Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi –

Dantzan ataritik jasoa.

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
San Roke ezpata-dantza, Deba, 2015-08-16. (Iñaki Zugasti- Dantzan).

Udan sartzearekin batera herriko jaietan murgiltzen gara; solstizioarekin festa eta dantzak eztanda egiten dute Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan. Askok hegazkina hartu eta munduko beste lekuren batera ihes egingo dute leku eta kultura berriak ezagutzeko asmoz, baina gurean ere bada zer ikusia. Euskal Herritik dantza-bidaia zoragarria proposatzen dizuegu. Tradizioa, dantza, musika, egutegia, geografia, kultura, festa eta… zergatik ez, baita parranda ere!

Nahita ere ezinezkoa izango da aurten denera iristea, zenbait ekitaldi egun berean baitira, baina bizitzan behin bada ere hurbildu beharrekoak. Hamar dira aukeratu ditugun festak, datozen asteetan ospatu eta gozatzekoak; baina beste horrenbeste eta gehiago topatuko dituzue Euskal Herriko edozein txokotan. Beste aukera batzuk iruzkinetan utz ditzakezue. Dantza dezagun uda!

.

1. San Fermin trokeo-dantzak Iruñean

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
San Fermin trokeo-dantzak, Iruñea, 2017-01-07 (Gari Otamendi – Dantzan).

2017. urtetik uztailaren 7an eta 14ean sanferminetarako propio sortutako trokeo dantzak dantzatzen ditu Duguna dantza taldeak. Iruñeko udal plazan ematen dituzte udan dantzariek prozesio eta zortziurrenaren ondotik. Zazpi dantzek osatzen dituzte Iruñeko San Fermin dantzak.

.

2. Aurreskua, ezpata-dantza eta brokel-dantza Añorgan

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Trokeo-dantzen zikloa, arku-dantza, Añorga, 2019-07-16 (Beñat Urrutia – Dantzan).

Karmen egunean, uztailaren 16an, aurreskua izaten da Añorgako jai egun handiaren eguerdiko protagonista. Dantzari helduek egiten dute soka-dantza eguerdian eta arratsaldean Arkaitz Añorgako dantzariek ezpata-dantza eta brokel-dantza eskaintzen dituzte.

.

3. Ordizian Santaneroen aurreskua

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Santaneroen esku-dantza, Ordizia, 2018-07-27 (Beñat Urrutia – Dantzan).

Ordizian ohitura berezia dago Santa Ana jaietan. Urtean zehar ezkondutako ordiziarrak Santaneroen kofradiako kide egiten dira uztailaren 27an, ondoren kalez kale ibiltzen dira sokan eta geldiuneetan soltean dantzatuz. Azkenik, soka-dantza egiten dute plazan.

.

4. Antzuolan Mairuen Alardea

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Mairuen Alardea, Antzuola, 2018-07-14 (Beñat Urrutia – Dantzan).

Uztaileko hirugarren larunbatean Mairuen alardea edo festa egiten dute Antzuolan. Egun horretan, Valdejunquerako Gudan mairu buruzagi baten ustezko atzematea gogora ekartzen dute herritarrek, musika, antzerkia eta dantzaren bidez. Plazan amaitzen dute jaia eta dantzariek trokeo-dantzak dantzatzen dituzte.

.

5. Garain dantzari-dantza eta erregelak

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Dantzari-dantza, txotxongilo, Garai, 2015-07-25 (Josu Garate – Dantzan).

Santiago eta Santa egunean festak ospatzen dituzte Garain. Uztailaren 25ean eta 26an herriko dantzariek dantzari-dantza eta erregelak dantzatzen dituzte plazan. Santa Ana egunean ezkonduen eguna ospatzen dute Garain eta dantzara ere ezkonduak irteten dira.

.

6. Berastegin San Joan dantzak

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Berastegiko San Joan dantzak, Berastegi, 2005-08-10 (Oier Araolaza – Dantzan).

San Joan dantzak izenez ezagutzen badira ere, San Lorentzo egunean, abuztuaren 10ean irteten dira Berastegiko dantzariak plazara. Hamabi dantzarik eta kapitainak osatutako taldeak brokel-dantzaren zikloaren egitura duten bederatzi dantza ematen dituzte.

.

7. Leitzako ingurutxoa eta ezpata-dantza

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Leitzako ingurutxoa, 2004-05-29.

San Tiburtzio egunean, abuztuaren 11n, ezpata-dantza egin ohi da Leitzan meza nagusiaren ondoren. Gerra aurrean Patxi Ripa maisuak irakatsitako dantzari-dantzaren bertsio bereziari eusten diote. Egun berean eta 12 gauean ingurutxoa dantzatzen dute plazara gerturatutakoen eta 15ean 19:00etan helduen ingurutxoa dantzatzen da.

.

8. Foruan soka-dantza

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Erregelak, Foru, 2009-07-31 (Iñaki Zugasti – Dantzan).

San Inazio egunez, uztailaren 31n, soka-dantza edo Busturialdeko erregelak ematen dituzte meza nagusiaren ondoren. 1981ean berreskuratu zuten ohitura eta harrezkero Foru bertako Urdaibai dantza taldea arduratzen da dantzatzeaz.

.

9. Arnegin kabalkada

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Arnegiko kabalkada (Nafarroako atlasa).

Inauterietako dantzak plazaratzen badituzte ere, abuztuko hirugarren asteburuan ematen dute kabalkada Arnegin. Inauterietako pertsonaiek ateratzen dira kalera eta etxez etxe ibili ondoren plazan dantzak eskaintzen dituzte.

.

10. Monteagudoko paloteadoa

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Munteagudoko paloteadoa, arku-dantza.

Nafarroa Erriberako beste hainbat herritan egin ohi den bezala Monteagudon ere paloteadoa aurkezten dute herritarrek; herri-antzerkia eta dantzak batzen dituen folklore adierazpena da. Monteagudon 1989an birsortu zuten herriko gazteek eta abuztuaren 16an ateratzen dira kalera. Arku-dantza, zinta-dantza, makila dantzak… eskaintzen dituzte.

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude