Txakur galduaren begitik. Leopoldo Ferranen instalazioa Getariako museoan

Txakur galduaren begitik. Leopoldo Ferranen instalazioa Getariako museoan

 

 

 

Berezia da txakur galdu baten ibilera eta portaera. Edonork bereiz ditzake, pittin bat aztertuz gero, txakur galduaren eta galdurik ez denaren ibilerak. Biziki bitxia da mundua korritzeko txakur galduarena, txakur galduak ez baitu egiten bilatu baizik. Leopoldo Ferranen erakusketa, zentzu batean, bilatze horren paisaia duzu.

Bere ibilian txakur galduak ikus ditzakeenen artean daude hiru gelak, haizea, izarra eta lizarra. Hainbat oihartzun suma daitezke: besteak beste, Poussinen Et in arcadia ego, Hölderlin, Walt Whitman, Thoreau, Heidegger eta Dersu Uzalarenak.

Hala ere, ez dago erudiziorik, ez barne tolesik, ez psikologiarik. Historiatik eta gizartetik at gabiltza. Ez dugu kortesiarik, ez itxaropenik. Bortxa da oihanean nagusi, belarraren, haizearen eta isiltasunaren bortxa.

Galdu ondoren txakurrak bere egin duen xendak oihanera baitarama, eta oihaneko muina bustitzea da eta umatzea, arauaren azpitik, gizalegetik libre. Gizakiak umatzea, bai: maite zein etsai, izeba edo arreba, ama eta amona. Baina baita gorbela umatzea ere eta erreka, basoa eta gailurra, arrano, orkatz eta katagorria, euria eta beroa, eta larrua, izterrak eta hainbat haiku.

Ez dago oihanean osotoro murgildu eta larrua jotzea baizik, oihaneko jainko ugariak euripean dantzan, denak bustirik eta denak kontent. Oihanak zabalik ditu izterrak, agerian bularrak, bero, laztandu behar. Bien bitartean, lurreko lurrina pagadiko izarrekin biltzen ari da. Orkatzak erreka bazterrean lohia usaintzen duen bezala bilatzen du katagorriak nobia bat, txakur galduak ez baitu egiten bilatu baizik. Ferranen ardura xendari eustea da.

Ez dago epaiketarik. Guztiaren onarpenak amodioaren bortxa ere barnebiltzen du, amor fati: epaitu gabe oroitu eta onartu, begiratu eta onartu, ukitu eta onartu, lurra usaindu eta onartu. Ur freskoa onartzen den bezalaxe onartu hontz bustiaren buztan gogorra ere.

Azkenik, loak hartu du txakurra eta Ferranek garraio kutxa batean sartu du goxo-goxo har dezan atseden. Utzi bakean, mesedez.

G03posgue01 copyposgue022 copyG06G07ge04

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude