Urtarrilaren 19ko zinema estreinaldiak!

Urtarrilaren 19ko zinema estreinaldiak! –

Estreinaldiak: Urtarrilak 19

Urtarrilaren 19ko zinema estreinaldiak!

Egilea: Ander Makazaga

.

Zama

Tabakaleratik igaro berri den Lucrecia Martel zinegile argentinarraren laugarren film luzea da Zama. Antonio Di Benedetto idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta, filmak XVIII. mendeko Don Diego de Zama ofizial espainiarraren istorioa kontatuko du. Don Diego Asuncionen (Paraguay) dago, Buenos Airesera noiz lekualdatuko duten zain. Tarte horretan, ofizialak bere ondasun guztiak galduko ditu eta hiltzaile baten bila abiatuko da… La cienaga (2001), La niña santa (2004) eta La mujer sin cabeza (2008) filmetan bezala, soinuaren tratamendu zurruna goraipatu behar zaio Lucrecia Marteli.

.

The Post (Los archivos del Pentagono)

Steven Spielberg zinegile estatubatuarrak benetako gertakarietan oinarritutako filma aurkeztuko du beste behin: Tom Hanksek eta Merys Streepek The Washington Post egunkariko zuzendariaren eta editorearen rolak beteko dituzte. 1971n Pentagonoan lau hamarkada isilpean gordeta egon ziren gerra dokumentuen berri izango dute, Vietnamgo gudari buruzko informazio klasifikatua, alegia. Hala, kazetariek adierazpen askatasunaren aldeko borroka abiatuko dute, AEBetako gobernuak ezarritako traba guztiei aurre eginez. Filmaren gidoigilea, Josh Singer, kazetaritza eta ustelkeria kasuak jorratzen aditua da, izan ere, Wikileaksen filtrazioen inguruko The Fifth Estate (2013) eta Spotlight (2015) Oscar saridunean ere parte hartu du aurretik.

.

120 battements par minute (120 pulsaciones por minuto)

90eko hamarkadako Parisera garamatza Robin Campillo zuzendariaren film berrienak. IHESak eragindako heriotzak ikusita, Act Up talde aktibista gaztea herritarrak kontzientziatzen eta eskaintzen duten informazio eskasiagatik agintariak salatzen saiatuko da. Aldarrikapen sozialez betetako filmak lau sari eskuratu zituen iaz Cannesen, tartean, epaimahaiaren Grand Prix saria. Donostian, aldiz, Gehitu elkarteak emandako Sebastiane garaikurra lortu zuen.

.

Le jeune Karl Marx (El joven Karl Marx)

1984an Parisen ezagutu ziren Karl Marxen eta Friedrich Engelsen lehen hartu-emanak kontatuko ditu Raul Peck frantziarraren filmak. Engelsek pentsamendu eta ideia teorikoak gorpuzten lagunduko dio Marxi, hala, biak langile mugimenduaren buru bilakatuko dira eztabaida politikoei, zentsurari eta errepresio sozialei aurre eginez. August Diehl eta Stefan Konarske aktore alemaniarrek beteko dituzte langile iraultzaren aitzindari izan ziren protagonista nagusien rolak.

.

Girls Trip (Plan de chicas)

Eta drama historikotik komediara: Malcon D. Lee zinegileak lau emakumeren istorioa zuzendu du. Dinak, Lisak, Sashak eta Ryanek New Orleansera bidaiatuko dute, Essence Music Festival jaialdira. Ryanek idatzitako liburuaren aurkezpenaren aitzakiapean, filmak lau emakumeen arteko harremana izango du hizpide, eztabaidak, trapu zaharrak eta maitasun kontuak pil-pilean egongo direlarik. Essence Music Festival musika afroamerikarrari eskainitako jaialdia izanik, filmaren soinu banda Aretha Franklin, Mariah Carey, Kool & The Gang, Missy Elliott, Galactic eta The Soul Rebels taldeen kanta ezagunenek osatuko dute.

.

Me estás matando, Susana

Eligio parrandaz parranda dabilen aktore karismatikoa da. Behinola, ordea, etxera itzultzean, Susana bere emazteak alde egin duela konturatu eta bere bila abiatuko da. Zenbait hilabeteren ostean, AEBetako herri txiki batean aurkituko du. Roberto Sneider zinegile mexikarrak zuzendutako filmeko aktore nagusiak Gael García Bernal (Amores perros, 2000) eta Verónica Echegui (La fría luz del día, 2012) dira.

.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Urtarrilaren 19ko zinema estreinaldiak!

Urtarrilaren 19ko zinema estreinaldiak!

Euskal pantailaren gunea