Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari

Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari –

Olentzero eta Urtats joan zaizkigu eta urte zaharretik berrira pasatu berriak gara. Jadanik, inautea euskaldunon ateetan daukagu eta horretan, Zuberoa izan dugu aitzindari, Urdiñarbek aurten jokatu behar dituen maskaraden lehen emanaldia urtarrilaren 6an, hau da, Erregeen Egunean, izan baitzen.

Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari
Arg: Marian Aiala

Inautea (edo inauteria) denboraldi luze iluna dugu, neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan aldia. Negu garaia da, lurra lotan dago eta gizakia bera ere negulo edo hibernazio horretan nolabait murgildurik dago, atzoko nekazal gizartean gehiago gaurko gizarte kontsumistan baino, prefosta! Denboraldi hits eta ilun honetan eguzkia iratzarri beharra dago ama-lurraren kolkotik irten dadin eta udaberria, berotasuna eta uzta berriak itzul dakizkigun.

Euskal Herriko luze-zabalean inauteak errito eta molde ezberdinak hartzen ditu, eta Zuberoan maskarada dugu inautearen adierazle nagusia. Urte oroz, Zuberoako herri batek maskarada antolatzen du eta hamabost bat ateraldi egiten ditu Zuberoako gainerako herrietan barna. Lehen eta azken ateraldiak maskarada jokatzen duen herriaren plazan izaten dira. Aurten lehena iragan berria dugu urtarrilaren 6an, igandearekin, arrakasta handiz, Urdiñarben jokatu baitute.

Goizeko 9etan izan zen lehen barrikada eta Euskal Herri osoa izozturik zuen hotz ikaragarri handia desafiatuz, berrogeita hamar bat dantzari eta arizale gazte karrikaz karrika eta auzoz auzo kantari eta dantzari ari izan ziren, gibeletik segizio edo lagun-saldo handia zeramatela. Urdiñarbetarrak beti izan dira dantzari eta kantari on eta trebeak, eta aurten ere, hori erakusteko parada ederra daukate. Zortzi barrikada inguru izan ziren eta guzti-guztietan arizaleak zein ikusleak lagunarte ederrean hurbildu ziren jaki eta edari goxoz mukuru ziren mahaietara. Ohiko kantuak ez ziren faltatu.

Horietako barrikada bat Llargo etxegile euskaltzale ezagunaren lantoki aitzinean izan zen eta Llargok harrera ederra, batzarri ona, egin zien honako bertso hauek kantatuz:

 

    1.- Urdiñarbek dü aurten / bimila seitik landa

         etzaziela ahatz / elkartarzün handiz.

  

   2.- Maskada plantatzen / züek txotxa hartzen

        mezü hau hedatzen / Xiberun korritzen.

 

   3.- Aintzindariak tutzik / emendatzez kestuz,

       gogozkatze ttipi bat, / jokik ederrak diate.

 

   4.- Tintatü ere beltzez / Xorrotx ta Bühamez

        Belhagile ezartez / rock en roll izanez.

 

   5.- Allo Pitxu, nun hiz? / Ezkirrou kupiduk,

        oren biltzeko ordin / Kabana zaharretarik.

 

   6..- Ez haüt untsikusten / be(r)ant zaizku heltzen

         nausia agertzen / berri bat altxatzen.

 

 

   7.- Ez düt ahatze nahi / arropa josle eta 

       dantzari zahar eta / izkibien artetik.

 

   8.- Itzaleko kidhiak / horien asmazaliak

        gure soinügiliak / zien lagüntzaliak.

 

  9.- Plazer har ezazüe / egünko küküileroa

       ohar zite hontaz / maskada ezin egin.

 

10.- Eteman inbera / biharko aintzindaria

      hizkuntzen beharra / ez bada eüskara!

 

Biltxoko aitzineko barrikadan ere, harrera ederra egin zieten, Erik Etxart eta Dominika Jauregik honako bertsoak kantatuz:

 

  1.- Biltxokoko bortetan / danba eta danba

       berrogeita hamar gazte / alagera banda

       Karrika ta Garaibi / ezin ahatz Lanba

       maskarada ederra / -go(r)ik nekez izan da.

 

 2.- Ebil ziteela orai / igantez igante

      jenten zotükarazten / egin gabe kalte

      negüaren kontü ta / herriaren alte

       ihauteak dütügü / orok hola maite.

 

 3.- Ürteak badoatza / dozenaz dozena

      eta gibelka doa / eküratzen dena.

      Bide hontan jarraiki / hau dügü hobe(re)na, 

      ez dadin maskarada / hau izan azkena!

 

Azken barrikada herriko arrabotean izan zen. Pilota-plaza jendez gainezka zegoen eta, hotza ikaragarri handia bazen ere, jendeak gogo onez jarraitu zituen maskaraden mugimendu guztiak. Xorrotxek, Pitxuren laguntzaz, herriko jaunaren ezpata zorroztu zuten. Hori eginik, bazkaltzeko garaia iritsia zenez, arizaleak euren etxeetara joan ziren sabela betetzera, eta han, ikusle gisa, geunden gainerako guztiok gauza bera egin genuen inguruetako ostatuetan.

Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari
Argazkiak: Marian Aiala

Hiruretan, arratsaldeko jokoari hasiera eman zioten, eta gero eta handiagoa zen hotzaren menean ginela, ohiko dantza, kantu eta antzezpenak egin zituzten. Urdiñarbetarrak maisukiro aritu ziren, bertara hurbildutakoen irriak eta barre algarak ainitzetan piztuz. Pitxuren heriotza eta arrapizteak maskaradaren amaiera iragarri zuten, inautea hiltzen eta arrapizten baita urtero Euskal Herriko plazetan, ziklo berriak itxiz eta zabalduz. Gero azken kantorearen tenorea izan zen, eta ondoren, guztiendako amaierako dantzak. Bertan, ikusle-entzule gisa ginenok aukera ezin hobea ukan genuen gure zango hormatuak berotzeko.

Aurtengo maskaradaren lehen  emanaldia bukatua zen, eta jendea berehala abiatu zen etxeko berotasunaren bila. Urdiñarbek ederki erakutsi du zein trebe eta iaio den Zuberoako usantzak antolatzen eta aitzinera eramaten. Astero horrelako ateraldi bat eginen dute eta apirilaren 21ean, Aberri Egunean, azkena Urdiñarben dute jokatuko. Ziur naiz osora egin behar dituzten hamasei ateraldiak lehena bezain ederrak izanen direla. 2012an jokatuko duten pastorala ere, ezin ederragoa izanen delakoan nago. Horretaz ez dut zalantzarik.

Zuberoako maskarada jadanik abian da, inautea indar handiz itzuli zaigu. Laster hasiko dira gainerako inauteak Euskal Herriko bazter guztietan. Zubietako eta Iturengo joaldunak laster ibiliko dira, dingili-dangala, joareen soinu ozenaz bazterrak inarrosten, hartza nonahi ibiliko da udaberriari deika, Ziburuko eta Donibane Lohizuneko sorginek, suaren inguruan, mutxikoak dantzatuko dituzte, Miel Otxin Lantzeko plazan fusilatuko dute eta Zanpantzar hamaika eta hamaika herritan dute erreko.

Inautea piztu zaigu eta, udaberria itzuli bitarte, gure artean izanen da magiaz eta bizipozaz mozorroturik.

Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari
inauteak, inauteriak, maskaradak, Urdiñarbe, Urdiñarbeko maskarada euskal inautearen aitzindari, xiberoa, Zuberoa
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude