Uda honetako bizi gosea, kulturaz berdindua!

Uda honetako bizi gosea, kulturaz berdindua! –

Uztailean sartzearekin batera, Oihaneder Euskararen Etxea uda honetako kultura- eskaintza oparoan murgilduko da. Arrainak bezala uretan murgildu, eta euskal kulturaren barruan igeri egin gose hori berdindu eta asetu arte; hori izango da Oihanederren eskaintzaren asmo nagusia. Horretarako, anitza eta zabala da prestatutako egitaraua: deialdiak, kontzertuak, zinema, musika, lehiaketak, zozketak, antzerkia eta familia jarduerak; denetarik, uztailean hasi eta irailera bitartean. Jardueretan parte hartzeko gonbidapenak eskatu beharko dira astebeteko aurrerapenaz.

Uda honetako bizi gosea, kulturaz berdindua!Uda honetan bizi gosea barreiatuko da bazter guztietan, zalantzarik gabe. Urte latza izan da, eta txertoen hedatzeak zirrikituren bat uzten badu, hortik sartuko gara guztiok, bitan pentsatu gabe. Iazko itxialdiaren ondoren, zorionez, Oihaneder Euskararen Etxean etenik gabeko kultur eskaintza egin izan da, eta harrigarria izan da zein harrera ona izan duten proposamen guztiek; jendea kultura gosez dago, eta hori eskertzekoa da, izugarri.

Iaz bezala, aurten ere, udako eguzki goseak eta ur egarriak kulturaz berdintzea, asetzea, proposatuko da. Oihanederren egingo diren jarduerak ez dira hiriko bakarrak izango, jakina, baina eskaintza osoa euskara hutsean egingo dutenak, seguru baietz!

Horrez gain, aniztasuna oinarri hartuta, sei arlo ezberdinetan antolatu dira proposamenak hurrengo hiru hilabeteetan: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak.

.

Deialdi batek emango dio hasiera uda honi:

Iaz arrakasta handiz abian jarritako Egin leku! musikari hasiberrientzako plaza aurten ere martxan jarriko da. Musikaren munduan lehen urratsak eman, eta taula gainera salto egin nahi duten artistei zuzenduta dago deialdia. Jakinekoa da pauso hori eman ez duten musikari ugari daudela, eta deialdi honek behar duten bultzadatxoa emango die. Iaz Deñe, Aitor Regueiro, Lorea, Maialen Aristegi, Urko Buruaga eta Ihana izan ziren aukeratuak eta Oihanederren beren lanak aurkeztu zituztenak, ea aurten ere arrakasta maila bera lortzen den deialdi honetan!

Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da eta 25era arte egongo da zabalik (biak barne). Kontzertuak urrian hasiko dira, eta bi hileko maiztasuna izango dute.

Musikarekin jarraituz, Belar Sounds programaren hirugarren edizioa ospatuko da aurten, aire libreko sei kontzertuz osatua. Falerina lorategian musika estilo ezberdinetako taldeek beren lanak erakutsiko dituzte udako hainbat asteburutan. Ekainaren 26tik irailaren 11ra bitartean Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuak izango dira. Aurten, lehenengo aldiz, Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea elkarlanean ariko dira programa honen antolakuntzan.

Ondoren, musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bati hasiera emango zaio. Uztaileko hiru asteazkenetan iluntzeko 19:00etan emango dira musikari handiei buruzko filma dokumentalak, aurten ere kulturunearen barrualdean egin beharko dira, Ortuño aretoan. The Rise Of The Synths, Stiv eta Searching for Sugar Man filmek osatuko dute aurtengo egitaraua. Horrez gain, eta jaialdiari bukaera emateko, kontzertua antolatuko da Falerina lorategian Aguraingo Dupla talde esanguratsuarekin.

Lehiaketek ere izango dute bere lekua udako programazioan: OPORKLIK! Argazki-hizki lehiaketak, kasu. Indarra batasunak egiten duela sinetsita, eta eragile euskaltzale ezberdinekin elkarlanean antolatutako jarduerek eragin eta arrakasta zabalagoa dutela ikusita, udan zehar Oihanederren antolatu izan den argazki-hizki lehiaketa aurten ALEA komunikazio Taldearekin eta Gauekoak aisialdi-programarekin batera antolatu da. Lehiaketa berritua, parte hartzeko bi modu eta sari ederrak izango dituena!

Ostegun iluntzetan, berriz, umorea, Irri-barra gauetako saioekin ilunabarrak irribarrez beteko dira Oihanederren: aurten bi saioz osatutako egitaraua osatu da (abuztua eta iraila) eta aktore euskaldun ezagunak gerturatuko dira Falerina lorategira (Esti Curiel, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara).

Eta etxeko txikienekin ahaztu gabe, iraileko lehen asteetan Dona-dona katona egitarauaren baitan txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko lantegiak eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak, oraingo honetan naturak eskaintzen dituen baliabideak erabilita.

Anitza eta adin tarte ezberdinei zuzendutako egitarau oparoa Oihanederren osatu dena uda honetarako. Jarduera bakoitzaren informazio xeheagoa ekitaldi-egunak heldu ahala jakinaraziko da ohiko bideak erabilita.

Esan beharra dago, egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko direla jarduera guztiak, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko direla jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.

Horrez gain, azpimarratzekoa da jarduera guztiak doakoak izango direla, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak hartu beharko direla www.oihaneder.eus webgunean, telefonoz edo oihaneder@oihaneder.eus e-posta erabilita, astebeteko aurrerapenaz.

Uda honetako bizi gosea, kulturaz berdindua!