The Road, eta gertatuko balitz zer?

MTQ2MQ==

Hasi eta zuzenean konturatzen zara: gauzak oker doaz. Mundua jausi egin da, gudu nuklear batek dena suntsitu du, ez dago jatekorik eta jendea edozer egiteko prest dago bizirauteko. Gauak eta egunak bereiztea zail gertatzen da eguzkiak lainoak nekez gainditzen baititu, eta badirudi iluntasun horrek giza instintu doilorrenak azaleratu dituela.

Errealitaterik gordinenean, gaiztoenean, biziraupen instintuak moralari irabazi eta geratzen diren giza-talde gehienak kanibalismora bihurtu dira. Gudu osteko anarkian, ihes egin eta bide egokia bilatzeko hautua egin dute familia bateko senideek; aitak (Viggo Mortensen) eta semeak (Kodi Smit-McPhee). Tira, pentsatzen jarrita, zer gertatuko litzateke herrialde boteretsuenak gudu nuklear bat hasiko balute? Eta zer guduaren ostean? Corman Mcarthy-k balizko aukera bat erakutsi zuen bere “The Road” eleberrian, aukera beldurgarri bezain errealista. Gizakiok, muturreko egoeretan denaren gainetik gure burua jartzen dugula aski ezaguna da, horretan datza biziraupen instintuak. Hori ezin hobe dago islatua, bai eleberrian, bai pelikulan; hain zuzen, horregatik dira biak hain kilikagarriak.

Pelikula hau pare bat faktorek bihurtzen dute ikusi beharreko. Batetik Javier Agirresaroberen argazki lan bikainak. Ezin hobe girotu du eibartarrak Mcarthyk eleberrian plasmatutako inguru eta atmosfera apokaliptikoa, ez du lekurik utzi esperantzarentzat behe-laino artean. Bestetik Viggo Mortensen bikain batek. Eraztunen Jauna egin zuenetik antzezte lan onena egin du Mortensenek. Zinemara joanez gero ez zarete damutuko.

Irudia | The Road | t.r | Creative Commons By SA
faboritoak, hollywood, javier-agirresarobe, kritika, pelikula, The Road, zinema
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude