Tipos Infames: “Apalategietan daukaguna gure bertuteen eta gabezien islada da”

20150203_143545_1

 

Zoro gutxi batzuk bakarrik dute krisi betean liburu-denda bat zabaltzera ausartzeko gibela. Alfonso Tordesillas, Gonzalo Queipo eta Curro Llorca dira horietako hiru. Artearen Historia ikasten ezagutu zuten elkar Madrilgo Complutense Unibertsitateko fakultatean eta ordutik haien bizitzak txirikortatuta darraite. Karrera amaituta, liburu-dendetan lanean hasi ziren, euren ametsetako liburu-denda ereduaren oso bestelako ildoa zuten kate handietan hasi baina. Hor piztu zitzaien Tipos Infames sortzeko gogoa. Gumersindo Lafuentek zuzendutako Soitu proiektuan liburuen kritikak argitaratu eta literatura gomendatzen zuten. “Kultura sailean jardun genuen lanean. Proiektu ederra izan zen Soitu, egun kazetaritza digitalean egiten den ororen aurrekaria”, oroitzen du nostalgiaz Tordesillasek, “bertan ibili zen jendea orain proiektu potenteetan dabil”. Etapa hori amaitu eta Tipos Infames liburu-denda zabaldu zuten Madril hiriburuko Malasaña auzoan. Liburuak eta ardoak ipintzen du sarrerako aflixan. Ez da ohiko liburu-denda bat. Garai berrietara doitu den negozio ttikia da, araudi arrotzen gainetik.

Nola antolatzen dituzue liburuak?

Gonzalo Queipo: Alfabetikoki. Bildumaren gehiengoa narratiba da. Badugu saiakera atal bat, ilustraziodun liburuen atala, eleberri grafikoen atala. Ia 5000 tituluko bilduma dugu liburu-dendan.

Laurence Cossé-ren ‘La buena novela’ (Impedimenta) eleberrian liburu onak bakarrik salduko dituen liburu-denda bat sortu nahi dute. Zuek ere liburu onak nola hautatzen dituzue?

Alfonso Tordesillas: Saiatzen gara liburu onak hautatzen.

GQ: Guk ez dugu esaten liburu onak ditugula soilik. Ez dugu jendeari gustatzen zaiona hautatzen, guri gustatzen zaiguna baizik. Askotan bat egiten du besteen gustuekin, baina, batzutan ez. Saiatzen gara kalitatezko hautaketa egiten, noski.

AT: Apalategietan daukaguna garenaren islada da. Geure bizio eta fobiena hein handi batean. Ez gara liburu-denda perfektua inondik inora, baina gustatzen zaiguna egiten dugu. Proiektuaren hazia hori izan zen: liburu-denda idealak nolakoa behar zuen hasi ginen eztabaidatzen lagun artean. Soitu hedabide digitalean liburuen kritikak egin eta literatura gomendioak egiten hasi ginen eta hortik tiraka liburu-dendaren proiektuak indarra hartu zuen apurka, 2010eko urrian zabaldu genuen arte.

Liburu-dendariak. Bai, baina, zein da zuen jatorrizko ofizioa? Nondik zatozte?

GQ: Complutense Unibertsitatean Artearen Historia ikasten ezagutu genuen elkar, Currok, Alfonsok eta hirurok. Etapa horren ostean bakoitzak bere bideari ekin zion, eta gehienok liburu-dendetan lanean amaitu genuen. Ez noski hainbeste aldiz amestutako liburu-denda idealean. Liburu-denda kateetan. Gustuko genituenak eta ez genituenak ikusiz asko ikasi genuen, eta horrek piztu zigun proiektu honi heltzeko gogoa.

Barkatuko didazu monotemaz galdetzea, baina, Podemosen sormuinetik zatozte orduan, Complutensetik.

GQ: Bai, egia da. Artearen Historiako fakultatea Politikakotik oso gertu dago bai. Egia esan, liburu-dendak denbora pila kentzen digu, nahi baino gehiago. Larunbatean (urtarrilak 31ean) ezin izan genuen Puerta del Soleko manifestaziora joan, lanean baikeunden.

“La Centraleko langileek
Casa del Libroko langileen
arazo berberak dituzte”

 

Soitun idazten zenuten, lagunik egingo zenuten bertan. Nolakoa izan zen etapa hura?

AT: Gumersindorekin harreman ona dugu. Oker ez banago gero El Paísera joan zen, eta orain Por Causa proiektuan dabil. Soitun ibilitako jende ia guztiak proiektu interesgarrietan bukatu du. Diaspora tristea izan zen, kazetaritza digitalean gerora egin diren ekimenen aurre-proeiktu oso interesgarria izan baitzen Soitu. Esperientzia oso ederra, oso polita. Ezin dezaket esan lagun minak ginenik, baina Soituren etapan dena partekatzen genuen, eta harreman ona egin genuen lankide denekin.

Duela gutxi irakurri genuen Jotdownen La Central liburu-denda sareko liburuzain Marta Ramonedari egindako elkarrizketa. Elkarrizketak berak baino, iruzkinek sortu zuten polemika, bertako langileen baldintza txarrak direla-eta. Zer iritzi duzue gaiaz?

AT: Ezagutzen dut La Centralen lana egiten duen jendea. Tipos Infamesen izenean ezin dut ezer esan, baina esan diezazuket nire iritzia.

Bota ba!

AT: Nire iritzia da, esaten dena egin behar dela. Saltzen dena. Eta zuk Casa del Libro ez den beste negozio eredu bat saltzen baduzu, FNAC ez den beste eredu bat, gero hori nabaritu egin behar da lan ereduan, komunikazioan eta maila guztietan. Bestela ez duzu hitza betetzen. Ezagutzen ditut Casa del Libroko langileak baita, eta La Centralekoen arazo berberak dituzte, aldiz bi liburu-denda kateek irudi ezberdina dute. Bakoitzak irudi ezberdin bat proiektatzen du. La Centralek, nire iritzi apalean, proiektatzen duen irudiarekiko fidela beharko luke izan. Ez nuke nahi polemizatu, izugarrizko garapena izan duen eredua iruditzen zait Ramonedarena. Casa del Librorekin badakizu zer duzun, ahalik eta diru gehien egitea da beren helburua, baina, beste zerbait adierazten baduzu, beste eredu bat planteatu, exijentzia eta kritika gradua igo egiten da. Normala den eran.

Ereduak aipatu dituzu. Zein da baina Tipos Infamesen eredua?

AT: Enpresa tradizionalarena. Enpresa sortu duten hiru langile, hiru lagun gara. Aurreztutako dirua inbertituz eta maileguak eskatuz, Espainiar Estatuan dauden negozio ttikien %65ak egiten duen bezalaxe. Drogeria edo Jostundegi bat sortzen den bezala. Elkarte mugatu bat gara eta langileok enpresaren bazkide gara. Curro Bartzelonara joan zen bizitzera, bere neska hangoa delako, eta berarekin segi nahi dugu lanean. Orain bere ordez konfidantzazko lagun bat etorri da, eta oso gustura gaude. Lagun diodanean, ez diot kuadrilako kidea denik, konfidantzazkoa eta langilea dela baizik. 10 ordu inguru sartzen ditugu egunero lanean, eta ordu erdiak kobratzen ditugu, arrazoi nabariengatik. Ez daukagu hedapenerako eta kontrataziorako gaitasun ekonomikorik. Hauxe da gure pasioa.

GQ: Biziraupena.

“Liburu-denda baten salmentek
Tourreko etapa baten grafikaren
antza handia dute: gora eta behera”

 

Liburu-denden sektorea dagoen bezala dago eta jende askok galdetzen du ea nola bizi daitekeen luburuak saltzetik. Zuek bestelako zerbitzuak eta ekitaldiak eskaintzea erabaki duzue.

AT: Liburu-denda bat egin nahi genuen, baina balio gehigarriarekin, zerbait gehiagorekin. Lehen sal-erosketa bakarrik egiten zen, sartu, liburua erosi eta kanpora. Guk ez genuen hori nahi. Jendeak liburuak kontsultatu eta irakurtzeko giro aproposa izango zuen lekua nahi genuen. Zaratarik gabekoa, erosoa, irakurleak eserita, garagardo bat hartuz, eleberri bat lasai gainbegiratzeko. Gainera liburu aurkezpenak, erakusketak eta bestelako ekimenak antolatzeko espazioa izatea nahi genuen, hori da guretzat plusa.

GQ: Museoaren adibidea jarri ohi dugu. Museo batera sartzean, inor ez da harritzen bertan kafetegi bat badago, kontsigna bat eta denda bat aurkitzen badu. Museoa da, baina, zerbitzu gehigarriak eskaintzen dizkio bezeroari. Guretzat ere gehigarriak dira nola ardoak eta kafeak, hala ekimenak. Hori bai, funtsezkoena liburuak dira. Hautaketa zainduta egotea, berritasunak bikain egotea, zainduta. Ekimenak liburuekin harreman izatea… gainontzeko gehigarria da.


Eta zenbakiek ematen dute? (Badakit galdera topikoa eta ankerra dela)

GQ: Lehen esan bezala, biziraupena da. Guk beti esaten dugu erronka pertsonala dela. 9-10 ordu lan egiten ditugu eta erdia kobratu eta justu xamar ematen du. Hilabetez hilabete goaz, abenduan gora egin, urtarrilean jaitsi, otsailean oraindik gehiago… eta gero lautada idor bat igarotzen dugu. Urtea tourreko etapa baten grafikoa bezalakoa da, gora eta behera. Urtez urte, eta horrela. Eta arrakasta, hala deitu ahal bazaio, gure lanari esker lortzen dugu. Ez hobeak edo okerragoak garelako. Alfonsok dioen legez, ez du gehiagorako ematen.

AT: Liburu-denda gure bertute eta gabezien islada da, eta horregatik lortu dugu arrakasta.

Zer lizentzia du lokalak, liburu-dendarena, tabernarena?

GQ: Danetarik, hainbat epigrafeko lizentzia dugu. Liburu-denda, kafetegia, eta beste hainbat kontu.

Udalek euren araudietan jasotzen al dute egungo liburu-denda batentzako moduko lizentziarik?

GQ: Ez. Sekulako anabasa da, ez baitago informazio argirik. Galdetzen genuen lekuaren arabera, erantzun ezberdina ematen ziguten. Ohikotik ateratzen denez, nahasgarria da, eta oso zaila.

AT: Nik uste babes lege bat behar dugula. Negozio eredu berriak daude eta askoz ere malguagoa izan behar luke araudiak. Zerbitzu bakoitzari eskaintzen zaion metro karratu kopurua adierazi behar da orain, zehaztasunez gainera. Zentzugabea da zeharo.

Liburu-dendan 10 ordu sartzen dituzue. Nork irakurtzen du? Zein da perfila?

GQ: Denetarik dago. Nano da horietako bat (Liburu-dendara sartu berri den bezeroa. Barran dago garagardo bat edaten) beti etortzen da; liburu bat erosi, zerbait hartu… Aurreiritzi asko daude: “Malasaña auzoa, jende gazte asko, aizu hipsterren inguruko artikulu bat egiten ari gara… elkarrizketatu nahi zaituztegu”, eta gero badatoz hona eta emakume edadetu bat topatzen dute bilobarentzat liburua erosten. Beste auzo batzutan bizi den jende asko ere etortzen da liburu bila. Denetarik dago. Adin batez bestekoa uste genuena baino handiagoa da, egiari zor. Gutako inor ez zen auzo honetan bizi eta hemen adineko irakurle asko bizi da.

alfonso tordesillas, gonzalo queipo, librería, liburu denda, Madrid, Madril, tipos infames
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude