaiak Mathias goitik behera aldatuko du.

 .

Ayla

Koreako Gerran, 1950. urtean, Süleyman sarjentuak erdi izoztuta dagoen haur bat topatuko du, gurasorik gabe eta bakarrik. Neskatoa beldurtuta dago, hilzorian eta Süleymanek bere bizitza arriskuan jarriko du haurrarena salbatzeko. Elkar ulertzea ezinezkoa bada ere, banaezina izango den lotura sortuko da euren artean, eta sarjentuak haurrari Ayla deituko dio, elkar ezagutu zuten gaueko ilargiaren oroigarri.

.

Auf der Suche nach Ingmar Bergman

Ingmar Bergmanek utzitako ondare zinematografikoari buruzko filma: kamera aurrean eta atzean egindako lana ikertu, bizitzaren aurrean zeukan begirada azaldu eta bere obra errepasatuko duen dokumental biografikoa. Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean hartu zuen parte film alemaniarrak.

.

Genèse

Guillaumek, bere arrebaorde Charlottek eta Felixek lehenengo maitasunak eragindako zirrara biziko dute. The Demons (2015) filmaren zuzendaria, Philippe Lesage, beste pelikula autobiografiko batekin itzuli da.  Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinema Jaialdian hainbat sari eskuratu ditu: film onenari, zuzendariari eta gizonezko aktoreari, hain zuzen ere.

.

Ojos negros

Hamalau urte ditu Paulak eta uda Teruelgo Ojos Negros herrian igaroko du ia ezagutzen ez dituen izeba eta amonarekin. Amonak duen gaixotasunaren harira, familian dituzten arazoen berri izango du eta, hortik ihes egin nahian dabilela, Alicia ezagutuko du. Paula eta Alicia lagun minak egingo dira. Malagako Jaialdiko Zonacine Sailean, Film Onenari Saria eskuratu zuen.

Estreinaldiak: Uztailak 18

Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude