Tropeletik begiratuta

Tropeletik begiratuta

Ramon Saizarbitoriak esan berri du kultura gutxitu eta minorizatu batean borroka egin beharra egokitu zaiolako dela bera idazle. Beti izan da halakoa Saizarbitoria, idazle dela onartzea kostatu egiten zaiola aitortzen duenetakoa, nahiz eta, gure iritzira, beste leku batean jaiota ere, Parisen edo Tegucigalpan, idazlea izatea beste aukerarik ez zukeen izango. Nahi duena esango du, baina Saizarbitoriak literatura behar du bizitzen asmatzeko.

Ez aspaldi izan zen garai bat, euskara eta euskal kulturaren  etorkizunaz kezka zeukan edonor, idazle izatera beharturik sentiarazten zuena. Eta hala, dozenaka dira herritar euskaldunak euren bizitzetako uneren batean idazletarakoak zirela pentsatu izan dutenak. Gure Bartleby partikularrak dira, lanen bat zela-hala argitaratu ondoren, idazgintza albo batera utzi dutenak, “aukeran, nahiago ez”, esanez.

Herri bezala etorkizunean bizirik iraun beharraren ardura hori eta bertan literaturak daukan garrantziaren eztabaida, literatura eta konpromisoarenarekin nahastuta etorri izan zaigu sarri, Txillardegi eta Bernardo Atxagaren artekoa gogoan. Orduz geroztik argi geratu zitzaigun literatura ezertarakoa izatekotan, literatura soil izanez duen balioagatik dela eta ez beste ezergatik.

Utzi egin genion literaturaren bidez euskara eta herria salbatzeari, eta agian, baita literaturaren bidez gure kultura bermatzeari ere. Eta bidean geratu ziren idazle usteko guztiak, euren bestelako ogibideetan konformaturik. Batek baino gehiagok egundoko libratua sentitu zuen, jada ez baitzegoen nahitaez idaztera behartuta: hizkuntzaren alde, herriaren alde, beste bide batzuetatik egin zezakeen idazte kontu aldrebesak idazle benetakoentzat lagata.

Baina, diodan bezala, ondo ulertzen dut Saizarbitorioak dioena. Oroitzen baikara nola hasi ginen euskaraz irakurtzen, idazten eta argitaratzen, geu ere hizkuntza bat eta kultura bat salbatzeak bultzatuago, Faulkner izateko asmoak baino. Tropela bezala ezagunak garen idazleen belaunaldiko gehienon kasua da hori edo, bederen, hala iruditzen zait niri.

Kontua da, ordea, modu batean hasi arren, beste batean amaitu dugula tropelekook. Aspaldi dakigu ez dugula ezer salbatuko idazketaren bidez, geure burua ez bada. Eta hori ere larri, ezen edozein ariketa artistikok bezala, idazketak ere bai baitaki sortzailearen baitan zalantza, kezka eta krisia pizten. Porrota du lagun, gehienetan, idazleak. Orain eta beti, endemas. Gainera ohituta gaude horretara eta, areago, idazle izatearekin berarekin batera doan zerbait da porrota.

Irudipena daukat, tropelekook ikuspegi betiereko hori gordetzen dugula oraindik ere idazteaz, apur bat buhame, apur bat erromantiko edo zoro. Zer axola zaigu kanonaren edota izarren distirarik gabe goazen gehienoi sistema literarioan harrapa dezakegun zatiak? Nahikoa lan badugu idazten asmatze berarekin.

Horregatik egiten zaigu ikusgarri gu baino idazle gazteagoei begiratzea. Ikusten ditugu konturatuta daudela, literatura zintzoa idazteak baino ardura handiagoa daukala gaur egunean arrakasta edukitzeak. Gordintxo esatea bada ere, ohartuak dira espazio publikoan eta hedabideetan irabazten duela sona eta ospea gaurko idazleak.

Gutako ia denok ez bezala, eurak arduratuta daude euren idazle karreraz eta lehia bizian daude elkarren artean, nork ageriko lanak hobeto egingo. Eta hala, maisu eta maistra bilakatu dira hedabideen gobernuan, argazkietan jarri beharreko aurpegiera egokietan, irratiz edo telebistaz esan behar diren hitz zehatzetan…

Idatziko dute ondo edo idatziko dute gaizki, baina Tropelaz geroztiko  idazle asko eta asko, gure belaunaldikoak baino askoz ere hobeak dira halako gauzetan. Iaioak dira komunikabideen kudeaketan eta guk baino lan eta arreta handiagoa jartzen dute horretan. Denok ditugu buruan, liburu bakarra edo birekin, dagoeneko Parnasoan bizi direnak.

Ez dakite gaizoek, hango argia ere, amatatu egingo zaiela halako batean edo, nahiago bada, ondorengoei begira jarriko direla orain euren gainean dituzten foko guztiak.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

12 pentsamendu “Tropeletik begiratuta”-ri buruz

  • Tropelekoa naizen neurrian (baldin banaiz, zilegi bekit neure burua hor sartzea), ohartaraztapen bat, Hasier: ni behintzat ez ninduan hasi literatura idazten euskararen aldeko jarrerak bultzatuta; alderantziz izan zuen prozesua: literaturaren bidez euskaltzaletu ninduan. Eta uste diat hori dela tropeleko beste askoren kasua; akaso tropeleko gaztexeagoona (nahiz eta adin diferentzia txikia izan). Patxi Zubizarreta zaukaat gogoan, gertutik ezagutu nuen kasu bat aipatzarren, edo Aitor Arana, Gerardo Markuleta, Xabier Mendiguren Elizegi bera ere bai seguru asko, baita Pako Aristi ere… 1963 baino lehen jaiotakoon (zuek) eta (gu) 1963an edo ondoren jaiotakoon artean egon zitekek akaso, lausoa bada ere, banaketa marratxo bat horren inguruan; ez zakiat, ikerlariek ebatz bezate, ebazterik bada.

    Bestetik, ezin diat ukatu idazle gazteagoei buruzko hire ikuspegi hori ez zaidala guztiz arrotza, eta neuk askotan izaten dudan irudipenarekin bat datorrela. Baina uste diat, hik esandako horretatik zerbait badagoela ukatu gabe, idazle gazteak hire komentario horrek iradokitzen duena baino askoz gehiago direla. Bueno, seguru asko heuk ere badakik hori, baina zirikatzailearen rola jokatu nahi izan duk. Ea ba probokazioak baduen erantzun interesgarririk.

    • Honetan ados nago zurekin, Juan Luis. Nire irudiko, Tropelako “belaunaldia”, olatua edo jendea izan zen -oro har- Euskal Literaturan IDAZLEA izateko kontzientziaz sartutako lehenbizikoa. Nor idazlea dela aitortzeko lotsa beti nagusitu den arren.

      Jakina, hori jeneralizazio bat da. Eta zehaztu beharreko lehen puntua litzateke “Tropela” benetan egon den (testuinguru historiko batean, ezaugarri generazional batzuekin…), eta nor sartzen den hor.

      Eta horretan ere ez legoke gaizki lotsa pixka bat galtzea. Kasu honetan, euskal idazleak duen sailkatua izateko lotsa, edo eskrupulua. Izan ere, Euskal Literaturaren dimentsio edo pertzepzio kolektiboak eskertuko luke gure arteko puntu komunak eta banalerroak gehixeago definitzea.

      Nire iritzi harroxkoan, “Tropela” fenomenoa bai egon da (neu talde horretakoa naiz), eta “olatu” tropeltsu horren gandorra 1957 eta 1964 urteen artean jaiotakoak izan ginen (Sarri haur aurreratuaren bezalako salbuespenak salbuespen). Eta zuk aipatzen dituzun adibide horien artean Jon Alonso bera sartuko nuke, nabarmen.

      Zergatik gutako inor ez zen euskal idazle gisa nabarmendu, hainbestek IDAZLEA izateko gogo edo kontzientzia hori edukita? Labur zurrean: gehiegi ginelako, idazten erdaraz hasiak (aurrekoak bezala, bai, baina gure abentura eta esperimentuekin jokatzeko marjinarik gabe), eta euskara hizkuntzarekin ere hasi berriak, edo berriz hasiak… “Euskara literario batua” gorputz hartzen ari zen une batean (eta horretan ere mesede baino traba ginen gehientsuok, idazle lanetan).

      Aurreko aukeratu batzuk orduantxe ari ziren literatur arloan ere Iparra aurkitzen, eta emaitzekin asmatzen. Saizarbitoriaren kasu berezia aparte, hain zuzen. Hasieratik asmatu zuena, puñeteroa. Idazlea izatearen kontzientzia, zama edo bizioa ez zuelako, agian.

  • Bitxia, hedabideetan izan beharreko jarreraz modu horretan hitz egitea, zeri eta literaturari buruzko saioa, non eta telebistan izan duen, zer eta kazetari batek.

    Idazle gazteek ikasteko asko dute, bai, “gaizoek”. Baina ikasiko dute, egon lasai, zure modukoen gezi pozoitsuei esker. Artikulu honekin ikasiko zuten, adibidez, argi horiek beste batzuengan jartzen direnean suminduta sentituko direla, frustratuta eta erreta.

    Literatura zintzoa egiteaz baino arduratuago omen daude arrakasta izateaz.

    Zintzoa zer da? Norberarena?

    Eta arrakasta? Besteena?

    Nahita da zikina eta makurra artikulua edo nahigabe atera zaizu halako adur txarra?

  • Joseba Barandiaran 2012-07-18 11:58

    adurrak adur, ukaezina da Hasierrek dioen hauxe: “espazio publikoan eta hedabideetan irabazten duela sona eta ospea gaurko (euskal) idazleak”.

    euskal literaturan gutxi saltzen da eta, irakurri, gutxiago. idazleez hitzegiten den apurra, hartara, gehiago da komunikabideetako agerpenen araberakoa. izan nobela bat film bihurtu dutelako, emakumea edota gaztea (edo biak) izateagatik edota, nola ez, Espainian sariren bat jaso izanagatik.

    dena den, esango nuke zutabegile gisa arrakasta eta ospea irabazi duen dozenerdi bat idazle on ere baditugula. idatzi eta irakurtzen dena, finean, gaur geroz eta gehiago da sarekoa eta gailuei lotua, paperekoa eta liburukoa baino…

  • “izan nobela bat film bihurtu dutelako, emakumea edota gaztea (edo biak) izateagatik edota, nola ez, Espainian sariren bat jaso izanagatik”.

    Ze zorte emakume gazteek! Bagina eta adina nahiko dituzte ospetsuak izateko!

    Bat falta dut nik, horregatik nago trola izatera kondenatuta “idazle” izan beharrean.

  • trolak dio: “Bitxia, hedabideetan izan beharreko jarreraz modu horretan hitz egitea, zeri eta literaturari buruzko saioa, non eta telebistan izan duen, zer eta kazetari batek.” Duda bat sortu zait: zuk uste duzu Hasierrek “Sautrela” aurkezteak mesede egin diola bere obraren zabalkundeari eta bere, nolabait esateko, “idazle estatus”aren itzalari? Baliteke hala izatea, baina ni mesede baino kalte handiagoa egin diolakoan nago, eta benetan uste dut Hasierren obrak puskaz gainditzen duela gure mundutxoan hark baino “idazle estatus” hobea duten idazle askorena. Antzeko beste kasu bat Xabier Mendiguren Elizegirena da, nire ustez: hain presente dugu beti gure artean editore, aditu, hizlari, sare sozialetako dinamizatzaile eta saltsa guztietako perexil gisa, ahaztu egiten zaigu bere obra oparoaren barruan literatur lan bikainak daudela. Uste dut idazle baten irudiari, edo behintzat bere “idazle estatus”ari, kalte egiten diola hedabideetan idazleaz besteko zereginekin lotuta neurri batetik gora agertzeak. Iritzi bat besterik ez da, edo are gutxiago: irudipen lauso bat. Zer uste duzue zuek?

    • Honetan, bestela ikusten dut afera. Nire iritziz, “kanpora begira” baino gehiago “barrura begira” egin die kalte. Biak ere idazle bikainak izaki, benetan.

      XME-ren kasuan, esango nuke bere editoreak gaizki aholkatu diola, lehen mailako edo lerroko obra bat osatu nahi bazuen. Agian ez da hori inoiz izan bere helburua. Baina saiatzeko prest balego, neuk aholkatuko nioke –onartzen badit- urte sabatiko pare bat edo hiru hartzea. Batere erraza ez dena, badakit, batez ere krisi garaiotan.

      HE-ren kasuan, berriz berak aparteko liburu bat badu (“Bost idazle”) eta espero dut gisa horretako liburu gehiago taxutzeko denbora eta patxada hartzea. Ziur nago fikzioa eta saiakeraren arteko eremuan ere urrun irits litekeela, eta ez legokeela ausardia eta material faltan. Fikzio lan batean zentratu eta murgiltzeko, tira, sobera liatu eta desmotibatuta ikusten dut, nire etxeko aulkitik.

      Oso talaia kaxkarra, bestalde. Barkatu atrebentzia, biek ere, mesedez.

  • Asko gustatu zait sarrera. Nire uste apalean nahikoa ebidentea den zerbaitetik abiatu zara; alegia, gaur idazle zenbait idaztetik baino idazle izatetik bizi da -eta ez, ez da berdina. Eta hortik dator gogoeta pertsonala; norberak egin dezala berea. Juan Luisek dioena ere egia izango da ziurrenik, idazle status-a lausotu ere egin diola/dizuela zenbaiti beste rol batzuk betetzeak. Portzierto, ikasiko dute, eta beharbada hemendik has gaitezke (Vila Matas): http://www.barcelonareview.com/23/s_escribir.htm

  • Alex G., uste dut Vila-Matasen artikulu bikain hori PARIS NO SE ACABA NUNCA haren garaikoa dela. Gure artean ibili zen orduan Vila-Matas, eta galdetu genion ea esalldi horiek egiazki esan ote zituen Gidek, esan ote zituen Durasek… Eta Enriqueren erantzuna: “No estoy muy seguro de si se me ocurrieron a mi o a quien, pero queda muy bien decir que fueron ellos. ¿No te parece?”. Bestalde interesgarria gerta dakizuke literaturaz gogoeta eginez batera, Atxaga eta Sarri aipatu zitueneko hura ere.

    • Interesgarria, eskerrik asko H; ezin uka VM tipo berezia denik. Beti zait kuriosoa nola hitz egin dezakeen idazteaz eta idazleez bera artean gazte eta berde (eta ez hain gazte eta hain berde) zeneko VM hura fikzionatuz (autofikzioa nola egiten duen…).

      Portzierto, Saizarbitoria aipatzen duzu zuk artikuluan, eta VM aipatu dugu; ze gezurteroak diren idazle handiak ezta?…ejem.

  • eskerrik asko, bai loreengatik, bai aholkuengatik.