Susan Meiselas

Susan MeiselasSusan Meiselas 1948an Amerikako Estatu Batuetan jaiotako fotokazetari aparta da. Magnum Photos agentziako kidea da aspalditik, eta duela gutxi topatu ditut bere argazki erreportaje bikainak. Baltimore hirian jaio zen (bai, The Wire telesaila garatzen den tokia), eta Harvarden ikasi zuen arte bisualaren inguruko master bat. Beste behin ere egin nuen idatzi bat fotokazetaritza hizpide, eta argi utzi nuen ez naizela batere jantzia gai honetan, larru gorritan irudiei begira sentsazioak dauzkan ikuslea naiz; eta Meiselasen lana erakargarria egin zait zinez.

Bere lehen lan potoloa Carnival Strippers izan zen, Ingalaterra Berrian jaialdi ezberdinetan stripperrei egindako argazkiekin. Azpimarratzekoa da atera zituen irudiez gain, protagonistak elkarrizketatu eta audioak argazki liburuari atxiki zizkiola. Fotokazetaritzaren barruan gerra esparruan ere lan egin zuen, eta oso irudi esanguratsuak lortu zituen Nikaraguan, sandinisten iraultzan. 70eko hamarkada amaieran ibilki zen herrialde ertamerikarrean, eta garai hartan oso ezaguna egin zen Molotov man argazkia egin zuen, besteak beste. Beranduago Salvadorren ere egon zen gerraren gordinari bere kameratik begira, eta besteak beste, herrialde hartako gobernuak Mozoten egin zuen sarraskia irudikatu zuen. 1992an Meiselas Kurdistani begira jarri zen, Golkoko gerrak piztutako testuinguruan, eta beste lan bat argitaratu zuen bertan egindako irudiekin, Kurdistan: historiaren itzalean.

Gerrarekin lotutako fotokazetaritzaz gaindi, New York hiriko kaleak goitik behera zeharkatu zituen argazkiak eginez; baina erdigune urbano handi horietaz haratago, Estatu Batuetako hegoaldean komunitate beltzak bizi zuen egoera islatu zuen, baita milaka hegoamerikarrek muga zeharkatzeko bizi behar izan zutena.

Fotokazetari aparta, murgildu bere web orrian eta ikusi Historia profesional baten begiradapetik.

Susan Meiselas

Zer duzu buruan “Susan Meiselas”-ri buruz

  • Asko estimatzen dut Susanen lana.
    Irlandan erosi nuen 2. eskuko liburu batean ezagutu nuen, El Salvadorreko gatazkaren inguruko liburu latz batean. Horren ondoren Nikaraguari buruzko liburua erosi nuen, ber-editatu zuenean.