Un pedigrí

pn684.jpgPatrick Modiano. Un pedigrí. Autobiografia. Anagrama 2007.

Ikaragarria da Patrick Modianok nola kitatu dituen iraganak berarekin dituen zorrak. Guraso axolagabe eta egoisten seme, aita alde batetik eta ama bestetik, espantua ematen du haren haurtzaro eta nerabezaroa ezagutzeak. Autobiografia baita liburu hau, egileak 21 urte bete zuen bitartekoa. Patrick gaztea beti ibili zuten etxetik urruti, barnetegietan sartuta. Aita negozio gizona izan zuen eta ama, ostera, zela-halako antzezlea, arima errariz beteriko gerraosteko Paris hartan. Biak ere burgesak, biak ere txakurrentzako jana egiteko modukoak, semearen zaintzari dagokionean. Modianok hoztasunez kontatzen du guztia, gurasoak barkatzen dituela esateko. Baina deigarria egiten da kontatzeko modua, kontatu nahi ez balu bezala ari baita, literaturari lekua utzi nahi gabe bezala egiten baitu hori, jakinaren gainean, kontatzeak eta idazteak soilik aska dezakeela kaka zahar hartatik. Eta irudi izugarri bat ere bai: txow-txow arrazako txakur eder bat ei zuten txikitan. Inork zaintzen ez zuela eta, inork ez zuelako maite, leihotik behera bota zuen bere burua. Modianoren arabera, txakurrak ere suizidatzen dira amodio faltan. (Eserraldi bakarrean irakurtzeko moduko liburua).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Un pedigrí”-ri buruz

  • […] UN PEDIGRÍ irakurri nionetik, badakit ezin dudala izan Patrick Modianoren lagun mina. Ezin dugula biok izan koadrilla berekoak: hotzegia, serioegia, zorrotzegia… da bera niretzat. Eta ezagutuko banindu, friboloegia nintzateke ni haren gustoetarako. Zorionez, ez da halakorik bilatzen liburu baten irakuketarekin eta zinez diot, urruntasun horretan, liluratu egiten nauela Modianok. Iruditzen zait morroi obsesionatu bat dela, bere iraganaren esplikazioan harrapatua —erran nahi baita, bere buruari eta bere buruarentzat bakarrik eginiko esplikazioan—, eta hala ere, beste inorentzat balio behar ez lukeen fikzioak, irakurlea harrapatu egiten duela. Ni bai behintzat. […]