UPN, liburuak eta zentsura

UPN, liburuak eta zentsura –

ASNABIn, Nafarroako Liburuzainen Elkartean, harriduraz eta tristura eta beldurra nahasten dituen sentimendu batez ikusten dugu Iruñeko Udalaren Zentro eta Harroturen liburutegien inguruan gertatzen ari den egoera guztia.

UPN, liburuak eta zentsura

UPNk salatu du liburutegi horiek “karga politiko erradikala” duten dokumentuak erosi dituztela, eta horien bitartez, haien hitzetan, “udal liburutegi populista bat sortu nahi da, modu propioan muturreraino ideologizatua eta diru publikoa erabiliz, horrela doktrinatu eta beraien ideología politikoa zabaltzeko asmoz”. 

Liburuzainen kolektibo profesionala garen aldetik, liburutegiaren, liburuaren, kulturaren eta gure profesionalen duintasuna eta beharra defendatu nahi ditugu, gure bitartez ahalbidetzen baita kultura, informazioa eta irakurketa guztiontzako eskuragarri egotea.

Seinalatutako liburutegiak partaidetzan, gizarte ahalduntzean eta LGTBI arloan espezializatutako liburutegiak dira, Nafarroako Liburutegien Sarean daude eta 2017an hasi ziren zerbitzuak publikoari eskaintzen. Haien bidea hasi zutenetik, mila aletik gora erosi dituzte, eta orain horietako 25 izan dira salatuak. Kopuru irrigarria, inondik inora, pentsakera edo aukera politiko jakin baten monopolio arriskua izateko.

Liburutegi publikoak zalantzan jartzen direnean, haien funtsak “zerrenda beltzekin” seinalatzen direnean eta dena alderdikeriaren zerbitzurako ikuskizun bilakatzen denean, komeni da gogoraraztea UNESCOren liburutegi publikoaren Manifestuak (1994) dioena: “ez funtsak, ezta zerbitzuak ere, ezingo dira egon zentsura ideologikoaren, politikoaren edo erlijiosoaren menpe, ezta presio komertzialei lotuta ere”. Era berean, IFLA/UNESCOren liburutegi publikoen zerbitzuak garatzeko gidalerroek ere (2001) honakoa aipatzen dute: “liburutegi publikoak gai izan behar du gizarte guztiaren esperientzia eta iritzi mota guztiak ordezkatzeko eta hortaz zentsura jasatearen arriskutik salbu egon”. 

Herri baten kultura eta heziketa maila beren liburutegiei ematen dien tratuarengatik neurtu daiteke, eta, aldi berean, liburutegiak handi egiten dira edozein herritar haiengana hurbildu eta diskriminaziorik gabe erabateko berdintasunean, bere irakurketa, informazio eta kultura eskubideak asetzen dituenean. Izaki libreak garen aldetik, horiek baliatuz hezten gara hobekien. Eta horrela lortzen dugu baita ere gizarte libre, autonomo eta heldua izatea.

UPN, liburuak eta zentsura

Politikariek ezin dute zanpatu tresna bat debaldekoa, unibertsala eta berdinzalea, eta, era berean, oinarrizkoa eta estatu demokratiko bateko herritarren garapenerako eta partaidetzarako erabat beharrezkoa dena. Ezin dira izan ezta ere liburuzainen profesionaltasuna auzian jarriko dutenak. Informazioa eskuragarri izatearen eskubidea oinarrizkoa da, denon artean gizarte libre, kultu eta hobe bat garatzeko bidean. Oinarrizkoa da baita ere manifestazio kultural, sortzaile eta jakintza berrien sorrera, komunitate, hiri, eskualde edo herrialde bakoitzaren ondare kulturalera mugarik eta zentsurarik gabeko irismenaren bitartez sortuko direnak.

ASNABIn badakigu, eta jakitera eman nahi dugu, liburuzainek kudeatutako dokumentu-funtsek kultura eta ideología aniztasunaren isla izan behar dutela. Hori da gure lana, eta horregatik salatzen dugu gure profesionaltasuna auzitan jartzea; are gehiago, helburu bakarra borroka politiko bat irabaztea badu. Nafarroako Liburutegien Legeak honakoa dio Arrazoien Azalpen atalean: “liburutegiak informazioaren gizarte demokratiko, ireki eta gardena osatzeko daude”.

Erran genuen duela bederatzi urte “Liburutegi publikoak denontzat, denok den-denak garenean” manifestua sinatu genuenean, eta, guk baino aunitzez lehenago ere, Ranganathanek erran zuen: “Liburu bakoitzak bere irakurlea, irakurle bakoitzak bere liburua”.

UPN, liburuak eta zentsura
UPN, liburuak eta zentsura
asnabi, Iruñea, Kultura, liburuak, liburuak eta zentsura, liburuzain elkartea, liburuzainak, UPN, zentsura
ASNABI

Nafarroako Liburuzainen Elkartea

Zer duzu buruan “UPN, liburuak eta zentsura”-ri buruz

  • UPNkoei arrazoia emateak min egiten dit, baina gezurrik ez dute esan. Instituzioetatik lobby jokaerak dituzten ustezko gizarte mugimenduei alfonbra gorria jartzen diete ordezkari politikoek. Sare klientelar peto-petoa ari dira sortzen genero ideologiaren kontura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude