Urkiolan, San Antoniotan. Xenpelarren bertso batzuk eta pilotaren historia

Urkiolan, San Antoniotan –

Liburuxka bat eskuratu zitzaidan aspaldi, benetan zaharra baino, gehiago gazki ibilitakoa: Chansons Basques (Hendaia, 1967). Beste askoren artean, pilotari buruzko kantu batzuk agertzen dira bertan, eta aipamen berezia merezi du horietako batek, nire ustez: “Zu zira pilotari” izenez.

Urkiolan, San AntoniotanEz kantuaren beraren garrantziagatik (aski arina eta gehiagoko traszendentziarik gabea baita, egia esateko), baina bai han-hemen ditugun beste testu motz eta luze batzurekin dugun problema modu baten aski adibide ona egiten duelako. Izan ere, finkatutzat ematen ditugun testu batzuren aurrean, duda egiten baita berehala: hitzen bat, esaldiren bat, arrazoiren bat… nondik iritsiak diren horiek horra, nabarmen lekuz kanpoko ematen baitute sarritan holakoek.

Esan bezala, “Zu zira pilotari” izenez dator kantu hori liburuxkan. “Canción en dialecto zuberoano” bezala aipatzen zuen Bozas-Urrutiak bere bibliografian, “zira” horretaz gehitxo fidatuta, izenburuan berean ere “pilotari” baitugu eta ez zubererazko ohiko “pelotari“.

Euskalkien nahasketa bezala agertzen da kantua, berez: “degu”, “zira”…, nahi bezala. Frankenstein itxura deigarria ematen zion horrek, hasteko ere.

Ezaguna egiten zitzaidan, baina nire buru txarragatik ez nuen  gertu kokatzen. Denboraren buruan baizik ez nintzen konturatu zer gertatzen zen, itxuraz zerikusirik ez lukeen zerbaitengatik. Domingo Agirreren Garoa-ren 1935eko bigarren agerraldi obetuaren ale bat irakurtzen ari nintzen.

Urkiolan, San Antoniotan, bertso berriak saltzen dituen gizon bat aurkezten digu Agirrek. “Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak”, Xenpelarrenak omen baitziren beti orduan bertso guztiak saltzeko garaian. Ondoena saltzen zuen, noski, Xenpelarrek.

Prantziako pelotariai ateratako bersoak:

Amalau españoletan
Mateo prantzesa aaa.
Partidu onentantxe
izan da trabesa aaa.

Lau lautara
ziran asi.
Altzuenak
Irabasi.

Aski arraroak dira, jakina, baina, finean, ez bata eta ez bestea ere direla benetan Xenpelarrenak dugu horretan kontu gehiena. Alkain Udarregirena da lehen bertsoa, eta Donostian, 1862an, Bautista Eizagirre Azpeitiko Txikitok, eta Mathieu Borotra ahetzarrak “alderdietako buru” eginda jokatu erreboteko partida batez jarri bertsoetako bat dugu.

Hiru partidara izan zen guztira desafioa:  bi Donostian eta bat Irunen. “Partie, revanche, le tout” moduan hitzartu zen desafioa, esan nahi baita, ondo bidean “partida, kitora eta ahuntzak” : hirutan onena, beraz. Hirugarren partida, hau da, kronologikoki bigarrena, Irunen, Mathieuk irabazi zuen, eta honen ospagarrizko durundika dirudi urte hartan Anton Abadiaren lehiaketara aurkeztu zen kantu bat, Mathieuren laudoriotan nagusiki.

Ezin esan Donostian jokatu bietako zeinetaz ari den Udarregi zehazki, baina azpeitiarraren garaipena behin betikotzat ematen bide duenez, Donostiako bigarrenaz (esan nahi da, guztietarik azkenaz) ari dela emango luke.

Argitu behar dugu oraino, halere, Udarregiren bertsoak ez zioela berez “Amalau españoletan” eta bai “Zazpi españoletan”… Itxura zentzuzkoago du, jakina, bigarrenak, partida errebotean izanik, lauk lauri jokatua baitzen, hots, “zazpi eta Matieu zortzigarrena”… Interpolazioa, nahasmendua, gaizki ulertua… apenas beste holakorik baizik izan litekeen, berriz, “Amalau” hori, beste inondik etorrita.

Eta bide banandua egina dute horiek biek ere, Patziku Perurenaren Euskarak sorgindutako numeroak hartan aurkitu zuelarik bakoitzak bere kabia: Agirreren Garoa-tik “Amalau” eta Zavalak argitaratu Udarregiren bertsoetatik “Zazpi”.

Bigarren bertsoa, bestalde (“Lau lautara…”), Ramon Artolak, urte berean berak beste lagun batzurekin batera jokatu partida batez jarritako bertsoetatik dugu. Donostiako Euskal-Erria aldizkarian 1888an kaleratu zen “Pillotariyak. Donostiako muralla kontra luzean jokatutako partiduba” hartatik, hain zuzen. Koldo Mitxelena Kulturunean gordea da Artolaren eskuizkribua, 1862an datatuta.

Eta, era berean, Artolaren bertso horiexetatik dugu, esaten nuen “Zu zira pilotari” hura ere, trikili-trakala hara helduta. Hortik aditzen nion, noski, ezagun airea.

Urteen buruan, 1911an, Jose Zapirain Txaplillok, donostiar idazle, bertso jartzaile eta pilotan ere gogotik saiatutakoak azaldu zigun partida hura zer eta nola izan zen, bera ere hartan parte hartua baitzen. (“Luzian… moch!”, Euskal-Erria, 1911). Ikaragarrizko partida xelebrea,  kalamidadea, egiten ari zirela galtzaileak, are-eta irabazleek, zirika, tranpian ari ziren galdetzeraino. Artolak besoa hautsi omen zuela eta Petrikillo famatua ikustera ohatilan zeramatela kantatu omen zituela bertsoak…

Horra, beraz, Agirrek zer ogi eman zigun, Udarregi eta Ramon Artolaren bi bertso mutur oratu eta Xenpelar gurasotzat emanda.

Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak eta Oyen madria zein dan, Xenpelarrek daki… Eta dena batera. Nork ematen du gehiago?

Kontua ez da horrenbestez amaitzen, halere.

Agirreren Garoa-ren laburpen luze bat argitaratu zuen Jean Etxepare medikuak Gure Herria aldizkarian, 1922an. Eta honela zioen lekondarrak bertso horiek aipatzean: “neurtitz batzu, arras ere pullitak, dioanez, senpertar batenak, Frantziako pilotarien gainean emanak”.

Egiaz ere, Agirrek ez zuen 1912an “Xenpelar” idatzi, “Senpelar” baizik… 1935eko bigarren agerraldi obetuak aldatu zuen Agirreren 1912ko Senpelar hura eta egun gu guztiona litzatekeen Xenpelar jarri. Esan gabe doa Etxeparek ez zuela 1922an Senpelar baizik irakurtzen ahal… Gauza misteriosoa berarentzat, inondik ere, eta begi kolpeak ezagunagoa zuen senpertarra behartu ziona.

“Ez da botarri txarra, pilotaren eran botatzeko”

(Murumendiko Jentila)

Urkiolan, San Antoniotan
Urkiolan, San Antoniotan
Urkiolan, San Antoniotan
Esku pilota, Pilota, San Antoniotan, urkiola, Urkiolan, xenpelarç

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude