Tabakalerari buruz 2

mtx1.jpg
Batzuk pentsatzen genuen, hala ere, behin halako eraikuntza bikaina edukirik, komenigarria litzatekeela bederen halako zentzu logiko bat ematea geure-geureak ditugun erakunde kulturalei, izan nazional, probintzial edo munizipal. Alegia, Arteleku, Koldo Mitxelena, Biblioteka Nazionala, Filmoteka, Donostiako Zinemaldia… denak elkarren alboan jarri eta norabide berean bultzatzeko ahaleginean saiatu, nor berean ibili gabe. Programa bateratu bat antolatu. Baina ezetz esan zaigu behin eta berriz, ez dela hori, ez dela hori. Askoz gehiago dela Tabakalera. Pozten gara. Baina nola izan daiteke askozaz gehiago kultur produktuen demandarik ez badago inon? Koldo Mitxelenako erakustaretoa dugu adibide. Erakusketa bikain askoak antolatzen dira bertan, baina hilabetearen buruan apenas joango zaizkizu 2000 pertsona baino gehiago, erdiak artistaren lagunak eta familiakoak gainera. Zertarako egin eskaintza kultural kategoriakorik? Zenbat jende agertu da orain arte Tabakalerak berak egin dituenetara? Zenbat diru gastatu da, zenbatentzat? Organoak funtzioa sortuko duelakoan? Xabier Lakak esaten duen bezala, zaldiak ez badauka egarririk, alferrik jarriko diozu alboan ur garbiz betetako aska bat. Ez du edango. Gure instituzioek ez dituzte erabiltzen eurenak diren bideak kulturarekiko egarririk pizteko (telebista, eskolak…). Ereiten ez bada, nola jaso uztarik? Hala ere, logikoa lirudike gure tresna publikoen elkartze bat egiteak, nolabaiteko logistika bakar bat ezarri ahal izateko. Baina nola jarriko ditu, esaterako, Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Diputazioak, Odon Elorzaren eskura bereak (oso bereak) dituen instituzioak? (Arteleku, Filmoteka, Koldo Mitxelena, Biblioteka Nazionala…). Zergatik utzi Odoni berea ez den zerbaiten argazkietan agertzen? Eta alderantziz ere bai, ez baita ahaztu behar Donostia Kulturak indarra duela zine kontuetan, batez ere. Politikariak badakigu, ederki jakin ere, nolakoak diren halako gauzetan. Gainera, bistakoa da, kontu bat dela Tabakalera bezalako katxarro bat martxan jartzeko aurrekontua adostea eta beste bat, oso ezberdina, programazio on bat urtero betetzeko beharko lukeen dirua. Nola adostu horiek guztiak, behin eta berriz? Nola abiarazi antzeko inbertsioa bat (berez, diruen aldetik, defizitarioa izango den zerbait), berme politiko erabatekorik gabe? Ez, ez dago argi nora goazen eta, batez ere, nora garamatzaten, finean haraxe iritsiko baikara: eurek nahi duten lekura. Nora, baina?
(Jarraituko)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)