Sautrela 476: Siri Hustvedt

Sautrela 476: Siri Hustvedt –

Aste honetako saioa berezia izango dugu. Alde batetik, denboraldi honetako azkena izango delako. Urte latza izan da Sautrelarentzat Hasier agurtu behar izan dugulako, baina saioaren jarraipena izan da haren omenezko gure egintza zinezkoena. Bestetik, berezia izango da halaber saio monografikoa prestatu dugulako denboraldia agurtzeko. Siri Hustvedt izango dugu gurekin eta ohikoa baino elkarrizketa luzexkagoa egiteko aprobetxatuko dugu. Nobelagile eta saiogilea, azken urteotan gero eta aitortza handiagoa ari da hartzen bere lanak, hala Europan nola Estatu Batuetan. Jatorri suediarrekoa, Minnesotan jaio eta txikitatik izan zuen arte eta humanitateekiko jaidura. Hainbat nobela argitaratu du orain arte, eta saiogile gisa, artea, literatura eta neurozientziak izan ditu aztergai. Bere azkeneko lanean, A Woman Looking at Men Looking at Women-en, gai horiek jorratzen dituen azken urteotako artikuluak bildu ditu. Giza-gogoa, psikoanalisia, arte garaikidea, feminismoa… ugariak dira lantzen dituen gaiak. Horien inguruan mintzatuko zaigu elkarrizketan, beste zenbaitez gain.

Hustvedten ikerkuntzaren ezaugarri nabarmenetakoa dugu nola gurutzatzen dituen humanitateak eta zientziak. Elkarrekiko arrotzak diruditen bi mundu horiek uztartzen ditu artez, eta horren harira, humanitateen eta zientzien arteko harremanaz hitz egingo dugu erreportajean. Juan Ignacio Perez Iglesias biologoak eta Agustin Arrieta filosofoak azalduko digute zertan diren bi mundu horien artekoak. Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu orobat, esan bezala, aurtengo azkenak.

Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, 15:00tatik aurrera, ETB1en.

Sautrela 476: Siri Hustvedt

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 476: Siri Hustvedt

2 pentsamendu “Sautrela 476: Siri Hustvedt”-ri buruz

  • SAUTRELA ekainarekin joan zitzaigun.
    ETB zuen kultur telesaiorik interesgarriena eta… bakarra!!!!
    Galdera da ea BETIKO desagertu zen ala itxaropenarekin segitu beharko genukeen.
    Inoiz itzuliko dea?

  • Hau bai harritzeko moduko berria gaurko BERRIAn!

    “Ez asaldura masiborik, ez kexa kolektiborik. Ez da halakorik izan BERRIAk duela hamar bat egun inguru jakinarazi zuenetik ETBk programaziotik kenduko zuela Sautrela literatur saioa. Horrek berak neurtu eta defini dezake kultura sorkuntzak oro har, eta literaturak kasu jakin honetan, egungo gizartean duen itzalaren tamaina. Sare sozialetan egindako ohartarazpen, kexa eta pena aitortza bakan batzuk baino ez”

    Goiko galdera duela hogei egun egin genuen arte, ezta BERRIA bera ere ez zen ohartu ez asaldatu Sautrela-rik ez zelako.

    Alegia, “horrek berak neurtu eta defini dezake kultura sorkuntzak oro har, eta literaturak kasu jakin honetan, egungo gizartean duen itzalaren tamaina”?