Sautrela programa berezia: 2014ko uzta literarioa

Sautrela programa berezia: 2014ko uzta literarioaPrograma berezi batekin emango diogu hasiera urte berriari, 2014. urtearen errepasoa egingo dugu eta mahai-inguru baten bidez: zeintzuk izan dira 2014ko literatur albiste nagusiak? Zeintzuk argitalpen nabarmenenak? Gabeziak? Korronte sendoenak? Ez dirudi printzipioz aurreko urteetako gisako obra erraldoirik (Twist , Martutene eta beste) argitaratu denik igaro berri den urtean, baina benetan horrela izan da? Egon al da akaso medioek jaramon handirik egin ez dioten baina nabarmentzea merezi duen obrarik?

Horretarako hiru gonbidatu ekarriko ditugu mahaiaren bueltara. Jasone Osoro, idazle ezaguna izateaz gain Idazleen Elkarteko Lehendakari izendatu dutena joan den urtean. Juan Luis Zabala Berriako kazetari eta idazlea, zeinak gure literaturaren egunerokoa jarraitzen duen artez. Azkenik, Sautrelako lankide Beñat Sarasola idazle eta kritikaria, normalean iraganeko liburuez mintzatzen bazaigu ere, oraingoan 2014koei buruz ariko zaigu.

Ez dira ugariak izan Sautrelaren historian egin diren mahai-inguruak. Berrehungarren saioren harira egindakoa batetik, eta Durangoko Azokaren inguruko berezia bestetik. Honakoa, bada, hirugarrena izango dugu, urte oso bati errepasoa egingo dion lehena. Joan den urte literarioari neurria hartzeko parada ezin hobea eskainiko digute Osoro, Zabala eta Sarasolak.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.