Tenplarioak Euskal Herrian

Tenplarioak Euskal Herrian –

Tenplarioen Ordena Militarra 1118an sortu zuten Lur Sainduan Jerusalemera zihoazen erromesak babesteko asmoz. Borrokalari apartak omen ziren eta horretaz gain diru-mailegu handien kudeatzaileak. Botere handia bildu zuten eta horrek Europako errege, printze eta handikien bekaitza piztu zuen. Batzuen ustez, ama-lurrarekin loturiko erritoak praktikatzen zituzten eta hori izan zen euren etsaiek XIV. mendean, zabaldu zuten arrazoietako bat ordena ixteko, tenplarioak torturatzeko eta hiltzeko, eta haien altxorra ebatsi ahal izateko. Tenplarioez mintzatzean ainitzetan errealitatea eta legenda nahasten dira. Euskal Herrian ere izan ziren, musulmanen aurka borrokatzera etorri ziren eta luzaz bizi izan ziren gure artean, batez ere, Nafarroako erresumaren lurraldeetan.

Tenplarioak Euskal Herrian

1.- Europa zaharreko sineste eta gurtzeak

Europa zaharrean, hau da, paleolito aroko Europa hartan, bazen herri bat kontinente osoan zabaldurik zegoena, antolamendurik gabeko herria, ehizatik eta fruituak biltzetik elikatzen zena. Gaur egun, genetikaren bidez frogatu dutenez, egungo euskaldunok herri horren adarretako bat gara. Herri horrek bazuen bere mintzaira, egungo ikerlariek protoeuskara deitzen dutena, eta bazituzten beren sineste naturalistak, ainitzetan tokian tokikoak zirenak. Errekak, ibaiak, mendiak, zuhaitzak, eguzkia eta ilargia, izarrak eta lur bera sakratutzat hartzen zituzten eta opak egiteaz gain, lehen erritoak sortu zituzten.

Izadiaren funtsa emankortasuna izanik, lurraren indarrak gurtzen zituzten eta Europa osoa bete egin zuten amatasuna, emetasuna eta emankortasuna irudikatzen zituzten, gaur venus paleolitikoak deitzen ditugun irudi eder eta bitxi horiekin. Lurra, ama-lurra, zen gurtzen zutena, eta behin eta berriz, sortzeko eta pizteko duen berezko ahalmena.

Neolitoan, hozberoa aldatzean, europar zaharrek bizimodua beste era batera antolatu zuten, leize-zuloetako aterpe eta saindutegi zirenak abandonatuz, eta txabolak eta eraikin megalitikoak lur azalean eraikiz. Laborantza eta nekazaritza sortu ziren eta horiei begira antolaturiko egutegi, bizimodu eta gizarte berria eratu zituzten. Mundu-ikuskera berria edo arras moldatua jaio zen, pittaka-pittaka naturalismotik animismora pasatuz.

Naturalismoarekin, izadia eta bere elementuak sakratuak ziren, animismoarekin berriz, ez dira natura eta bere osagaiak berez sakratuak direnak, horietan bizi diren izaki magikoak, numenak, jeinuak, jainko-jainkosak baizik. Lurraren pertsonifikazioa Mari, Maria edo Maia zen, Eate haizearena, Sugaar tximistarena, Ostots trumoiarena, Inguma loarena… eta abar. Indarren ikur zaharra, bai Europan eta bai izarbel osoan, gurutzea zen, lotan diren indarren sinboloa, eskuin alderantz edo ezker alderantz bortizki mugitzean balore ezberdinetako esbastikak (biburuak, hiruburuak, lauburuak, zortziburuak, biribilak edo karratuak…) sortzen dituena.

Indoeuroparrek beste mundu-ikuskera ekarri zuten, arren edo gizonezkoen indarretan oinarriturik zegoena. Emetasuna ez zen balore nagusia haientzat, arkeriaren zerbitzura zegoen errealitatea baizik. Metalak ekarri zituzten eta Europaz nagusitu ziren. Erresuma gerlariak osatu zituzten nonahi eta Europako kultura zaharra azpiratu eta suntsitu zuten.

Hala eta guztiz ere, mundu zaharreko aztarnek indarrean jarraitu zuten kontinente zahar osoan, eta indoeuropar herriek sineste, ohitura eta baita protoeuskararen hitz ainitz onartu zituzten beren kulturetan. Latina dugu horren lekuko garbia. Luzaz pentsatu dugu hitz zahar ainitz euskarak latineratik hartuak zituela, eta garbi dago horrelako franko badirela, gehienbat beraiek ekarritako ekoizkin edota kontzeptu berriekin loturikoak, baina izan badira beste hitz ainitz latinak eta beste mintzaira indoeuroparrek Europan aitzinatzean nagusi izan zen kultura zahar aurre-indoeuropar hartatik hartu zituztenak. Nik multzo horretan: bizi, (h)atxa, bi, sei, arbola… eta horrelako hitzak sartuko nituzke.

Arg: Contando Estrelas

Protoeuskara deitzen duguna, ziur aski, euskara (euskera…) deitzen zen, garai zahar haietan euskara izan baitzen gure arbaso zaharrek mintzaira edo hizkuntza erraiteko erabili zuten lehen hitza. Horregatik gainerako mintzairei erdara edo erdera deitzen diegu, hau da, erdizkako mintzairak.

Erromatarrek hasieran eta kristauek gero, sineste eta ohitura zaharretatik zetozen gauza ainitz onartu behar izan zituzten, eramoldatu ondoren, prefosta! Gurutzea hartu zuten ikur gisa, bi arrainez osaturiko ikur zaharra baztertuz. Jakin badakigu, erromatarrek ez zutela gurutzea erabiltzen inor hiltzeko, T (taua) itxura zuen tresna baizik. Kristauek abilki jokatu zuten Europa osoan zabaldurik zegoen gurutzea bereganatzean, horrela sinkretismo baten bidez, sinesmen berriak errazago zabaldu ahal izan zituztelako. Gurutzeak mundu-ikuskera zaharrean, osotasunaren berri ematen zuen, bere lau besoen bitartez, izate osoa hartzen baitzuen bere baitan.

Gauza bera gertatu zen Jesukristoren amaren izenarekin. Biblian Miriam deitzen zena, bat-batean eta misterioski, Maria deitzera pasatu baitzen, hau da, Europa osoan paleolito arotik amatasun, emetasun eta emankortasuna irudikatzen zituen venus edo jainkosa zaharraren izena bereganatuz, hau da, ama-lurrarekiko gurtzea berrartuz eta arramoldatuz.

Solstizio eta ekinozioekin loturiko sinesmen zaharrekin antzeko zerbait egin zuten. Europa zaharrean uste zuten neguburuan, urtero, eguzki berria jaiotzen zela, hori da Eguberria (eguzki berria), eta sineste zahar hori bereganatuz, Jesusen jaiotza ezarri zuten data horietan. Udaberriko ekinozioan, hau da, bedatsearen piztea gurtzen zuten egunetan, ihote, ihaute, inote, inaute zaharra zuten ehortzi eta haren tokian garizumaren arabera asmatutako karnabala edo inauteria (inaute + eria) ipini zuten, hori bai –eria atzizki negatiboaz jai hori txarra eta bekatuarekin lotua zela ongi adieraziz. Udaburua, hau da, ekiaren momenturik gorena (eki + gaina) zuten baztertu eta haren ordez, San Joan edo Donibane gaua jarri zuten. Eta amaitzeko, udazkeneko ekinozioa arras aldatu zuten. Sineste zaharren arabera, tximista, inhazia, ortziria, suzko herensugea, Sugaar, edo Sugoi, deitu izan duguna gurtzen zuten europar zaharrek. Horren ordez, San Migel ezarri zuten data horietan, hau da, herensugea hil zuen saindua.

Eta gauza bera egin zuten neguko errito guztiekin. Arbaso zaharrek makilez lurra kolpatzen zuten lurra iratzar zedin eta bere golkoan bizi zen eguzkia lur azalera berriro azalduz  lurra berotu zezan. Baziren errito eta egun ugari horretarako. Kristauek, gainera, istorio berriak asmatu zituzten kultu zaharrak ahaztarazteko, halanola: santomasak, Agate Deuna… eta horrelakoak.

Kultu zahar eta teluriko hori beti izan da europarren kulturan atxikirik, izen batez edo besteaz mozorroturik, eta Erdi Aroan, 1118tik 1314ra, sortu eta zabaldu ziren tenplario izeneko fraide-gerlariek antzinako kultu horietatik hartutako gauza ainitz berpiztu zituzten. Lurra irudikatzen zuten amabirjina beltzak gurtu zituzten, eta ehorzketak, ahozpeka, hau da, aurpegiak lurra ukituz, egiten zituzten. Ez zuten zeruarekin loturiko amabirjinez edo ehorzketez sinesten.

Halaber, izarren bide zaharrak, Izarlandako bidea (geroago kristauek Done Jakue bidea birbataiatu zutena) horietako bat izan zelarik, ezagutzen eta erabiltzen zituzten haien elizak, kaperak, egoitzak eta saindutegiak indargune horietan eraikiz; eta mendi, oihan, trikuharri eta beste eraikin megalitiko zaharren gerizpean, eta haien indarrei begira, kokatu zituzten haien eraikinak. Iduriz, ama-lurraren kultu zaharra berpiztu nahi zuten.

Tenplarioak Euskal Herrian

2.- Tenplarioen historia laburra

1096an Urbano II.a aita sainduak Lehen Gurutzada deitu zuen, Jerusalemen jabe ziren seljuktarren aurka. Hiru urte berantago, hau da, 1099an, gurutzatuak Jerusalemen sartu ziren.  1118an, Hugo de Payns-en gidaritzapeko bederatzi zaldun frantsesek Tenpleko Ordena Militarra sortu zuten hiri saindura joaten ziren erromesak babesteko asmoz. Balduin IIa Jerusalemeko erregeak ahalak, ondasunak eta lurrak eman zizkien, baita Salomonen tenplu zaharra ere aterpe gisa. Hortik datozkie tenplario izena.

1129an eliza katolikoak tenplarioak ofizialki onartu zituen Troyesko kontzilioan. San Bernardo Clairvaux-ekoa izan zen ordenako arauak idatzi zituena. Pobretasun eta kastitate botoak egiten zituzten eta Maisu Nagusia zen haien buru gorena.

1139an, Inozentzio II.a aita sainduaren garaian, aita sainduen agindu zuzenaren pean geratu ziren eta ordenak ondasun handiak jaso zituen Europako mendebaldeko errege eta handikien aldetik.

Gurutzadetan parte handia hartu zuten eta Lur Sainduan gotorleku ugari zituzten eraiki. Finantzazko teknika berriak asmatu eta bideratu zituzten, gaurko banku modernoen antzera, eta horri esker, haien altxorra izugarri handitu zen. 1291n, Donibane Akrekoa hiria galdu ondoren, Palestina utzi behar izan zuten betiko, eta Europako herrialdeetan zabaltzeari ekin zioten. Europako errege eta printzeek ondasun handiak eman zizkieten, haien itsas-armada antolatu zuten  eta hiri eta portu zenbait haien agindupean zeuden. Horien artean, Arroxelako (La Rochelle) portua.

Harrigarria da, tenplarioen bidez Europara iritsi zen zilar eta urre kopuru ikaragarri handia, ordura arte kontinente zaharrean ez zegoena. Baina nondik? Badira zenbait idazle tenplarioak alkimisten sekretuen jabe zirela eta metala eraldatzeko gai zirela erraiten dutenak. Beste zenbait idazleren irudikoz, Arroxelako portutik tenplarioen itsasontziak Ameriketara joaten ziren eta handik etengabean ekartzen omen zuten zilarra eta urrea. Feniziar eta kartagotar zaharren itsas bideak eta baita bikingoenak ere ezagutzen omen zituzten teoria honen defendatzaileen arabera.

Modu batez edo besteaz, gauza da Europako errege, printze eta noble ainitz zordun zirela tenplarioekin eta nekez itzul ziezaieketela maileguz utzitako dirua. Horietako bat izan zen Frantziako Filipe IV.a. Hori dela eta, 1307an, eta kolpe azkar batez, Frantzian ziren tenplarioak -Jacques de Molay maisu nagusia barne- atxilotu, torturatu eta heresiaz, sodomiaz, paganismoaz eta beste hainbat kontuz salatu ondoren, surtara eraman zituen. Jukutria horri esker Filipe IVak Frantzian ziren tenplarioen altxorra bereganatu zuen (berea halako hiru zena) eta zuen zorraz libratu zen deus ordaindu gabe. Jukutria horretan Filipe IVak Klemente V.a aita sainduaren laguntza izan zuen momentu oroz, tenplarioen botereak aita sainduen aginteari itzal handiegia egiten zielakoan.

Tenplarioak Euskal Herrian

3.- Tenplarioen aztarnak Euskal Herrian

Lehen tenplarioak XII. mendean etorri ziren Nafarroako erresumara musulmanen aurkako borrokan aritzera. 1131n, Nafarroako eta Aragoiko errege zen Alfontso Iak, bere testamentuan, erresuma utzi zien herentzia gisa Hilobi Sainduko, Tenpleko eta Ospitaleko ordenei. Iruñean ez zuten testamentua onartu eta Gartzia Erramirez ezarri zuten errege.

Gartzia Erramirezen garaian, Nafarroako erresuman ondasun handiak eman zizkieten tenplarioei, Tuteran, Fontellasen, Castejonen, Novillasen (gaur Aragoikoa den herria), Ribaforadan, Aberinen, Zintronikon, Funesen, Garesen, Uranzian…  Tenplarioek Done Jakue bidearen zaintza hartu zuten eta horren inguruan azpiegitura aberatsa sortu, Aberinen, Ribaforadan, Garesen, Saguesen, Astrainen, Zarikiegin, Undianon, Obanosen, Lizarran, Etxabarrin, Esterkuelen, Buñuelen, Cortesen, Zaren, Eslaban, Artiedan… eta abar.

Frantziako Filipe IVa Nafarroako Joana I.arekin ezkondua zen eta hori dela eta, Nafarroako errege ere bazen, Filipe I.a izenarekin. Azken hau hil zelarik, haien seme Luis Hutin izan zen Nafarroako errege berria eta laster debekatu zuen  Tenpleko Ordena Nafarroako erresuman eta haien ondasunak konfiskatu zituen. Sugearen umea sugekumea diogu euskaraz.

Zoritxarrez, ez dago datu handirik Gaztelaren menpeko euskal lurraldeetan ziren tenplarioei buruz, baina izan, izan ziren, eta ikerketa berrien zain egon beharko dugu funtsezko zerbait erran ahal izateko. Biharko ikerlari gazteek zehazkizun gehiago atzemanen dutelakoan nago.

Badira zenbait ikerle Eunateko eliza tenplarioek eraikia izan zela erraiten dutenak, eta horretarako tenplarioek, Jerusalemeko Hilobi Sainduko eliza kopiatuz, haien elizetan egiten zuten zortzi aldeko oinplanoa aipatzen dute, baita bertan zizelkaturik azaldu zaizkigun harginen ikur eta marrazkitxo bereziak ere. Egia erraiteko, teoria hau ez da oso ziurra, tenplarioek Nafarroako erresuman zituzten ondasunen zerrendan ez baita horren aipamenik agertzen.

Julian G. Atienzak 1979an argitaratu zuen La meta secreta de los templarios (Tenplarioen xede sekretua) izeneko liburuan Eunateko Andra Maria eliza erromanikoa tenplarioek XII. mendeko bigarren erdialdean egina dela defendatu zuen. Horretarako elizaren oinplano oktogonala aztertu zuen, alde horien ertzak mapan luzatuz, Euskal Herriko eta inguruetako hainbat leku magikoetaraino iristen zirela erakutsiz, Zugarramurdira, Berako egoitza tenplariora, jadanik sakratua zen Lurdara (Lourdes), Aragoiko sorginen Turbon mendira, Demanda mendikatera, Kantauriko leize-zuloetara… eta abar.

Atienzaren ustez, Eunateko kokalekua ongi pentsatua zen, garai zaharretatik ezagutzen zituzten ur korronte geologiko-telurikoen eremuan. Eremu horretan kokatzen omen dira iparretik hegoaldera, Lesaka eta Oiartzunen artean dauden eraikin megalitiko garrantzitsuak, Leitzako eta Ezkurrako trikuharriak, Aralar mendikatea, Iruñea, Eunate… eta horrela Monkaioraino. Ekialdetik mendebaldera, berriz,  eremu berezi honek honako lekuak hartzen ditu bere gain: Aneto, San Juan de la Peña, Leire, Eunate, Arabako eraikin megalitikoak, Kanpezu, Bilar, Guardia, San Vicente de la  Sonsierra eta abar.

Atienzak ere aipatu liburuan Torres del Rioko Hilobi Sainduaren eliza erromanikoa aipatu eta aztertu zuen. Jakin badakigu, 1160 eta 1170 urteen artean tenplarioek eraiki zutela Done Jakueren bidean, eta zortzi aldeko oinplanoa duela.

Jaizkibel mendian, Olearso izeneko muinoan, bada baseliza bat Guadalupeko amabirjina beltzari eskainia. Hainbat ikerlariren ustez, Olearsoko amaren irudiak badu zer ikusirik tenplarioekin, beltza delako, hau da, tenplarioek errito telurikoekin gurtzen zuten amabirjina beltza izan daitekeelako. Lurraren pertsonifikaziotzat hartzen omen zuten. Kontatzen denez, Hondarribiko arrantzaleek itsasoan flotatzen topatu omen zuten, eta zenbait ikerlarien ustez, tenplarioek haien itsasontzietako branketan, espoloian jartzen zituzten irudietako bat izan daiteke.

Iduriz, tenplarioak oso lotuak ziren paleolitotik datozkigun errito naturalista zaharrekin, ama-lurra gurtzen zuten amabirjina beltzen irudian, indargune telurikoak hartzen zituzten kontuan beren elizak eta egoitzak egiteko orduan, eraikin megalitikoak ere kontuan hartzen zituzten, Izarlandako Bidea (Done Jakueren bidea) hartzen zuten ardatz gisa, ehorzketak ere lurrari begira egiten zituzten… Kristauak ziren, giristino fedekoak, zalantzarik gabe, baina kultu eta sineste zaharren iturrietatik ederki edaten zekitenak.

Tamalez, Euskal Herriari dagokionean, ezin dugu gauza gehiago lerro hauetara ekarri, izan badira ikerketa zehatz eta aberatsak, baina tokian tokikoak. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian izan ziren tenplarioei buruz deus gutti dakigu, arestian aipatu bezala, baina izan baziren, eta ikerlari gazteek ikerketa berriak egin beharko dituzte, horrela egun hurbil batez, hipotesi berriak plazaratzeko gai izan gaitezen. Gauza bera gertatzen zaigu Iparraldearekin, ez baitugu datu askorik ezagutzen.

Anartean, gogora ekar dezagun tenplarioen jarduna eta Euskal Herrian emandako urratsen oroitzapena.

Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian Tenplarioak Euskal Herrian

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Tenplarioak Euskal Herrian”-ri buruz

  • joseba aurkenerena 2021-07-04 08:27

    Barkatu idaztean egin dudan okerra. Biblian Jesusen amari ematen zaion izena ez da Mariam, Miriam baizik.