Su txikiaren goxoan hasi, eta dena kiskali arte

Su txikiaren goxoan hasi, eta dena kiskali arte

Su txikiaren goxoan hasi, eta dena kiskali arte
Su txikian antzezlana ostiralean estreinatuko dute, Soreasu antzokian, Azpeitian. Areto horretatik ez oso urruti, udaletxeko ganbaran, lanaren mamia dastatzeko aukera izan genuen atzo zorioneko batzuk. Agertoki berezia genuen zain, elipse forman bilduta jarri gintuzten, bi ilara aulki perimetroan. Su txikian-ek kronika politikoa dakar oholtza gainera, Txillarren loratu eta T4an lurperatu zen tragedia politikoaren kontakizuna. Negoziazio prozesuari buruz argitaratu diren liburuak irakurri dituzuenoi ezagun egingo zaizue.

Ganbarako eszenatoki soilera egokitutako lana eskaini dute bart, biluzia esan daiteke. Jantzien ordez, kamiseta beltzak (pertsonaien izenak idatzirik), fokuen aldean oinarrizko argiztapena, ezta antzerki oihalik ere. Baina, gainerako elementuen gainetik, datozen emanaldiekin alderatuta sinbolo bat zegoen faltan, protagonista bat hain zuzen: mahaia. Txillarrekoa, Oslokoa, Genevakoa eta Loiolakoa.

Soiltasuna irudimenez zukutu eta mahaiaren papera ganbarako aulkiek hartu dute. Ikusleen artean jesarri eta sigi-sagan ibili dira protagonistak: Otegi eta Egiguren, baita Dañobeitia, Urkullu, Imaz, Ares, Urrutikoetxea eta “Thierry”.  Zortzi lagun horiek dira negoziazioetan partaide, bakoitza bere estilo, ardura eta beldurrez blai. Antzezlanean, diskurtso politiko zurrunen gainetik, distira egiten dute pertsonaien arteko elkarrekintza gizatiarrek. Apaltasun eta konplizitatetik, harrotasun eta bortxara. Negoziazioak amaitu ziren bezala amaituta, liskarrek eragingo dituzte publikoan tentsio une garaienak (soinuak eta musikak paper garrantzitsua du, nahitaez). Ez galtzekoak dira berriz, negoziazioan lekuz kanpo dagoen Aresen irteera umoretsu bezain zekenak.

Elkarrizketa politikoez eta pertsonalez gain, negoziazioen testuinguruan gertatutakoen kontaketa egokia dakar Su txikian lanak, ikuslea kokatze aldera. Irailaren 11ko eta martxoaren 11ko atentatuak, Ibarretxe planaren onarpena, Egunkariaren itxiera edo Aritxulegiko etakideen irteera, esaterako, adierazpen errealekin edo simulatuekin agertzen dira.

Lehen aipatu ez badut, orain nabarmentzeko izan da. Su txikian-eko pertsonaia interesgarrienetakoa ezezaguna zen gizon bat da: Pello Rubio, Txillarre baserriko jabea. Norbaitek sufritzen baditu negoziazioen porrotak eta kalean gertatzen diren atxiloketa zein atentatuak Rubio da. Antzezlanaren ikuslearen konplizea da: umorea darabil politikaren hotzari su goxoa emateko, Egiguren eta Otegiren harremana leuntzeko. Aldi berean gertakizun lazgarrien kateak etengabe nahasten dute Rubio, etengabe ilusioak zapuztuz baitioaz, herritarrei gertatu bezala.

Txillarreko su txikian hasitakoa in crescendo doa, errealitatean bezala, antzezlanean. Biren arteko txinpartak, nazioarte eta estatu mailako afera bilakatzen diren heinean, pertsonen arteko harreman gaiztotu bihurtzen doaz, kontrolatu ezinezko su. Dramatismoak goia jotzen du protagonistak prozesua amildegi ertzean daudenean. Idatziak izanagatik, pertsonaien arteko harremanen keinuek (bostekoak, begiradak, ahopean hitzak, distantzia motzean pizten diren txinpartak…) aberasten dute ikaragarri negoziazio prozesuen kronika. Finean, dokumental antzeztua da Su txikian, gure herriak bizi izandako drama politikoa, hezur-haragitan.

———

Zuzendaria:

Galder Perez

Konpaininia:

Glu glu ekoizpenak

Aktoreak, pertsonaia nagusiak:

Joxemari Carrere, Jesus Egiguren

Gabriel Ocina, Arnaldo Otegi

Patxi Gonzalez, Pello Rubio

Martxelo Rubio, Josu Jon Imaz eta “Thierry”

Ugaitz Alegria, Iñigo Urkullu

Mañu Elizondo, Rodolfo Ares eta Josu Urrutikoetxea

Libe Aranburu, Olatz Dañobeitia

Informazio gehiago:

HamaikaTB

 

 

antzerkia, Kultura, politika
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude