Kritika Zinematografikoa: “Unicorn Wars”

Kritika Zinematografikoa: “Unicorn Wars” –

Kritika Zinematografikoa: "Unicorn Wars"

.

Zuzendaria: Alberto Vazquez
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria / Frantzia

Kolorearen iluntasunean

Kritika Zinematografikoa: "Unicorn Wars"

Unicorn Wars bezalako proposamena noraezaren ikuspegitik baino ezin daiteke behatu. Bere baitan dauden elementuek dauzkaten kontraesanek har gaitzaten utzi, unibertso naif eta (itxuraz) onberak gure ikuspegi ikonografikoa hautsi dezan eta bere proposamenaren ardatz nihilistarekin bat, iluntasunaren bihotzean sartu gaitezen.

Izan ere, kontatzen zaigunaren eta irudikatze moldearen artean distantzia bortitza dago. Hartzatxo koloretsuen eta adarbakarren munduek goxotasunaren oihartzunak dakartzate, nahiz eta Alberto Vázquez galiziarrak (euskal produkzio zabala tarteko, Uniko animazio estudio bilbotarra ekoizle nabarmenena izan den heinean) ispiluaren bestaldeko irudi ankerrenera bideratuko duen irudi hauekiko dugun aurreiritzia. Bi komunitateen arteko guda odoltsuaren kontakizun honetan, hartzen irudikapenean errotuko da istorioa, bere gizarte fanatizatuan, non adarbakarrekiko gorrotoa osagai nabarmenena den. Hala, hartz gazteak entrenamendu militarrera bideratzen dira, iraganean galdutako paradisua berreskuratzeko etengabeko guda horri begira. Hau, edonola, istorio orokorra da, filmak sustrai psikologikoak ernalduko baititu, bi anaia biki protagonisten bitartez, Azulin eta Gordi, zeharo desberdinak eta pelikularen polo moralak markatzeko arduradunak. Hala, filmak kutsu tragiko sakona izango du elkarrekiko erlazio konplexua duten anaia hauen artean, Cain eta Abel-en isla nabarmena izateraino.

Izan ere, erlijio erreferentziak ohikoak dira pelikulan zehar, eta are gehiago, gudaren, gorrotoaren, profezia mitikoen eta fedearen arteko zubiak ageriko(egi)ak, eta apaiz hartzaren pertsonaia etengabeko bidai lagun izango da pertsonaien (barne eta kanpo) bidaian. Eta behin erreferentziak aipatuta, ezinbestekoa da pelikulak baliatzen dituen espazio komun ugariak bere kontakizuna josteko, batez ere zinemaren alorrari dagokionean. Disney edo Ghibli konpainien pelikulen iturri emankorra oso presente dago (Bambi bezalako filmek basoa irudikatzeko duten joera bukolikoa edo Mononoke-Hime-ren guda eta ekologia lotzeko erabakia), eta baita Stanley Kubrick edo Oliver Stone-en film belikoen arrastoa, baso magikoa pertsonaiak itoko dituen amesgaiztoetako Vietnam bilakatuko den heinean. Eta erreferentziok ez dira mugatzen ikusle zinefiloaren oniritzia lortzeko ariketa soil gisa. Diskurtso filmikoa hornitzeko borondatea somatzen da, nolabait planteatutakoari irakurketa berriak atxikitzea ahalbidetzen digu erresonantzien kutxa hau aktibatzeak. Ez al da ezberdina analisia basoan ematen den bidaia muturreraino bortitz hori Apocalypse Now-ren kontrapuntu bezala ulertzen badugu?

Edonola, pelikulak duen sakontasun dramatikoa jasoa dela diogunean ez gara soilik kontatzen zaigunaz ari, nola kontatzen zaigun horrek ere errelebantzia handia dauka. Eta bi elementu nabarmendu ditzagun zentzu hontan. Lehenik eta behin, muntaia lana: iraganaren eta orainaren artean baliatzen den etengabeko oreka da kontakizunak duen baliabiderik onena. Maila intimoena eta soziologikoa uztartzen dituen balantza, Gordi eta Azulin uler ditzagun plazaratzen den elementua, filmari erritmo zitala emanez eta gutxinaka-gutxinaka pertsonaiak bere zauri psikologoetatik (jaiotzaren momentutik bertatik!) irakur ditzagun. Nabarmenduko dugun beste elementua honekin dago lotuta, hain zuzen ere, animazio koloretsu horrek ematen baitio nortasuna pelikulari (Azulinen berezko urdina eta Gordiren arrosa dramatikoki era zoragarrian baliatuko dira, batez ere flashback-etan). Hartzak irudikatzeko marrazki xeheak erabiltzen badira ere, kolore eta trazu itxuraz sinpleak hamaika hartz grafikoki definitzeko baliagarriak dira, eta are gehiago, hartzek duten barne eboluzioa irudikatzeko ere eraginkorrak dira. Animazio tradizionala eta 3D-a baliatzen duen teknikarekin, are gehiago, desberdintasunak mamitsuak dira, adarbakarrak, esaterako, silueta beltz misteriotsuak izango diren heinean (emakume ahotsa daukatenak, hartzen mundu maskulinizatuaren aurrean… pelikulak irekitzen duen beste irakurketa bide bat izan liteke).

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Unicorn Wars"

Kritika Zinematografikoa: “Unicorn Wars”

Euskal pantailaren gunea