Tabakalerari buruz 1

mtx25.jpg
Ixilik dago asuntua aspaldion, baina aurki suspertuko da ostera: Tabakalerarenak ezin du gehiago itxaron, baldin eta urte askorako atzerapena ez badu jasan nahi. Eraikuntzaren adjudikazioa eta abar, azkar batean behar dira erabaki, aitzinatu nahi bada. Ordea, aitzinatu, norantz? Izan ere, orain arte egin diren bi jendaurreko nagusietan, gauza aski orokor eta zehazgabeak esan baitira, intentzio mailako adierazpen hutsak: ikusentzunezkoen zuzpergarri nahi duela izan, ez dela museo izango, arte plastikoak, zientziak, gastronomiak, diseinuak, pentsamentuak … edukiko dutela leku, eta abar. Dena bertan sartu ahal balitz bezala. “Etorkizunerako apustu kultural estrategikoa” dela, alegia. Pena ematen digu aitortzeak, baina Tabakaleraren proiektuak ezin ditu berdindu gaur egunean egiten diren antzeko ekipamenduen inbertsioetarako arrazoiak. Iñaki Esteban irakaslearen El efecto Guggenheim irakurtzea aski da, dioguna ulertzeko:

1- Tabakalerak ez du hiriko gune gainbeheratu bat jasotzen lagunduko, kokatu dagoen lekua ez baita egundo izan gune beheititu (deprimitu) bat. Alde horretatik ezin du errepikatu Bilboko Guggenheim edo Londreseko Modern Taterekin gertatutakorik.

2- Tabakalerak ez du hiriaren (Donostiaren) konfiguraketa urbanoa eraldatuko, gutxi edo asko, eraikuntzaren txukuntze bat baita egin beharrekoa, eta ez Gehryrena bezalako eraikuntza ikoniko bat.

3- Tabakalerak ezin ditu eragin behar besteko onura ekokomikoak gainerako sektoreetan, turismoan eta abarretan, ez baititu aurreko bi baldintzak betetzen eta bere bokazio aitortua (oraingoz) ez baita kulturgintzari “barnetik” laguntzea baizik.

Zer dator, orduan? Estebanen liburuan argi esaten da gaur egunean halako inbertsioak egiten badira, ez direla izaten kulturagatik. Beste zerbait izaten dela xedea, ekonomikoa batez ere. Hitzez hitz sinesten dut nik hori, politikoei kultura bi kontugatik bakarrik interesa dakiekela, alegia: propagandagatik edo onura ekonomikoagatik. Kultura bultzatzen badute, kulturaz bestelako onurengatik baizik ez dela izaten. Azken finean, berdin diola edukiak, edukiontzia dela funtsezkoa. Gogora dezagun hastapenean, Josu Jon Imaz Industria Sailburu zeneko proiektu bat dela jaiotzaz, arte plastikoak eta ikusentzunezkoen industria bat egiteko asmoarekin sortua. Handik hona ez du atertu, baina jar gaitezen pentsatzen eta bil ditzagun, esaterako, gurean diren bi arlo kultural-ekonomiko horietako jende onenak. Zer egiteko? Azken finean, dvd bat, programa informatiko bat, telebista programa, erakusketa edo bestelako estandarren bat egiteko elkartuko lirateke. Dirutan zenbat balioko luke egindakoak? Nork erosteko? Non eman edo erakusteko? Nork kontsumitzeko?… Ez dago demografia askirik, eta nekez lehiatuko lirateke gainera, munduan diren gainerako lekuetan lortzen diren produktu kulturalekin.

(Jarraituko)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Tabakalerari buruz 1”-ri buruz