Ttakuna herren geratu zaigu

Ttakuna herren geratu zaigu –

Duela zenbait urte gazteok gazteontzako tailerrak egiten hasi ginen herrian, bakoitzaren jakintza besteen eskuetan jartzeko markoak sortze aldera. Ekimen ezberdinak atera ziren, tartean txalaparta. Txalaparta, aparteko txaloa, duela hamarkada gutxi ia pipiek janda desagertu zen geure herriaren melodia, oholetan oholtza, egur eta haragi. Mikel Laboak horrela abesten zuen Oreka TX-en Saustatik Erbetegira abestian:

“Ttakun herren, ttakun herren,

lau makil eta lau beso,

bi bihotzen joa ozen,

elkarrizketa goxo.

Batek ezin, elkarrekin,

txalaparta soinuan,

elkar urtuz, elkar hartuz,

bizitzaren doinuan”.

 

Ttakuna herren geratu zaiguFilosofia horrekin bizi izan zen Joxan Artze, bizitzarekin elkar urtuz eta azkenean heriotzarekin elkar hartuz, gaurko egunez, 78 urterekin. Bera izango da, seguraski, guk txalaparta jotzen hasi izanaren arrazoi nagusienetako bat. Artze anaiek, Joxanek eta Jexux Marik, 1968an “Txalaparta” diskoa grabatu zuten, Herri Gogoa-Edigsa diskoetxearen eskutik, Bartzelonan; huraxe da txalapartarekin grabatutako lehen diskoa. Horretaz gain, Romea antzokian zuzeneko emanaldiak egin zituzten astebetez, Pi de la Serra, Raimon eta Pau Riba kataluniar kantariekin batera. Bixente eta Juan Mari Beltran anaiekin ere aritu ziren Artze anaiak txalaparta jotzen eta esperimentuak egiten: Joxeanek olerkiak errezitatu, Juan Marik txistua jo, eta Jesusek eta Bixentek txalaparta.

Euskal kulturaren berpizkunde garaian, Ez dok Amairuren testuinguruan, formula berdina errepikatu zen maiz: batzuetan sorkuntza zen berria, baina askotan baserrietako ganbaretan ezkutatuta zegoena plazara atera zuten arnasa hartzeko, itoko zen bestela. Hori izan zen txalapartaren kasua. Ba ote instrumentu primitibogorik inon? Egurra egurrarekin. Oteizaren 80. amona neolitikoak ere ezagutuko zuen akaso txalaparta; eta sagarra, biak ala biak elkar hartuz, elkar urtuz. Baserrian mantendu zutenei esker, eta plazara plazerra atera zutenak bitarteko, ez zitzaigun txalaparta mutxikindu.

Ttakuna herren geratu zaiguTxalapartaz grabatutako lehen disko luzea grabatu zuten 1975ean, Milango Ricordi estudioan: Txalaparta’75 iraila, Grurpo Zaj taldeko kide Walter Marchetti olerkariak ekoitzia eta Cramps zigiluak plazaratua. Hurrengo urtean, Luis de Pabloren Zurezko olerkia obraren estreinaldian parte hartu zuten, Bonn hirian (Alemania). Urteek aurrera egin ahala, Jesusek harreman estuagoa mantendu zuen txalapartarekin, baina bi anaien lau beso eta bi bihotzak makina bat aldiz elkartu ziren ttakun eta herrenerako. Txalapartarekin esperimentatu zuten, ikertu, eta merezi zuen kategoriara eraman.

Gauza asko zor dizkiogu Joxani eta bizitzari izan zion maiteminari: petril batean igota “Baztan izan nintzen” abesteko plazera; bakoitzaren etxeko testuinguruan “Txoriak txori” abestuz  isuritako malkoak; edota euskalduna ez bada euskaraz mintzo hilko garela gogorarazten dizkiguten Euskal Herriko hamaika txokoetako kartelak.

Gaurkoan erraldoi honek egindako gauza guztien artean, txalaparta azpimarratzera mugatuko naiz. Ttakuna herren geratu zaigu. Betiko argia, Joxan.

Ttakuna herren geratu zaigu
ARG: Juantxo Egaña
Ttakuna herren geratu zaigu

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.