Txalapartatik.info: Ongi etorri zure komunitatearen blogera

Txalapartatik.info

Txalaparta argitaletxeak blog berria aurkeztu egin du gaur (http://txalapartatik.info). Komunikazio, eztabaida eta hedapen tresna izateko eta www.txalaparta.eus zein gure sare sozialetan zabaltzen ditugun edukiak osatzeko asmoz jaio da. Aldi berean, hamarkadaz hamarkada era batean zein bestean egitasmo honen ezinbesteko parte izan zaretenon elkartzeko eta informazio kritikoa trukatzeko elkargunea izatea nahiko genuke.

Lehen erlaitzean, ALBISTEAKen, artikuluak, komunikabideetan argitaratutako berriak edo Txalapartak argitaratutako liburuei buruzko kritikak egongo dira. Hor egongo dira ere hiru hilabetero Gure Liburuak aldizkarian argitaratzen diren artikulu nabariak –aldizkariaren edizio digitala ere blogean eskuragarri egongo da–. NOBEDADEAK atalean egingo ditugun aurkezpen eta ekitaldiei buruzko informazioa izango duzue. Gure aspaldiko harribitxiak maite dituzuenontzat KATALOGOA sortu dugu, gure funts guztiak dauzkan online dendara doan esteka batekin. Azkenik, IDAZLEAK ataletik gure argitaletxeko idazleen zerrendara helduko zarete.

Ez genuke amaitu nahi guretzat KOMUNITATEAk daukan egitekoa aipatu gabe. Horregatik, bazkide zein irakurle, parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu: zuen iritzia ezagutu nahi dugu, gaiak proposatzea nahiko genuke; zuen argazki, bideo eta artikuluak zintzilikatu nahiko genituzke; aurkezpenak antola ditzazuen nahiko genuke; zuen komentarioak irakurri… (bloga@txalapartatik.info helbidera idatzi ahal diguzue). Zuen sostengu ekonomikoak mantentzen gaitu, zuen sostengu ideologikoak erakuts diezagula proiektuaren norabidea.

portadaeuskaraz