Txori handiak

7_m3_11.jpg

Gure jardineko metro kuadro apurretan txepetxak ere agertu izan dira noiz edo noiz, eta txantxangorriak eta halakoak, tx-z izendatzen ditugun horietakoak, euren txikitasunaren kariaz. Baina esan dezadan egia: sarriagoak dira zozoak eta birigarroak, tamaina handiagoko hegaztiak. Horietako batek —ez dakit xuxen ote zen zozo ala birigarro—, arrautza jarri zuen derrepentean idortu zitzaigun pikondoa zegoen lekua betetzen duten sasietan. Eguna joan eta eguna etorri, begira-begira egon nintzaion arrautza hari, behingoz jakiteko nor zuen ama, edo aitaren espeziea nabarituko ote nion lumajean, baina bai zera: oskola apurtu eta bertatik atera zitzaidan, xitoaren lekuan, mezu harrigarri bat: euskal idazle bat bere azken nobelaren lehen kapitulua ari da enkantean jartzen euskal editoreen artean, nork diru eta berme gehiago emanen dion jakite aldera.

Izan gaitezen zintzoak: egilea gehien Susak zaintzen du. Bera da, egile eskubideak baino, argitaralpena erosten duen bakarra (nik dakidanez) eta, gainera, beste inork baino prezio hobean. Hala ere, arrautza hartatik irtendako informazioneak ziostan Susak ez zuela jaso aukerarik ere, eleberri hori argitaratzeko. (Gauzak diren bezala , Susa, Susa baizik ez baita izan, batez ere promozio eta banaketarako orduan).

Kontua da, arrautzakoa egia bada behintzat, gure egileetako batek nobela duela esku artean, eta lehen atala eman duela amu gisa, euskal argitaletxeetara. Eta erokeria dirudien arren, batek erantzun omen du: “Kosta ahala kosta, geuk argitaratu behar dugu liburu hori”. Bingo, beraz, itxura batean. Harkaitz Canok esandako bi bideetatik, biak beteko dituela dirudi, itxura batera.

Beste idazle engaiatu bati aipatu nion albistea, eta zuri-zuri jarri zituen begiak esana entzundakoan. Albistea nork eman zidan jakin nahi zuen, eta noren liburuari buruz niharduen ere bai, ez baitzidan sinetsi txori batek esanda nekienik.

Minutu batean pentsatu eta gero esan zuen: “Zergatik ez? Ez zait gaizki iruditzen”. Erran nahi baita, ez zaiola gaizki iruditzen euskal idazle batek (ere), ahal duen dirurik handiena ateratzea bere liburu batekin. Errentagarritasuna bilatzen saiatzea, alegia. Eta niri ere ez: ez zait batere gaizki iruditzen, gauzak dauden daudenean. Jakinekoa baita, gainera, editore batek diru dezente ordaintzen badu liburu batengatik, huraxe saltzen saiatu beharko duela lehenbizi eta, beraz, promozio eta ibilera hobea izango duela liburu horrek balizko erroten artean.

Zeuri zer iruditzen?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Txori handiak”-ri buruz

  • Ederto iruditzen zait. Oraintxe ari zen Almudena Grandes telebistan eta hala esan du: “Mientras tenga lectores, seré libre”. Hemen berdin. Azkenean, albistea egia bada, azkarra dugu idazlea: diru(tz)a izango du eta promozioa; eta beraz irakurleak, beraz askatasuna.