Tosta ala kosta

Tosta ala kosta

Tosta ala kostaTosta” Europako atlantiar kostaldean aurki daitezkeen hizkuntza gutxitu eta zapaldu ugariren arteko elkarlan proiektu bat da. Donostia 2016 proiektuaren barruko ideia bat da, eta pasa den urtea pasatakoa izan arren proiektua 2017an gauzatuko dela dirudi. Proiektuak sorkuntza artistikoa zein hizkuntza eta kultura aniztasuna ospatzen ditu, eta mundu mailako proiekzio bat eman.

“Karga kulturala” ibiliko da, beraz, Europan zeharreko hainbat portutan, eta proiektuan parte hartu duten komunitateetan egingo ditu geldialdiak Tosta itsasontzi eta proiektuak; portu bakoitzean bizpahiru eguneko jaialdi bat egingo da arestian aipatutako baloreen gorazarrea egiteko.

“Tosta” hitza hizkuntza ugaritan errepikatzen da, eta itsasontzietan izan ohi zen aulki edo banku bati egiten dio erreferentzia. Beraz, eseri Tostan eta gozatu proiektu honen inguruko dokumentalaren trailerraz.

Komunitateak eta hizkuntzak

Cymraeg – Galesera: milioi erdi hiztun inguru dira, eta hiztun kopuruak lehen aldiz egin du gora aspaldiko partez. Erresuma Batuak, inperio gehinen antzera, zokoratu eta zapaldu ditu, eta estatuaren politikak hizkuntza desagertaraztera egon dira bideratuta. Hizkuntzaren aldeko mugimenduek lan handia egin dute, eta egun eskoletan irakasten da, legez babestuta dago eta presentzia esanguratsua dauka hedabideetan.

Frysk – Frisiera: 450.000 hiztun inguruz osatua, Herbereetako bi hizkuntza ofizialetako bat da. 1500 urte inguru dauzka, eta hizkuntza germanikoa da (aintzinako ingelerarekin harreman estua du). Frisiako herritarren %55arentzat frisiera ama hizkuntza da.

Gàidhlig – Eskoziera: Gaelikoa, eskoziarren jatorrizko hizkuntza. IV. mendeaz geroztik hitz egin da Eskozian, eta Europan topa daitekeen idatzizko hizkuntza zaharrenetakoa da; ahozko zein idatzizko ondare aberatsa daukate, beraz. Hezkuntzan XX. mende erdialdean hasi ziren txertatzen, eta eskola gaelikoen eskaera handitzen doa urtez urte. Egun 58.000 hiztun dira, eta azken urteetako neurketek diote zifra hori estabilizatu egin dela.

Ghaeilge – Gaelikoa: irlandarren gaelikoa hizkuntza zeltikoa da. Aditu askoren arabera 2500 urteetan zehar mintzatu dira irlako herritarrak gaelikoz. Gaeltacht dira hizkuntzaren arnasguneak, eta 70.000 lagunek ama hizkuntza dute. 2011ko datuen arabera 1,77 milioi lagunek dakite hizkuntza errepublikan (Ulsterrekoak gehitu beharko genizkioke zifra horri)

Kernewek – Kornualles: Elizaren Erreformak ingelera inposatu zien Kornualleseko herritarrei, matxinatu egin ziren (beste arrazoi gehiago medio) eta milaka hil zituzten; ordutik hona aldapa beheran bizi izan dira; dena den, azken hamarkadetako lana ari da fruituak ematen.

O Galego – Galiziera: VIII mende ingurukoa, inguru hartan latinak daukan eboluzioa. Autonomiak ez dio inongo bermerik ematen hizkuntzari, eta azken urteetako hiztun kopuru galera esanguratsua da.

Eta amaitzeko, noski, gu geu. Bakoitzak egin dezala bere sinopsia.

Tosta ala kosta