Urtarriletik aurrera, hitanoa online ikasteko aukera emango du maramara* taldeak

HitanoaMaramara* taldeak hitano ikastaroa antolatu du, online, 2012 urte hasierarako. Urtarrilaren 9an ekingo diogu, eta 14 asteko iraupena izango du 40 orduko ikastaro honek.

Online ikastaroa Hitanoa. Mintza hadi lagun! ikasliburuan oinarrituta dago, eta liburuko ariketak eta berariaz sortutako beste batzuk txertatu ditugu. Izan ere, izena ematen dutenek aipatutako liburua jasoko dute opari. Ordenagailuz egiteko ariketez gain, tutorearekin mintza-saioak ere egingo dira Skype bidez.

Berrikuntza handia da urrats hau eta e-ikastaroak webgunean txertatzen joango garen ikastaro guztien abiapuntua da.

Gainera, ikastaro hau jada egina duenarentzat, Skype bidezko mintzapraktika saioak ere eskainiko dira; ordubeteko 10 saio, hain zuzen ere.

Abenduaren 31 arte eman daiteke izena, Hitanoa izeneko webgunean. Webgune horretan, ikastaroei buruzko informazio gehiago ere eskura daiteke. Gainera, ariketen adibide batzuk ere entzun daitezke.

Ibilbide luzea

Maramara* taldeak esperientzia handia dauka hitano ikastaroak ematen. Azken hamar urteetan, 20 ikastaro presentzial baino gehiago eman ditu Ritxi Lizartzak, baita hamaika hitzaldi ere. Ikus-entzunezko gidoiak, antzezlanak eta literatura alorreko lanak zuzentzen topatu zituen korapiloek eraman zuten proposamen bat lantzera, hitanoaz arautu gabe dauden esparruetan murgilduz.

2009an, Lizartzaren Hitanoa. Mintza hadi, lagun! ikasliburua argitaratu zuen maramara* taldeak, proposamen metodologiko gisa eta ikastaroetan bildutako esperientzian oinarritutako ariketekin.

Orain, garai berrietara egokituz, pauso bat gehiago eman, eta online ikastaroak eskaintzen hasiko da maramara* taldea.

 

Gurekin zuzenean harremanetan jartzeko, hona datuak:

Eneko Haritza

maramara* taldea

Tel.: 943 504 206

info@hitanoa.com

maramara* taldea hizkuntzen arloko enpresa da. Gure lan nagusia itzulpengintza den arren, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditugu. Gune honetan, horiei buruzko informazioa emango dizuegu eta zuen ekarpenak ere jaso nahi genituzke.

Zer duzu buruan “Urtarriletik aurrera, hitanoa online ikasteko aukera emango du maramara* taldeak”-ri buruz