Udako solstizioa eta denboraren antolaketa

Udako solstizioa eta denboraren antolaketa –

Antzinateko euskaldunen mundu-ikuskera biziki lotua zegoen izadiaren irakurketarekin, hau da, natura, mundua, giza-ibilera… interpretatzeko eta ulertzeko berezko gogoeta eta filosofiarekin. Euskaldunak bere burua izadiaren baitan kokatzen zuen. Izadia ez zen berea, gizakia ez zen izadiaren jaun eta jabea, osagai bat baizik, elementu bakan bat osotasunaren barruan.

Udako solstizioa eta denboraren antolaketa

Ikuskera naturalista-animista honetatik abiatuz, garai bateko euskaldunak haren inguru osoa antolatu zuen: bizitokia, ehiza, jainko-jainkosekiko harremanak, gizarte bera… eta baita denbora ere. Denboraren nondik norakoak kontrolatzea eta antolatzea arras garrantzitsua zen aro zahar haietan, denboraren antolaketaren bitartez naturaren ezagutza eta gizartearen egituraketa bermatzen baitziren nolabait. Horrela sortu ziren lehen egutegiak.

Gure egutegi zaharra sortzeko euskal arbaso zaharrek solstizioak eta ekinozioak hartu zituzten ardatz, ilargiaren eta eguzkiaren balizko mugimenduei erreparatuz. Ilargi eta Eki Amalurren bi alaba handiak ziren, ortzian edo zeruan euskaldunek gurtzen zituzten bi jainkosa handiak. Lehena gauarekin, iluntasunarekin eta heriotzarekin lotua. Baliteke bere izena ere horrekin erlazionaturik egotea: (h)il + argi. Bigarrena, haren ahizpa, egunarekin, argiarekin eta biziarekin lotua. Bi dibinitate horiek funtsezkoak izan ziren euskaldunen lehen mundu-ikuskera finkatzeko orduan.

Ama-lurra, bizidun guztien ama, dugu, zalantzarik gabe, hastapenetako euskal mitoaren erreferentzia nagusia, eta sinesmen ororen abiapuntua. Amalurren bi alaben arteko oreka desiragarria eta komenigarria izateaz gain, edozein antolaketa burutzeko ezinbesteko oinarria da, eta oreka horretatik sortzen dira Euskal Herrian ditugun urtaro edo sasoiak.

Badirudi garai zaharretan urtea bi zatitan banatzen zutela: negua eta uda. Negua litzateke neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi hotz, ilun eta hitsa; gainerako guztia uda litzateke. Bi aro eta bi egoera ezberdin, izadiaren bi aldeak. Lehendabizikoan hotza da nagusi, bigarrenean, berriz, eguzkiak protagonismo osoa hartzen du.

Etimologiari jarraituz, badirudi urte ur eta –te atzizkiaz osatua den hitz eratorria dela, eta uraren zikloa edo horrelako zerbait adierazi nahiko lukeela. Mendi eta bortuetako elurra urtzean hasiko litzateke –zenbait adituren iduriz— eta berriz hau errepikatzean amaituko litzateke.

Udako solstizioa eta denboraren antolaketa
Flickr: euskalherria

Urtearen antolakuntzan eguzkia funtsezko elementua zen. Gure arbasoek izaki biziduna zela uste zuten, urtero zeruan ziklo bat betetzen zuena, urtero sortu eta hiltzen zena. Neguburuan (neguko solstizioan) hiltzen zela uste zuten, edo hobeto esanda, data horietan eguzki zaharra hil eta eguzki berria jaiotzen zela. Hori zen, azken finean, eguberri zaharra, eguzki berri baten sortze-eguna. Sineste hau Europa zahar osoan zabaldurik zegoen eta hori bereganatu nahian, giristinoek hortxe kokatu zuten Jesus haurraren natibitate edo jaioteguna. Horrela erlijio berriak eguzki berriaren sortzea Jesusen jaiotzaz ordezkatu zuen. Euskal Herrian izena eta guztiz bereganatu zuten. eta horrela Eguberri erabili izan dugu Jesusen  Natibitatea izendatzeko. Zuberoan, dena den, Natibitate hitza erabiltzen dute.

Neguburuan sortutako eguzki berri indargeak neguan zehar egin beharko du aitzina, Ilargiren indar ezkorren aurka borrokatuz eta lehiatuz. Pittaka-pittaka bidea eginen du eta azkenean, udaberriko ekinozioan indarberriturik agertuko zaigu. Lehen udaren garaipena da, uda etorri berriaren irabaztea, udaberriaren etorrera. Neguan lurra lokarturik dago, hartz totemikoa, gure arbaso zaharrek Paleolito Aroan leize-zuloetan ezagutu zuten izaki miresgarria, lotan dago. Ama-lurraren kolkoan lo, lurra bezalaxe; eta gizaki zaharrak hartzaren hibernazio edo neguloa imitatu zuen hotzaren eta iluntasunaren aurkako bizimodu latz hartan. Hartzaroa da, hibernazioaren aroa, garai sakratu ilunaren tenorea.

Olentzero horrekin uztarturik dago, eguna, pertsonaia eta baserrietako tximinietan pizten zuten Olentzero-enborra izenekoa. Su indargearen jaia da, sua pizturik iraunarazten duen pertsonaia.

Neguarekin eta hartzaroarekin loturik bada beste kontzeptu bat: inote, inaute edo inauteria deitzen duguna, ino/inau + -te atzizkiaz osaturik dena. Hau da, eguzki indargabearen aro ilun eta luzea. Negua, hartzaroa, inautea, beraz, denboraldi bera izendatzeko euskaraz ditugun izen ezberdinak dira.

Euskal inautea aberatsa dugu, gure lurralde guztietan zabaldua dena, urtero erritoz betea errepikatzen duguna. Gizakiak inautearen bidez izadia iratzarri nahi du eta horretarako era guztietako soinu eta burrunbak egiten ditu, joareak astinduz, adarrak joz, kantu ozenak abestuz edota dantza azkarrak eginez. Lurra esnatu beharra dago, hartza lozorrotik atera, eguzkia ama-lurraren kolkotik irtenarazi, euskal gizarte zaharrari lur azaleko antolakuntza itzuli… Eta azkenean, urtero horrela eginez, eguzkia indartuko da eta udaberria zaigu itzuliko. Bedatsearen hasiera izanen da. Belar eta kimu berrien hatsa edo hastapena. Belardiak eta pentzeak, zelaiak eta baratzak ernalduko dira eta liliak eta fruituak berriz zaizkigu agertuko.

Hortik aitzina eguzkiak ortzian zehar urtero egiten duen ibilbideari jarraituko dio, indartuz, piztuz, berotuz… eta udaburuan, hau da, udako solstizioan, ekiak zeruko gaina joko du (eki + gaina = ekaina), bere gehien gradura iritsiz. Udagoienaren garaia izanen da.

Udazkeneko edo larrazkeneko ekinozioan, eguzkiak indargabetze prozesu berriari ekinen dio, eta horrela jaitsiz eta motelduz jarraituko du neguburura iritsi arte. Horixe izanen da eguzki zaharraren amaiera, bere heriotza, eta baita eguzki berri baten sortzea ere. Olentzeroren enborra, Eguberria,  su indargearen tenorea, eta ziklo edo urte berri baten hastapena.

Hauxe da gure arbaso zaharrek denboraren neurketaz edo urteroko errepikaz egiten zuten hausnarketa, eta ematen zioten ibilbidea.

Denbora banaketa honek gure mundu-ikuskera baldintzatu zuen eta errotik eraldatu. Hortik atera ziren gaur gure kulturaren adierazle bereziak diren jai eta egun esanguratsuak: Olentzero, Eguberri, Inauteria, Donibane Gaua…, eta baita haien inguruan, milurtez milurte, mendez mende, asmatu eta eraberritu ditugun kontakizun, ospakizun eta jai erritualak ere.

Udaburua gainean daukagu. Laster ekiak zeruko gaina joko du, sorginak suaren inguruan arituko dira dantzan, gure herrietako plazetan zortziko erritualak dantzatuko ditugu lizarraren edota gereziondo magikoaren inguruan. Eta euskaldunok, Euskal Herri zahar berritu honen seme-alabok, inkontzienteki bada ere, bozkario handiaz eta grina biziaz ospatuko ditugu horiek guztiak.

Suge eta apo zikinak erre!!!

Sorginak eta eguzki indartsua beude!!!

Udako solstizioa eta denboraren antolaketa

Udako solstizioa eta denboraren antolaketa

Udako solstizioa eta denboraren antolaketa   Udako solstizioa eta denboraren antolaketa
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude