[Kafe Aleak] The Beach Boys “Pet Sounds”

[Kafe Aleak] The Beach Boys “Pet Sounds” –

[Kafe Aleak] The Beach Boys "Pet Sounds"

.

The Beach Boys

“Pet Sounds (Capitol, 1966)

.

Animalien soinuak

“Pet Sounds” (The Beach Boys, 1966) diskoa, eta bereziki, “I Just Wasn´t Made for These Times” kantua entzun bitartean idatzitako pasarteak.

.

Inozoa

Txundigarriak dira Brian Wilson Beach Boys taldeko abeslariak hondamen mentaleko hamarkaden ondoren ahopean esandako hitzok: “Uste dut poparen garaia iragana dela. Izan ere, nor izango da gai gu liluratzeko Phil Spectorrek egin zuen bezala?… Musikak pot egin du. Inozotasunarenak egin du”.

[Kafe Aleak] The Beach Boys "Pet Sounds"Brian Wilson, poparen ikonoa-aitzindaria-biktima, eta bere musikarekin jendeari negarra eragiteko gaitun bitxia duena, erotuta dago eta horrelako atrebentziak esateko ausardia du. Tira, atrebentziak baino, argitasunezko txinpartak, oporren zati handi bat txundidura eta lobotomiaren artean ematen duen buru baten txinpartak.

Ez da hau poperako garaia; ezta inozotasunerako ere. Kontua da gaur egungo popak zerikusi gutxi duela eguzkiak beti argitzen zuen Kalifornia hartan Wilson anaiek, lehengusu batek eta lagunak jotzen zutenarekin. Gaur egungo musika hainbat gauza izan daiteke -azidoa, dotorea, perfektua-, baina sekula ez inozoa.

Aldiz, pop musikak, duela berrogei urte jaio zenean, ezin gardenago eta ezin argiargo, inozotasuna gordetzen zuen. Orain badago jolasten denik mundua Shirelles taldearen “Baby, It´s You” kantuaren leloaren erdian pausatu dela sinestera, eta horri popa esaten zaio. Baina hori ez da pop musika. Hori beste edozein gauza da: simulakro revival-zale bat, nostalgiazko itxurakeria, imitazio faltsu bat… baina inolaz ez popa.

Hortaz, “jendea maitatua sentiaraziko zuen musika” jo nahi zuela aldarrikatzen zuen hark, begiak pixka bat zabaldu eta laburzirkuitutako neuronen nahaspila baten artetik egunaren argia bezain garden ikusten du dena: hemen inozotasunak ez du lekurik, ilusio hutsa da. Inozotasunari tximeletaren hegalei bezala gertatzen zaie, hurbildu, ukitu eta tximeletarik ez dago. Orain gutxi arte bai, hiru minutuko kantu bikainetan bildu ahal zen; orain, ezta hori ere.

Munduan inozotasuna izan ala ez izan, beti dago jendea, gutxi, errealitatearen eraginik ez duena. Miraria. “I Just Wasn´t Made for These Times” (Ez nintzen garai hauterako jaioa izan) abesten zuen Brian Wilsonek, esaterako. Inozoegia eta popegia. *

.

* Ez naiz erantzutera ausartzen. Nolanahi ere, ederra litzateke testua berrirakurtzea hamar urte barru eta nire buruarekin erabateko desadostasuna agertzea. Horrek esan nahiko luke posible dela beste bat izatea, etengabe erratzeari esker bada ere.

_________________

.

Nostalgikoa

Goiko testua Gara egunkariko Mugalari gehiagarrian argitaratu zen 2002ko urrian. Hamar urte geroago berriro irakurri dut testua. Ez zait gustatu tonua, argudioa ere ez. Neure burua ere ez. Honako hau dio testuak: dagoeneko ezinezkoa da popa egitea popa inozoa delako, eta inozotasuna ezinezkoa da orain (2002ko orain hartan), ez zen hala Brian Wilsonek kantuak idazten zituenean, bakarrik eta lekuz kanpo sentitzen zenean.

.

Atenporala eta desegokia

Argudioaren ahula, ezagunegia zaidan tonu sutsuz eta nostalgikoz erabilia, akats tipiko batetik datorkio: kontu objetiboa da -popa zer den- eragin subjektiboarekin -popak nigan sortzen dituen sentipen eta sentsazioak- nahastea. Horrekin jarraituz, inozoa al da berez popa? Jarraitzen dut “I Just Wasn´t Made for Those Times” entzuten. Ez dut kontzentratzerik lortzen: ahots-polifonia finen urregintzak nagoen tokitik erauzi eta pop musikaren linbora eraman nau. Abestiz aldatu dut, argudio berria eraikitzeko asmoz (neure artean bederatzi urte barru eutsiko ote diodan galdetzen dudan bitartean). Gauza bera gertatzen zait: melodia berriak pop musikaren linbora narama berriro.

Bigarren kantu hori “Posponías” da. “Monologo interior” diskoko kantu bat da. Single taldearen kantu hori duela zenbait hilabete agertu zitzaidan eta zalantza eragin zidan, zein disko aukeratuko ote nukeen testu honetarako. Mail baten bitartez heldu zitzaidan larunbat goiz batean. Aurreko gauean ez dakit zertan, inaugurazio batean edo kontzertu batean, topatu nuen lagun batek bidali zidan. Bertan betiko esaldiak esan genizkion elkarri: “Aspaldiko!”, “Zerbait hartuko al dugu?”, “Bai, ez. Orain ezin dut”, “Bai, hobe ez. Neu ere oso estu nabil”.

“Posponías” eta “I Wasn´t Made for These Times” kantuek istorio ezberdinak kontatzen dituzte (hitza eman eta hitza jaten duen munduko gizon bat; desira duen nerabe bat, baina munduak asebetetzen ez duena). Bestelako garaiez ari dira, heldu ez direnak eta helduko ez direnak, eta sentipen berbera deskribatzen dute, tokatu zaien garaiari egokiten ez den subjektuarena. Hiru minutuz, bi kantuok pop musikaren burbuilan murgiltzen dute entzulea. Ez da nostalgikoa, ezta inozoa ere, entzulearen ezinegon existentziala baretzeko gaitasun bitxia du, eta ez dio jaramonik egiten denboraren iragaiteari.

Miren Jaio (1968, Bermeo) Arte kritikaria

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] The Beach Boys “Pet Sounds”