Tuterako hiru judu handi

Tuterako hiru judu handi –

Tutera, Erriberako hiriburu ederra, da gaurko Euskal Herriak hego muturrean duen hiririk handiena. Ez dakigu hastapenetan nork eta noiz eraiki zuen. Batzuek diote izena erromatarren garitik datorrela, eta Tutela izeneko erromatar dibinitatea dagoela hitz honen jatorrian. Baliteke. Dena den, lehen aipamen historikoak IX. mendekoak dira bertan bizi ziren musulmanek Ebro ibaiaren gaineko gotorleku bat eraiki zutenean. Musulman horiek bertako banu-kasitarren leinukoak ziren, hau da, bertako biztanleak, musulman federa bihurtutakoak. Eta hor badira iritzi ezberdinak. Batzuek baskoiak zirela diote, besteek bertan bizi izan ziren bisigodoen ondorengoak. Gauza da, hasiera-hasieratik Tutera izan zela herri, arraza eta erlijio askoren biltokia. Juduak ere, IX. mendean azaldu ziren hirian, eta badirudi Tarazonatik joandakoak zirela artisau zerbitzuetan aritzeko.

Juduak harresiaren hego-ekialdean kokatu ziren Keiles ibaiaren bazterretan. Ainitz izan ziren bertaratu ziren juduak, eta auzo horretan hiru sinagoga ukan zituzten. 1170. urtean, Nafarroako Antso VI. Jakitunak  judu auzoa tokiz aldatu zuen, gazteluaren murruen aldera eramanez. Honi judu auzo berria deitu izan zaio. Juduak kultura aberatsekoak ziren, merkatariak, sendagileak, astronomoak, matematikariak, artisauak… eta arrasto handiak utzi zituzten Tuterako historian. Oraingo artikulu honetan Tuterako hiru judu handiren bizitzak eta egindakoak, labur bada ere, aztertuko ditugu.

Tuterako hiru judu handi
Arg: Miguel Angel Garcia

1.- Yehuda Halevi

Tuteran sortu zen 1070. urtean. Bere egiazko izena hebreeraz Yehuda ben Shemuel Ha-Levi zen. 1090. urtea baino lehenago Al Andalusera joan zen eta Granadan Moses ibn Ezra poeta juduaren ikasle izan zen. Hurrengo urteetan Al Andaluseko hainbat aljama edo judu auzotan bizi izan zen, Lucenan, Sevillan… Geroxeago Toledora aldatu zen bizitzera. Gaztelako juduen aurkako jazarpenak gogor salatu zituen bere idazkietan, eta bere bizitza arriskuan ikusiz, Kordoba aldera bizitzera jo zuen, arabiarren arteko bizia juduentzat errazagoa zelakoan. Berantago, Alexandria eta Kairo hirietan bizi izan zen eta 1141. urtean, Palestinan zebilela, Jerusalemgo ateetan  bide-lapur batek eraso eta hil egin zuen.

Tuterako hiru judu handiLanbidez olerkari, filosofo eta sendagile izan zen. Gehienbat hebreeraz idatzi bazuen ere, erromantzez idatzitako hainbat bertso ere utzi zituen. Gazte-gaztetik hasi zen idazten, eta jorratu zituen lehen gaiak amodioarekin eta adiskidetasunarekin lotuak daude. Urteetan aurrera egin ahala, judu erlijioaz, filosofiaz eta judu herriaren etorkizunaz idatzi zuen.

Bere libururik ospetsuenak honako hauek ditugu: Diwan izeneko olerki sorta, Kitab al Khazari  -bere idazlan nagusia- gutxietsitako judu erlijioaren defentsan, Jazar liburuan judu erlijioa nolakoa den azaltzen dio juduberri bati, Cuzary izenekoan Cuzary erregearen eta jakintsu hebrear baten arteko elkarrizketa luzeaz aritzen da. Zorigaitzez, euskaraz ezer gutxi daukagu. Xabier Kintana idazle eta euskaltzain bizkaitarrak Haizearen hegaletan izeneko olerki antologia argitaratu zuen Euskaltzaindiaren bidez 2002. urtean. Tuterako seme honek euskaldunen aldetik estimu handiagoa behar duelakoan nago.

 

2.- Abraham Abeznera

Tuteran jaio zen 1092. urtean eta hebreeraz zuen egiazko izena Abraham Ben Meir Ibn Ezra zen. Pertsonaia arras polifazetikoa dugu sendagilea, olerkaria, gramatikaria, matematikaria, filosofoa, kabalista, astronomoa eta bidaiaria izan baitzen. Tuteratik Al Andalusera joan zen eta bere bidaietan Ingalaterra, Frantzia, Italia, Afrika eta Palestina ezagutu zituen. Liburu ugari idatzi eta plazaratu zuen eta arlo asko jorratu zituen bere idatzietan. Kalagorrian hil zen 1167. urtean. Haren omenez, ilargian bada krater bat bere izenaz bataiatu dutena.

Hebreeraz idatzi zuen beti. Euskarara, nik dakidala,  oraino inork ez du deus itzuli. Ikus ditzagun bere liburuak arloz arlo sailkaturik.

Tuterako hiru judu handi

Judu erlijioaz:

  • Yesod Mora Vesod Hatorah. Itun Zaharreko agindu sakratuei buruzko gogoeta.

Hebreerazko gramatikaz:

  • 1140. Hebreerazko lexikoari buruzko azalpen zabala.
  • Hebreerara itzulia.
  • Sefer-ha-Yesod. Oraindik argitaratu ez den idazlana.
  • 1145. Hebreerarengramatika izugarri ona.
  • Safah Berurah.
  • Genesiari buruzko lan gramatikala. 

Matematika, astronomia eta astrologiaz:

  • Sefer ha-Ehad. 1etik 9ra zenbakien berrezitasunei buruzko gogoeta.
  • Sefer ha-Mispar. Aritmetikaz aritzen den liburua.
  • Taula astronomikoak.
  • Sefer ha- Egutegiari buruzko liburua.
  • Keli ha- Astrolabioari buruzko liburua.
  • Shalosh She’elot. David Narboniren hiru gai kronologikori emandako erantzuna.
  • She’elot eta Mashallah astrologoaren bi lanen itzulpena.
  • Sefer Ha’te’anim. Arabiar astrologiaz.
  • Reshith Hochma. Astrologiari buruzko sarrera.

Bestelako idazlanak:

  • Sefat Yeter. Dunash ben Labrateri zuzendutako lana. Bertan Saadia Gaonen defentsa sutsua egiten du.
  • Sefer ha-Shem.
  • Yesod Mispar. Zenbakiei buruzko idazlana. Bukaeran babiloniar-hebreeraren puntuazioaz aritzen da.
  • Iggeret Shabbat. Sabbatari buruzko gogoeta.

 

3.- Tuterako Benjamin

Tuteran sortu zen 1130. urtean. Benjamin Tuterakoa izan da XII. mendeko bigarren erdialdean judu bidaiaririk ospetsuena. Berari buruz ez dakigu gauza askorik gure informazio iturri bakarra hebreeraz idatzi zuen Séfer Masaot (Bidaien liburua)  baita. Liburu honi esker, jakin badakigu Jonas errabinoaren semea zela. Hau ezagunagoa dugu euskaldunon artean, batez ere, Xabier Kintanak 1994an argitaratu zuen Benjamin Tuterakoa. Bidaien liburua. izeneko liburu hirueledunari esker, liburu horretan hebreerazko jatorrizko testuaz gain, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ere eskaini baitzizkigun.

Tuterako hiru judu handi

Liburuari jarraikiz, badakigu 1160 inguruan abiatu zela Nafarroatik, garai hartan Antso VI.a errege zelarik. Badirudi osora hamalau urte inguru eman zituela bere bidaietan. Zehatz-mehatz ez badugu bidaia hauen helburua ezagutzen, liburuaren lerroetatik atera liteke harri bitxien merkataria izan zela. Bidaietan zehar beti harremanetan jarri zen bisitatu zituen herrialdeetako auzo juduekin. Liburuan kontatzen duenez, 190 herrialde inguru ezagutu zituen, batez ere, Europan, Ekialde Hurbilean eta Ekialde Ertainean.

Tuteratik Zaragozara jaitsi zen eta hortik, Tortosa, Tarragona eta Bartzelonara. Gironatik barrena Probentzara sartu zen. Marseillan itsasoratu zen Genoa,  Pisa, Lucca eta Erroma bisitatuz. Badirudi Erroman denbora luze egin zuela bertako monumentuei buruzko oso deskribapen luze eta aberatsak egiten baitizkigu.

Erroma utzirik, Hegoalderantz abiatu zen, Salernorantz. Otranton itsasoratu zen eta Korfu uhartea eta Arta zituen bisitatu. Grezia zeharkatu zuen eta Konstantinoplara  iritsi zen. Asko eta luze idatzi zuen hiri honetako biztanleez eta egoera sozio-politikoaz.

Ondoren Egeo itsasoa zeharkatu zuen, Mitilene, Chios, Samos eta Rodas irlak bisitatuz, eta hortik Txiprera joan zen. Gero Antiokian, Sidonen eta Tiron ibili zen, eta Akre hiritik Palestinara sartu. Herrialde osoa bisitatu zuen eta Leku Sainduei buruz asko idatzi zuen, era guztietako zehazkizunak emanez.

Palestinatik iparreko lurraldeetarantz abiatu zen. Tiberiades, Damasko, Alepo eta Mosul hiriak zituen bisitatu eta hortik barrena joanez, Bagdaderaino iritsi zen. Eta hiri hau da bere liburuan gehien deskribatzen duena. Badirudi, aipatzen ez duen arren Mesopotamian eta Pertsian barna ere ibili zela. Horretaz gain, bisitatu ez zituen herrialdeen berri ematen digu. Horrela India, Zeilan eta Txinako Kai Fong izeneko judu auzoari buruzko datu baliosak ematen dizkigu.

Nafarroara itzultzean, Egiptotik barrena pasatu zen, eta Kairo eta Alexandriako juduei buruzko zehazkizun aberatsak ematen dizkigu. Hortik Siziliara igaro zen. Palermo hiriaz luze mintzatzen da bere liburuan. Hortik Al Andalusera pasatu zen eta Gaztela zeharkatuz Nafarroara iritsi 1170, urte aldean.


Ikusten duzun bezala, irakurle, hiru judu hauek gure historian azaltzeko moduko pertsonaiak dira. Eta horixe da artikulu honen xedea, euskaldunon artean Tuterako juduekin izan dugun altxor baliosa ezagutaraztea.

Tuterako hiru judu handi Tuterako hiru judu handi Tuterako hiru judu handi Tuterako hiru judu handi Tuterako hiru judu handi

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude