[Zine Kritika] The House That Jack Built

[Zinema Kritika] The House That Jack Built –

Zuzendaria: Lars Von Trier

Urtea: 2018

Herrialdea: Danimarka

Jacken etxean izan naiz sarri, eta ez ninduke harrituko zu ere handik pasa izan bazina. Oso ondo ezagutzen dut Jack, ingeniaria, teknikaria, kartesiarra, nartzisista. Oh Jack! Koitadua! Zenbat sufrimenduk eraman zaitu zauden tokira? Zenbat zama daramazu lepoan? Zenbat ezin ulertu, ezin ikusi, ezin argitu? Jack, perfektutasunaren zama jasanezina da bai, badakit, ez da gizatiarra, munduaren eta edertasunaren oreka zure eskuetan egotearen ardura ez da bidezkoa, gehiegi da. Baina Jack, non dago gupida? Non errukia? Eta maitasuna? Umoreak salbatuko gaituela diote, baina umorea, zuritzeko bide bat besterik ez da askotan. Dramak gainditu ondoren datozelako algarak, norberarenak, eta besteenak direnean orduan eta gehiago.

[Zinema Kritika] The House That Jack Built

Umore beltzez betea dago Lars Von Trieren azken lana, umore beltz, garratz eta korrosiboa, soilik zintak azaltzen duena ulertzen duenak biziko duelako lehenengo pertsonan azido honek hezur-mamian egiten duena. Besteak algara egingo dute, eta ez da gutxiagorako ere, filmak egoera zoro eta patetikoenetara eramango gaituelako Jacken eskutik.

Von Trierrek azken lanean bere buru eta karrerari buruzko erradiografia biografikoa erakutsiko digu, positroi bidezko tomografia, azaleko azken zelula epiteliarra agerian utziko digu, benetako biluztea izango da, ia pornografikoa erakutsiko diguna.

Artea miresten duen emoziorik gabeko artista frustratu bezala deskribatuko da. Etxea eraiki nahi duena, bertan bizitzeko akaso? Nork daki, artea maite duelako agian, ez dago argi. Etxea eraiki nahi du, ingeniaria bada ere, bera arkitektoa sentitzen delako, artista. Baina etxea eraikitzea zailegia da, perfektua izan behar du, eta perfektutasuna ez da edonoren esku dagoen apeta. Osterantzean etxea ezin eraiki duen zinemagilea topatuko dugu, maitasunik lortzen ez duen arkitektoa, sentimendurik sentitzen ez duen teknikaria. Baina eraiki ezin duen etxera gonbidatuko gaitu, bere ezintasun guztiez baliatuz gu gutxiesteko, mesprezatzeko, akabatzeko. Hau delako funtsean deskribatuko zaigun drama, katarsi moduan irudikatua.

Von Trierek atsekabetzen duten zioen dekalogoa aurkeztuko digulako, infernuzko pertsonaiaren bitartez, Jack, “Hit the road Jack and don’t cha come back…” Decameron ezin pertsonalagoaren bitartez eramango gaituelarik, infernuzko bizitzatik hasita, infernu bertaraino.

Filmak kameraren erabilera ezin interesgarriagoa egingo du, eskuan jasandako plano bortitzak eskainiz, urduritasuna, perfekzio eza eta ezin egona helaraziko digutenak, Matt Dillonek ederki antzeztutako Jackek duen desoreka obsesibo konputsiboaren adierazle. Mina gainditzeko bi modu daudelako askotan, nor bere buruari mina eragiten diona dago, minak, nolabait, mina neutralizatu ahalko balu bezala, eta mina nor bere buruari beharrean besteei eragiten dienarena, gure protagonistaren kasuan bezala.

Zintak erreferentzi ugari izango ditu, erlijio, literatura, artea eta zinemagintza zuzenean izendatuz. Bertan azalduko dira zuzendari zein protagonistaren idiosinkrasiaren oinarriak, sendotasunak eta ahuleziak. Ez da zinta erraza, ez liseritzeko, ez hausnartzeko ere ez, erronka hutsa da, oinazetik datorren diskurtsoa, bere buruaz beste egiten duen sormen lanarena. Protagonista filmean zehar lagundu eta erantzuten dion pertsonaiak esaten duen bezala, Verge (Bruno Ganz), “ihes egin nahi duzu, alde egin, perfektutasun eza guzti honek gogaitzen zaitu, ez duzu maitasunean sinesten, baina egiten duzun bidean aztarna uzten duzu, jarrai zaitzaten, nolabait aurkitua izan nahiko bazenu bezala.”

Hau izango da gu, ikusle soilon patua Jacken etxera hurbiltzen garenean, bere tranpan sartzea. Egiten dizkigun iruzur eta gezur guztietan erortzea, harrapa gaitzan, ez duelako garbi jokatzen, ez dago irtenbiderik Jacken etxean gaude, bere arauak dira jarraitu beharrekoak. Infernuan sartu gara berarekin batera, eta ez da inor bizirik irtengo.

[Zinema Kritika] The House That Jack Built

[Zinema Kritika] The House That Jack Built [Zinema Kritika] The House That Jack Built

Zer duzu buruan “[Zine Kritika] The House That Jack Built”-ri buruz

  • Azkenik, artikulu normal bat Zuzeun, propaganda itogarritik at.

    Ikaragarria filmea, bere esanahirik literalenean, zuzendariaren ildoan. Idatzi honengatik ez balitz ez nintzateke ezta ohartuko ere bere lan berriaz.